Ostiralean eta larunbatean, urtarrilaren 27 eta 28an, gizonezkoen goi mailako eskubaloiaz gozatzeko aukera izango dute zaleek. Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa antolatu du Tolosa CF klubak, bere mendeurreneko eta eskubaloi atalaren 50. urteurreneko ekitaldien barruan. Lau talderen arteko torneoa izango da: Euskal Herriko talde ikurra den Bidasoa Irunez gain, Espainiako Civitas BM Guadalajara eta BM Logroño La Rioja taldeak eta Frantziako ligako bigarren mailan aritzen den Billere Pau Pyrenees taldea izango dira parte hartzen.
Iñaki Martixa Tolosa CF-ko lehendakariak taldeen maila nabarmendu du, eta Juan Martin Amiano Porta eskubaloi ataleko presidenteak gaineratu du «zerbait berezia» egin nahi zutela: «Bidasoa Irun taldearekin oso harreman ona dugu, Logroñoko taldearekin ere bai, eta Guadalajara gonbidatu dugu bertan jokatzen ari delako Haitz Gorostidi tolosarra». Izan ere, Gorostidi izan da eskualdeko lehen jokalaria Asobal ligan jokatzen, estatuko eskubaloiaren lehen mailan. «Talde frantsesarekin ere harreman handia dugu, bere garaian Aitor Etxaburu entrenatzailea izan baitzen. Frantziako bigarren mailan aritzen da talde hori, baina kontuan izan behar da Frantzian eskubaloiaren maila handiagoa dela». Txapelketa berez aurreko abuztuan egin nahi izan zuten, baina azkenean ez zen posible izan eta orain urtarrilean egiteko aukera sortu da. «Munduko Txapelketa dago jokoan egunotan, eta horrek eman digu aukera nazioarteko txapelketa hau antolatzeko», esan du Amianok. «Zentzu horretan eskerrak eman behar dizkiogu Bidasoari, asko lagundu baitigute txapelketa hau aurrera ateratzen. Bide batez, eskerrak eman antolakuntzan ari den talde guztiari».
Partidei dagokionez, ostiralean 18:00etan jokatuko da lehenengoa, Logroño La Rioja eta Billere Pau Pyrenees taldeen artean. Ondoren, 20:00etan, Bidasoa Irun eta Civitas Guadalajara taldeen arteko neurketa jokatuko da. Larunbatean, 17:30etik aurrera, hirugarren eta laugarren postua zehazteko partida jokatuko da, ostiraleko partidetako galtzaileen artean, eta 19:15ean hasiko da finala. Sarrerei dagokionez, 25 urtetik beherakoek zein Tolosa Eskubaloia taldeko abonatuek 5 euro ordainduko dituzte egun bakoitzeko. Abonatuak ez direnak 15 euro ordainduko dute egun bakoitzeko, eta bi egunetan joan nahi dutenentzako merkeago izango dute sarrera, 25 euro ordainduz.
Helburua zaleek «asteburu eder bat» pasatzea dela azaldu du Amianok, eta taldeetako partaideek, lehian aritzeaz gain, elkarrekin giro onean egoteko aukera izango dute, larunbat gauean denek elkarrekin Isastegi sagardotegian afalduko dutelako. Herritarrei gonbita egin diote Tolosa CF-tik asteburuan Usabalera joatera: «Asteburu polita igarotzeko aukera izango dute».
Aurrera begira, mendeurreneko eta 50. urteurreneko ospakizun ekitaldien barruan, emakumezkoen Bera Bera eskubaloi taldeak Usabalen partida ofizial bat jokatuko duela konfirmatu du klubak. «Otsailaren 18an izango da, Zaldunita Bezperan, eta Rioja taldearen aurka jokatuko du ligako partida», zehaztu du Imanol Esnaola Tolosa Eskubaloiko zuzendaritzako kideak.