Babestutako edukia

Kalitatezko eskaintza, ikasleen etorkizunerako

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 24a, 11:00

Ikasleek bizitzarako beharrezkoak dituzten gaitasunak lortzeko bitarteko lanak egiten dituzte Orixe Institutuan; datorren ikasturterako eskaintza zabala prestatu dute, eta guztia ezagutzeko, ate irekiak egingo dituzte otsailaren 2an, 18:00etan.

Oraindik hilabete batzuk geratzen badira ere, Orixe Institutuan jada hasi dira ikasturte berrirako prestaketa lanekin. Ate irekiak izaten dira horretarako lehen urratsa, eta Orixen badute data eta ordua; otsailaren 2an, 18:00etan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailako ikasleen gidaritzapean, eraikina ezagutu ez ezik, institutuak eskaintzen dituen zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute Orixen bere ibilbidea hasi nahi duten ikasle berriek, ez baitira gutxi.

Batetik, Orixek eskaintzen duen hautazko ikasgaien zerrenda zabala ezagutzeko aukera izango dute. DBHn eta Batxilergoan derrigorrezkoak diren irakasgaiez gain —euskara, ingelesa, gaztelera, eta abar— ikastetxeak, Hezkuntza Sailak eta ikastetxean bertan sortutako hautazko ikasgaien aukera anitza eskaintzen die ikasleei. «Ikasleei aukera zabalena ematen saiatzen gara, hori da gure baloreetako bat», azaldu dute Orixetik.

Eskaintza anitza da institutuan eskaintzen dutena, eta maila guztietara zabaltzen da, gainera. Hizkuntzekin lotutako hautazkoak dituzte, frantsesa eta Digital Comunication (Sare sozialak eta digitalizazioa ingelesez) kasu, ikus-entzunezkoekin eta informatikarekin lotutakoak IKT, bideo joko tailerra, ikus-entzunezko tailerra, artearekin eta eskulanekin lotutakoak, artisautza adibidez eta teknologiarekin lotutakoak, robotika aipatzearren.

Laugarren mailan modalitatearen araberako hautazkoak izango dituzte ikasleek aukeran, bakoitzak hartzen duen bidearen baitakoak. Hautazkotasuna ere Batxilergoan mantentzen da, atzerriko hizkuntzekin, frantsesa eta ahozkotasuna ingelesez, ikus-entzunezkoekin, artearekin —pintura— eta teknologiarekin lotutako hautazkoen bidez. Azken honetan ere, modalitatearen arabera, honi lotutako hautazkoak izango dituzte aukeran ikasleek.

Metodologia ezberdinei esker, praktikan oinarritutakoak baina teoria oinarri dutela, ikasleek etorkizunerako beharrezkoak izango dituzten gaitasunak lortzeko lanak egiten dituzte Orixen. Ikastetxean egiten dituzten proiektu eta talde lanez gain, ikastetxetik kanpoko hainbat ekintza osagarri ere maiz egiten dituzte ikasgaietan landutako edukiak sakontzeko eta finkatzeko helburuarekin. Hala nola, irteerak, tailerrak edota programa ezberdinetan parte hartzen dute, horren adibide, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen Kultura Eskola programa.

Kirolarekin lotuta eta jendearen parte hartzeari esker, herri mailan ospe handia duen abenduaren 31ko San Silvestre kros solidarioa antolatzen du Orixek, Tolosako Haur eta Lehen Hezkuntzako beste ikastetxe publikoarekin batera, Samaniegorekin, hain zuzen. Egun horretan, familien, irakasleen eta ikasleen borondatezko parte hartzeari esker, Tolosako herriari ekitaldi interesgarria eskaintzen diete.

Erasmus+

Nabarmentzeko proiektuen artean, Eramus+ programa aurkitzen da. Bertan, ikasleen arteko elkartrukeak eta mugikortasuna eta irakasleen formazioa gauzatzea dute helburu. «Iazko abenduan Eramus+ akreditazio agiria jaso genuen. Honekin datozen zazpi urteetan ikastetxeak Europan zehar egiten diren kalitate handiko mugikortasun ekintzak burutzeko finantziazioa izango dugu. Lorpen honek eragin zuzena izango du Orixeko ikasle zein irakasleengan, eleaniztasuna, inklusibitatea, digitalizazioa eta garapen iraunkorra baititu helburu».

Akreditazioa eskatzera bi arrazoiengatik animatu zirela azaldu dute: «Batetik, ikastetxeko ibilbidearen jarraipen logikoa zela ikusten genuelako eleaniztasunean jada ibilbide bat egina baikenuen, eta bestetik, hurrengo urteetan gure proiektuak aberastu eta ikasle guztiei zein irakasleei mugikortasun gehiago eskaintzea delako gure helburua».

Horrenbestez, Eramus+ programan beste hainbat berrikuntza izango dituzte datorren ikasturtetik aurrera. Horren adibide, DBH 4ko bi ikaslek atzerrira joateko aukera izango dute ikastera, lau hilabetez, irailetik abendura bitarte. «Erasmuseko programa berak ikasle guztiei baldintza berak markatzen dizkie. Beraz, hizkuntza ez ezik, errendimendu akademikoa ere lehenetsiko da. Aukeraketa egiteko garaian hori da baloratuko dena».

Eraikin berria

Etorkizunerako beste hainbat erronka ere badituzte martxan Orixen. Horien artean «potoloena» institutua berritu eta handitzea da. Proiektua duela lau urte abiatu bazuten ere, iaz hasi zituzten Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikina eraitsi eta berria eraikitzeko lanak.

Egun, Orixe institutuak elkarren ondoko bi eraikin ditu: Gorosabel eraikina eta Orixe eraikina. 1974an eraikitako Orixe eraikina da eraitsiko dena, eta haren lekuan jasoko du Hezkuntza Sailak institutuarentzako eraikin berria, orube berean. Gorosabel eraikinak, berriz, zutik jarraituko du eta Batxilergoko ikasleen gelak hartuko ditu, baina pasabide itxi eta estali batek lotuko ditu bi eraikinak.

Eraikin berriak L itxura izango du, DBH-ko ikasleak hartuko ditu eta ohiko gelez gain, bestelako gela bereziak izango dira hezkuntzak proposatzen dituen erronka eta metodologia berriei erantzuteko; musika, teknologia tailerra, laborategiak eta plastika gelak eta erabilera anitzeko gelak, besteak beste. Gainera, kanpoko guneak kirola egiteko aukera emateaz gain, atseden hartzeko espazioak egokituko dira berdegunean. Espazio berria hiru urte barru izango da erabilgarri.

DATUAK

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!