Aholku Sareko bulego berria ireki dute Tolosan

Ataria 2023ko urt. 20a, 18:00

Atzerritarrei aholkularitza juridikoa emateko, Aholku Sareko bulego berri bat zabaldu du Eusko Jaurlaritzak Tolosan.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren helburu nagusietako bat, pertsona migratzaileek beren egoera erregularizatu eta lan-merkatuan sartu ahal izatea da. Atzerritarrei juridikoki aholkularitza eta laguntza eskaintza indartzeko xedearekin, bulego berria zabaldu da Tolosan.

Irekiera berri honekin, Atzerritartasunari buruzko Laguntza juridikoaren Euskal sareak, 28 informazio-gune izango ditu euskal geografian, horietako 10 Gipuzkoan. «Pertsona migratzaileei beren bizi-exodoaren bide gogorrean laguntzea da helburua», azaldu du Beatriz Artolazabal sailburuak.

«Lan-merkatuan sartzeko oztopo burokratikoak eta legalak daude. Eta hori dela eta, Aholku Sarea; norbanakoei eta migratzaile-elkarteei  bidea lege-aholkularitza baten bidez bideratzeko, eta informazioa emateko sortu zen», nabarmendu du sailburuak. Beatriz Artolazabalek «lankidetza publiko-pribatuari» balioa eman dio zerbitzu honetan, erakunde eta elkarte askok hartzen baitute parte sarearen kudeaketan.

Artolazabalek, azkenik, «errefuxiatuentzako makrozentro masifikatuak» auzitan jarri ditu, hala nola Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak aldebakarrez iragarritakoa. «Gure ereduak gizarteratzearen alde egiten du, makrozentroetatik ihesi». Horretarako, Oñatin, Tolosan eta Berrizen hainbat gizarte-erakundek kudeatutako baliabideak hartu ditu erreferentetzat.

2022ko Aholku Sareen datuak:

  • Guztira 19.736 kontsulta egin ziren, eta beste 8.833 pertsona artatu.
  • 47 informazio-saio egin ziren atzerritartasunari eta nazionalitateari buruz, eta 1.455 pertsonak, 810 emakumek eta 645 gizonek hartu zuten parte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!