Hamar domina eskualdeko atletentzat Euskadikoan

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 25a, 11:58

Pasa den asteburuan Donostiako Belodromoan maila absolutuan pistako Euskadiko Atletismo Txapelketa egin zen. Guztira hamar domina lortu zituzten eskualdeko atletek, horietatik hiru urrezkoak, bi zilarrezkoak eta bost brontzezkoak.

Urrezko dominetako bat Real Sociedad taldeko Ander Martinez de Rituertok irabazi zuen 5,10 metro saltatuz. Atletiko San Sebastian taldeko bi atleta izan ziren beste bi urrezko dominak lortu dituztenak. Maria Lasa irurarrak 1.500 metroko lasterketa irabazi zuen 4.34,54rekin, bere markatik oso gertu. Maria Navascues tolosarrak 3.000 metroko proba irabazi zuen 10.50eko markarekin.

Zilarrezko dominetako bat Bidasoa Atletikoko Eunate Martinez de Rituerto tolosarrak lortu zuen altuera jauzian 1,70 metro saltatuz eta marka pertsonala eginez. Beste zilarrezko domina Real Sociedad klubeko Joseba Larrauri irurarrak lortu zuen, 200 metrotan 21,79ko markarekin. Larraurik ere beste domina bat lortu zuen, hau brontzezkoa, 60 metroetan 6,99 marka eginez. Bidasoa Atletikoko Mario Estanga tolosarrak ere brontzezkoa lortu zuen, pertika jauzian 4,40 metro saltatuz.

Brontzezko beste hiru dominak Tolosa CF-ko atletek lortu zituzten. Nora Ituartek 200 metrotan eskuratu zuen domina, 25,35 markarekin. Lizeta Okomok pisu jaurtiketan lortu zuen, 11,43 metrorekin. Julen Martinek, berriz, 60 metro hesietan lortu zuen, 8,42ko markarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!