Orixe BHI-ko ikasleak garaile Hi Gazte! Lehiaketan

Ataria 2023ko urt. 27a, 11:58

Ikus-entzunezko euskarazko edukiak sortu eta sareratu dituzte ikasturteko lehen lau hilabeteetan. Bi erronka irabazteaz gain, Sari Nagusia ere eskuratu dute.

Asteazkenean, Hi Gazte! lehiaketaren bigarren edizioaren (2022koa) sari banaketa ekitaldia egin zuten Donostiako Tabakaleran. 2022ko lanik originalenak saritzeaz gain, egitasmoan parte hartu duten gazteek bertatik bertara gozatu ahal izan zuten Julen Portillo tiktoker-aren, Iratxe Aguilera Kai Nakai musikariaren, Etxepe musika taldearen eta zenbait dantzariren zuzeneko emanaldiekin.

Gipuzkoako ikastetxeetako ikasleek, taldeka, lau bideo ekoiztu behar izan zituzten ikasturteko lehen lau hilabeteetan. Hala, ikastetxe bakoitzak erronkan aurrera egiteko kategoria bakoitzeko bideo onena hautatu eta lau bideoz osatutako sorta onena aurkeztu zuen. Kategoria bakoitzean eta baita finalean ere, bideo biralenak, atsegite gehien eduki dituztenak eta epaimahaiaren puntuazio altuenak eskuratu dituztenak izan dira sarituak. Erronka nagusiko talde garaileak, 1.000 euroko sari nagusia irabazi du, erronka bakoitzeko berriz, 100 eurokoa izan da saria.

Lehen desafioan, #challenge erronkari egin behar izan zieten aurre taldeek. Horretarako, haien gustuko edozein erronka aukeratu eta errepikatu behar izan dute, beraien mugikorrekin grabatu eta ondoren sareratu. Musikaz eta dantzaz beteriko erronka ezagunenak errepikatu dituzte, eta azkenean Elgoibarko ikastolako ikasle taldea izan da saritua, 100 eurorekin.

Ondoren, #kuxkuxean kategoria egokitu zitzaien. Bigarren bideo horretan gazteek kazetari lanetan ibili behar izan zuten, eta inguruko herritarrei 10 galdera egin behar izan zizkieten. Bigarren erronka horren bideo onena Azpeitiko Iraurgi ikastetxekoek egindakoa izan da; kasu honetan ere 100 eurorekin saritu dute taldea. 

Hirugarren erronkan, gazteen gustuko bideo bat aukeratu eta itzuli egin behar izan zuten. Mugikorrekin bertsio berria grabatu eta sareetan #euskober traolarekin zabaltzea izan da erronkaren helburua. Hirugarren desafio horretan Tolosako Orixe institutuko taldea izan da irabazlea eta 100 euroko saria jaso du.

Azkenik, laugarren eta azken desafioan talde bakoitzak bere herria erakutsi behar izan zuen #kristontourra traola erabiliz. Talde bakoitzak herriaren bira laburra, gustuko duten txoko bat edo ibilaldi bat jasotzen duen bideo laburra grabatu eta sareratu behar izan zuen. Laugarren erronka horretan ere Tolosako Orixe institutuaren lana saritu dute, 100 eurorekin.

Sari nagusia ere Tolosako Orixe institutuak jaso du, egindako lan bikainagatik eta euskarazko edukiak biral egiteagatik; 1.000 euro saria irabazi du ikasle taldeak.

Erreferente euskaldunen garrantzia

Erronka guztietan parte-hartzaileek sare sozialen bitartez partekatu dituzte sortutako edukiak. Sormen, talentu eta kalitate handiko lanak jaso dituztela aitortu zuten antolatzaileek: «freskoak, gaur egun sarean pil-pilean dabiltzan edukiak euskaraz lagunartean ekoiztuta. Gazteek gustuko duten diziplina jorratu dute askotariko ikus-entzunezkoen bueltan. Eta hori guztia, aisialdian eskuartean erabiltzen duten mugikorrarekin». 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak, lurraldeko hezkuntza sailarekin elkarlanean, abian jarritako egitasmoa da Hi Gazte!, 14 eta 16 urte bitarteko Gipuzkoako gazteen artean euskarazko ikus-entzunezko edukien sorkuntza, hedapena eta kontsumoa sustatzeko. Eider Mendoza Aldundiko gobernantza diputatuak ikus-entzunezkoen garrantzia bultzatu eta azpimarratu zuen asteazkeneko ekitaldian: «Euskararen etorkizuna bermatzeko ahalegina egin behar dugu. Belaunaldi berrien artean, bereziki pantailak eta sare sozialak dira edukiak kontsumitzeko euskarri nagusia. Testuinguru horretan, beraz, funtsezkoa da haur eta gazteen ikus entzunezko erreferente eta erreferentziak euskaraz aritzea», azpimarratu zuen.

Hi Gazte! egitasmoaren arrakasta goraipatu zuen Mendozak, eta balioan jarri zuen Gipuzkoako gazte gehiagorengana iristeko ahalmena. Azken edizioan, 14 ikastetxetako 1.200 nerabe euskarazko ikus-entzunezkoen munduan murgiltzea eta euskarazko edukiak lantzera eta sare sozialen bidez partekatzera animatzea lortu dute. «Tekla egokiak ukitzen ari gara. Oso modu naturalean, euskaraz beren eduki propioak sortzen dituzte parte-hartzaileek eta, gainera, oso ongi pasatzen dute ariketa horretan. Osagai guzti horiei esker, ekimena eraginkorra izaten ari da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!