Inmakulada Lanbide ikastolak hiru urte daramatza Singular proiektua lantzen. Mendeko pertsonei gizarte eta osasun arreta ematea ahalbidetzen duen ziurtagiria lortzen da horren bitartez, eta Interneten erabilera eta aplikazioak, euskara eta berdintasunari buruzkoak ere lantzen dituzte formazioa jasotzen dutenek. Inmakuladaren eskaintzak badu berezitasunik, izan ere, zaintzaileen eta etxeko langileen ordutegietara moldatuz, asteburuan ematen dute ikastaroa. Ikastetxetik azaldu dutenez, arrakasta handia du proiektuak eta gustura daude ematen ari den emaitzekin.
Zainketa alorrean beharra zegoela sumatuta jarri zuten martxan duela hiru urte, "etxeko lanetan eta adinekoen zaintzan diharduten pertsonen gaitasunak, lan baldintzak eta laneratzea hobetzeko helburuarekin batetik, eta bestetik, adinekoen eta mendekotasuna dutenen bizi kalitatea hobetzeko". Ana Monje zentroko zuzendariak azaldu duenez, etxeko langileek lanean jarraitu ahal izateko eta kontratua edukitzeko ziurtagiri baten beharraren ondorioz sortu zen: "Ziurtagiria lortu ahal izateko formazioa eskaintzeko langileen lan ordutegiak egokitu ditugu, asteburuetan eskainiz, eta horretan izan gara aitzindariak".
Formazioa ez dela ziurtagiria lortzera mugatu azaldu du Monjek; "ordu batzuk ere eskaini ditugu gutxieneko euskara maila bat izan dezaten, izan ere, erronka handia daukagu gai honetan, eta badakigu oraindik ere asko dugula egiteko". Landu duten beste alorra digitalizazioarena izan da. "Etxeak ere geroz eta digitalagoak ditugu, eta etxeetan lan egiteko gutxieneko batzuk behar direla ikusi dugu, hala nola, Whatsapaz gain, e-maila, artxiboak erregistratzea eta tableten erabilera. Guzti hori bermatzen ari gara formazioan". Gainera, lantzen duten beste "ardatz nagusia" generoa, berdintasuna eta orientazioa dela gehitu du Monjek.
Ikastetxeko zuzendariak esan duenez, emaitza "oso onak" lortu dituzte, eta "oso pozik" daude. "Formazioa jaso duten gehienek euren lanpostua bermatu ahal izan dute. Euren lanak kolokan zeuden, kontratua izateko ziurtagiri hori behar zutelako. Beste kasu askotan lanpostu berriak lortu dituzte, eta horietako batzuk helduen zentroetan ere hasi dira lanean".
Monjek nabarmendu du ikasleak ez dituztela soilik curriculumean inplikatzen. "Euren ikaste prozesuan gizarteari zerbitzu bat emanez ere, beraien garapen pertsonala garatzen dugu, eta horrelako proiektuak oso garrantzitsuak dira gizartearekiko konpromisoa barneratzeko". Tolosako Udaletik jasotzen duten "babes handia" eskertu dute Inmakulada ikastetxetik, eta herritarren beharretara zabalik daudela azpimarratu dute: "Urtero 50 pertsona inguru formatzen ditugu, eta norbaitek pertsona bat behar badu etxeko lanerako edo zainketarako gurekin jar daiteke harremanetan, lan poltsa bat baitaukagu".
Olatz Peon Tolosako alkateak, bestalde, Lanbide Heziketaren gaitasuna nabarmendu du: "inguruan duen errealitateari modu zuzenean erantzuten dio, eta Inmakulada ikastetxea horretan eredu izan da, ez soilik proiektuan berrikuntzak bultzatzen dituelako, baizik eta aztertzen dituelako zeintzuk diren beharrak eta formazioa horretara bideratzen duelako".
Era berean, zaintzaren gaia "gizarte ongizatearen sustapenean lehentasunezko gaia" dela azaldu du; "biztanleriaren zahartzea erronka handia da, eta horregatik, derrigorrezkoa da estrategia bateratuak izatea eta elkarlanean aritzea". Enpleguaren sustapena ere "lehentasunezko beste alor bat" dela gaineratu du Tolosako alkateak. Hain zuzen, bi alor horiek uztartzen dituela pertsona zaintzaileei zuzendutako eta Inmakulada ikastetxean eskaintzen den prestakuntza proiektuak azpimarratu du Peonek, eta esan du Gipuzkoan eredutzat hartzen dutela. "Apustu estrategikoa izan zen, Tolosako Udalak hasieratik eman dio babesa proiektuari eta ematen jarraituko du aurrerantzean".