Tolosatzen Eskola Irekiaren autozainketa tailerrean izena emateko epea zabaldu dute

Ataria 2023ko urt. 27a, 07:57

Datorren astelehenean hasiko da ikastaroa, saio guztiak euskaraz izango dira eta izen ematea doakoa da.

Tolosatzen Eskola Irekiak 2023ko lehen seihilekorako berriki aurkeztutako egitarauak zaintza eta emozioen lanketa ditu oinarri, eta horri lotuta, iaz burututako Zaintzaileak zainduz programari emango dio jarraipena ongizate emozional eta autozainketa tailerrak. Azken hau zaintza arloan lan egiten duten pertsonei zuzendutako tailerra izan zen eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzaz arduratzen diren pertsonen ongizate fisiko zein emozionala hobetu eta bermatzea izan zituen helburu.

Aurtengo tailerrak, ordea, autozainketan eta ongizate emozionalean jarri du azpimarra. Helburua da tailerretako parte-hartzaileei beren burua zaintzeko, autoestimua hobetzeko eta beren emozioez jabetu eta horiek partekatzeko espazio atsegin eta lagunkoia eskaintzea. Tailerrak hamabostean behin eskainiko dira, talde txikitan, parte-hartzaileei konfiantzazko giroa eskaintzeko.

Iaz bezala, ongizate emozionalean, emozioen lanketan eta mindfullnes-en aditua den Saioa Garmendia izango da tailerraren gidaria eta berak, emozioen kudeaketarako eta autozainketarako gakoak emango dizkie parte-hartzaileei, hauek egunerokotasunean erabil ditzaten.

Izen ematea zabalik dago, doakoa da eta parte hartzeko nahikoa da esteka hau betetzea. Lehen saioa datorren astelehenean, urtarrilak 30, izango da. Saio guztiak euskaraz izango dira eta Iturriza Elkartean (Alondegi plaza) egingo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!