Tertulia literarioa izango da Galtzaundiren orain arteko irakurketa taldea

Jon Miranda Labaien 2023ko urt. 26a, 07:57

Izendapen aldaketarekin, talde irekia, irakurzale guztiei zabaldua dela eman nahi du ezagutzera eskualdeko euskara taldeak; urtarrilaren 31n egingo dute lehen saioa Tolosako kultur etxean

Euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko helburuz hilean behin saioak antolatzen ditu Galtzaundi euskara taldeak eta irakurritako liburuaren inguruan hitz egiteko eta hausnartzeko biltzen dira irakurleak. Aspaldiko urteetan Yurre Ugarte idazle tolosarrak dinamizatzen du saioa, eta bere esanetan, bertaratutako irakurleen artean beti sortzen da tertulia. «Orain izena aldatzea erabaki dugu, baina dinamikak bere horretan jarraituko du. Irakurle taldea deitzen genion, eta konturatu ginen zerbait itxia denaren irudipena eman zezakeela izenak. Justu kontrakoa da, ordea. Edozeinek parte har dezake, baldintza bakarra liburua irakurtzea da», dio Ugartek.

Urte asko dira horrelako saioak sustatu izan dituztela Galtzaunditik eta Ugartek aipatu du Tolosan biltzen dena oso talde dinamikoa dela. «Tertulia batek bizitasuna izan dezan, partaide bakoitzak egiten duen ekarpena garrantzitsua da eta gure kasuan ez da inoiz moteltzen giroa. Hain irakurketa diferenteak egiten ditu kideetako bakoitzak, ez garela inoiz ateratzen saiotik ñabardura berririk jaso gabe». Ugarteren esanetan sekula ez dira bi tertulia berdin ateratzen, nahiz eta liburu bera izan aztergai: «Jakingo bagenu zertara gatozen zer izango litzateke? Meza bat? Justu kontrakoak dira gure tertuliak, aldiro zerbait berria dira».

Askotariko liburuak

Idazle tolosarra arduratzen da tertulia literarioa dinamizatzeaz eta berak egiten du irakurgaien aukeraketa. «Fikzioa izaten da ohikoena, baina esparru horretan aukera oso zabala dago. Mota eta forma askotako liburuak daude eta aukeraketara aniztasun hori eramaten saiatzen naiz, beti ere tertulietan parte hartzen duten irakurleen feed-back-a jaso ondoren». Dinamizatzailea saiatzen da  urtean behin poesia, antzerkia, saiakera eta euskal literaturako klasiko bat irakurtzen. Aurten adibidez, Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako landuko dute.

«Generoaren irizpidea ere oso kontuan hartzen dut aukeraketa egiterakoan. Aurreko udazkenean, adibidez, Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea, Olga Tockarzurken Erabili goldea hilen hezurren gainetik, Ane Labaka eta Bea Egizabalen Erradikalak eta Leire Bilbaoren Scanner leitu genituen», azpimarratu du Ugartek.

Lehengo hitzordurako saiakera bat aukeratu dute aurten: Iñigo Martinez Peñaren Mandamendu hipermodernoak. Tertuliara batzen diren irakurleek liburuaz hitz egin ahal izango dute datorren asteartean, urtarrilaren 31n, 19:00etan Tolosako kultur etxean. Tarteka liburuaren egileak ere gonbidatuko dituzte saioetara, eta otsailerako dagoeneko egin diote gonbita Lander Garrori. Bere azkeneko nobela Faith izenekoa aztertuko dute.

Bihar literatura saio musikatua Topic-en

Literatura emanaldi musikatu egingo dute bihar, Tolosako Topic aretoan 19:00etan, Lizardi kultur elkarteak eta Galtzaundik antolatuta. Joseba Sarrionandia eta Joxe Mari Iturralderen arteko elkarrizketa literarioa izango da Yurre Ugartek gidatuta. «Ez da amu askorik behar bi hauek hizketan jartzeko. Duela 45 urte sortu zen Pott bandako kideak dira biak, eta besteak beste, talde horrek euskal literaturan izan duen eraginaz gogoetatzen jarriko ditugu», esan du Ugartek. Gerturatzen direnek ere izango dute aukera bi idazleei galderak egiteko. «Saioa ezin biziagoa izango da».

Sarrionandiak eta Iturraldek, bi testu errezitatuko dituzte eta Xabier Lizardiri egingo diote erreferentzia, besteak beste. Ekitaldia girotzeko pianoarekin Iñar Sastre arituko da eta Anne Etchegoyen abeslariak kantuak eskainiko ditu. 
Ekitaldirako sarrerak Galtzaundiren egoitzan eskuratu ahal izango dira 8 euroan. Astelehenetik ostegunera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.  Ostiralean goizez bakarrik izango dira salgai. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!