ELKARRIZKETA

«Gogoa duen edonork parte hartu dezake Oreka taldean»

Endika Apalategi Labayen 2023ko urt. 25a, 16:00
Aitor Sorarrain Oreka Tolosa slackline taldeko kidea

Aitor Sorarrain, Oreka Tolosa slackline taldeko kidea da pandemia hasi zenetik. Bertan, highline, midline eta waterline modalitateak praktikatzeaz gain tela, trapezioak eta akrobaziak ere egiten dituzte.

Zer egiten duzue Oreka Tolosa slackline taldean?

Oreka Tolosa slackline taldea, slackline kirola gustatzen zaigun Tolosako gazte batzuk osatzen dugu. Kirol honenganako zaletasuna genuen sei pertsona geunden Tolosan, eta denok elkartuz elkarte bat sortu genuen kirol hau indartu ahal izateko eta denen artean errazagoa egiteko.

Leku finko bat edukitzeak, zer aukera berri ematen dizkizue? Orain arte non ibili zarete zuen praktikak egiten?

Lehen, leku itxi bat izan aurretik, eguraldi ona egiten zuenean, hemen inguruko parkeetara joaten ginen entrenatzera, eta zuhaitz tarteetan sokak jarrita entrenatzen genuen. Horrek, udaberrian eta udan entrenatzera mugatzen gintuen. Orain, Tolosako Udalak Ferialekua kirol instalazio modura jarri du, eta boleibol eta gimnastika erritmikoaz gain, guri ere leku bat eman digute slackline, telak, trapezioak eta akrobaziak egin eta garatu ahal izateko.

Azalduko ahal zeniguke zuen egutegia zein den topaketa eta lehiaketa aldetik?

Udara bukaeran, Waterline izeneko jaialdia antolatzen dugu. Espainiako Slackline jaialdi bakarra izaten da, eta 15 soka jarrita 100 partaide inguru etortzen dira. Gehienak nazionalak, baina internazionalak ere etorri ohi dira. Bestalde, munduko highline errekorra 2.700 metroko luzeran egingo da aurtengo urtean. Guk pixka bat urruti ikusten dugu hori, horretarako material pila bat behar izateaz gain, maila altuko tresneria behar baita. Horrelako zerbait egiteko gogo handia dugu, baina aurrekontua falta zaigu. Guk egin dugun handiena 500 metroko luzerakoa izan da, eta gure asmoa kilometro bateko highline soka muntatzea izango da.

Zenbatek osatzen duzue taldea? Irekia al da?

Pixkana Oreka taldea handitzen doa, eta orain zortzi lagun gara. Edozein ekitaldiren aurrean laguntza behar badugu, Donostian ditugun lagun batzuekin ibiltzen gara. Taldean sartzea librea da, eskatzen den gauza bakarra konprometitua izatea da, elkarte batek bere lana baitauka kudeaketa lanak egiten, udaletxeekin hartu-emana izaten, eta egiten ditugun ekitaldiak prestatzen. Gogoa daukan edonork parte hartu dezake, eta hasi nahi duen edonork, gurekin kontaktatzea besterik ez dauka.

Ostegunetan izaten da Ferialekuan slackline praktikatzeko aukera.

Orain hasi gara ostegunetan 18:00etan ate irekiak egiten, alderdi ezberdinak praktikatzeko. Gure artean daudenak, nahiz eta profesionalak ez izan, asko dakite kirol honi buruz. Azken ekitaldian adibidez, akrobaziak eta pinoak egin genituen. Akrobazietan ibiltzen den lagun bat etorri zen saioa ematera, dena lagun artean egiten baitugu. Sare sozialetan zabaltzen saiatzen gara ostegunetako entrenamenduen ingurukoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!