ERREPORTAJEA

Bakoitzaren sekretuak airera

Irati Saizar Artola 2023ko urt. 27a, 07:59

Vaiven konpainiaren Familia sarekada antzezlana ikusteko aukera izango da, gaur, Tolosako Leidor aretoan, 20:00etan. Familia bateko kideren batek pornografia sare bat darabilen susmoa dago, eta komisarioak banan bana galdekatuko ditu, sekretu guztiak aireratuz.

Villaorduña familiaren etxean, mahaiaren bueltan bilduko dira etxeko lau kideak, afalorduan. Familia aztoratu egingo da, ordea, Informatika Delituen Unitateko komisario Ander etxean sartu eta sarekada egiten duenean. Familiako kideren batek zerbitzari informatiko partekatu batean pornografia sare bat daukala leporatuko die komisarioak eta agerian geratuko dira familiako kide bakoitzaren sekretuak. Hortik abiatzen da Familia sarekadaantzezlana, Vaiven konpainiaren eskutik. Gaur izango da ikusteko aukera, 20:00etan, Tolosako Leidor aretoan.

Familiako giroa, hortaz, kolokan jarriko da. Nerea Gorriti da aktoreetako bat, Ander komisarioarena egiten duena, eta baieztatu du «kide guztiak» egongo direla urduri, «erruduna nor izan daitekeen pentsatuz». Hasiera batean, komisarioak etxeko kide guztiak egozten zaizkien delituen erruduntzat joko ditu, baina ikusleak pixkanaka jakingo du akusazioen oinarri diren artxiboak ez direla ziruditenak.

Lau kidek osatzen dute familia: Koldo (Mikel Laskurain) eta Monika (Ainhoa Aierbe) gurasoak dira, eta bi seme-alaba dituzte, Nora (Aitziber Garmendia) eta Aitor (Xanti Korkostegi). «Bakoitzak bere sekretutxoak izango ditu, eta sekretu horiek ondokoak ez ditu jakingo». Hortik egoera dibertigarriak sortuko direla dio Gorritik, publikoa horren jakitun izango delako. «Ikuslea, poliziarekin batera, ikertzen joango da nork egin duen ustezko delitu hori».



Gorritiren egiteko nagusia delitua nork egin duen ikertzea izango da, eta bide batez, «sekretuak agerian jartzea». Horretarako, familiako kide bakoitzari galdeketa bat egingo dio, eta «egoera komikoak» aterako dira hortik. Esaterako, «modu berezian» agertuko da Aitziber Garmendia, Noraren paperean: ez da fisikoki oholtzan egongo, pantaila baten atzean izango da, eta hortik egingo du bere ekarpena. «Pantailez eta era zibernetikoaz ari garenez, ekoiztetxeari interesgarria iruditu zitzaion pertsonaietako bat pantaila bitartez agertzea».

Probak aztertu ahala, beti sarera konektatuta egon arren, euren artean erabat deskonektatuta daudela konturatuko dira familiako lau kideak. «Zenbat eta gehiago konektatu, orduan eta gutxiago ezagutzen dute elkar, eta orduan eta gehiago traizio egiten diote elkarri».

Gaurko gaiak oholtzan

«Inkomunikazioa lantzen dugu, komunikazioaren garai honetan; sare sozialak, algoritmoak... termino horiei egiten diegu jaramon», dio Gorritik. Gaur egungoak diren gaiak eraman nahi dituzte horrela oholtzara, eta hausnarketa puntu bat eragitea asmoetako bat dela gehitu du.

«Telefonoaren eta sareen menpe gaude, eta ondokoarekin gutxiago komunikatzen gara. Sare sozialetan jartzen dugu gertatzen zaigun guztia, eta ondoan daukagunak ez du horren berri, ez dugulako denborarik hartu kontatzeko», dio.

 

Nerea Gorriti: «Sare sozialetan jartzen dugu gertatzen zaiguna, eta ondokoak ez du horren berri»



Obrak galdera bat luzatuko dio ikusleari: «Zenbateraino lotsatzen zara zeure intimitateaz algoritmoaren moral puritanoak epaitzen zaituenean?». Gai serioak kontatzeko umorea erabiliko dute, «komedia basatia» izango da. «Gauzak umorez eta beste modu batera hartzen laguntzen du barre egiteak».

ANTONIO MUÑOZ DE MESA EGILEAREN HITZAK

Familia sarekada (inorekin ez fidatzeko moduko komedia) kutsu dramatikoa duen testu komikoa da, eta gure bizitzaren isla bihurtu diren enpresa teknologiko handien algoritmoen totalitarismo puritanoa aztertzen du.

Ikuskizun hau benetako gertakarietan oinarrituta dago. Nire Google Drive-n Simon Stephensen Pornografhy izeneko ikuskizun baten bila nenbilela, algoritmoak nire familiaren dozenaka irudi, irudi pronografiko bezala etiketatu zituen.

Aldi berean, Ertzaintzako Delitu Informatikoen Unitatearekin elkarlanean ari nintzen, krimen horiei buruzko dibulgazio programa bat abian jartzeko ETBn. Eta momentu horretan, Googlek, Amazonek eta Facebookek erabiltzailearen baimenik gabe eduki digital guztia eskanteatu eta etiketatu egiten zituela zabaldu zen.

Hain distopikoa den gaia bideratzeko, komedia erabiltzen dut ikuslearekiko zubi gisa. Lan honetan, komedia, teknologia mendekotasunaren erretratu uherrarekin publikoa berraskidetzen duen baselina bihurtzen da. Umorea, algoritmoaren alternatiba gisa. Endredozko komedia, hiper etiketatutako gizarte baten elementu askatzaile gisa.

Umorearen bidez, ikuslea lekuko bihurtzen da, non enpresa teknologiko handien algoritmoek emakumearen eta haurren gorputza zigortzen duten, sexua gaitzesten duten, itsustasuna gaitzesten duten eta zuzenean pobreziari buruzko edozein erreferentzia ezabatzen duten, norberaren intimitatea eta sekretuak izateko eskubidea kriminalizatuz.

Familia sarekada (inorekin ez fidatzeko moduko komedia) beharrezkoa den komedia da, sareetan egoteagatik ordaindu beharreko prezio gisa autozentsura onartzen ari garen ikusle masa batentzat.

Sareetan ez bazaude ez zara existitzen, baina hor egoteko zure irudi autozentsuratua sortu behar duzu. Autozentsurak pobretze intelektuala eragiten du, eta hori aprobetxatuko dugu komedia tonuan erretratatzeko.

Oso interesgarria litzateke ikuskizunaren ondoren eztabaida txiki bat egitea teknologia berriekiko mendekotasunari buruz».

 

'FAMILIA SAREKADA'. FITXA.

Testua. Antonio Muñoz de Mesa.

Zuzendaria. Olga Margallo.

Zuzendarikidea. Dorleta Urretabizkaia.

Euskarazko testua. Aizpea Goenaga.

Musika. Iñaki Salvador.

Eszenaratze espazioa. Jose Tome.

Eszenografia eta atrezzoa. Monica Teijeiro.

Argiztapen diseinua. Xabier Lozano.

Jantziak. Ana Turrillas.

Aktoreak. Ainhoa Aierbe, Mikel Laskurain, Nerea Gorriti eta Xanti Korkostegi. Aitziber Garmendiaren lankidetza bereziarekin.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!