Hiribuseko txartel zaharraren erabilera martxoak 31 arte luzatuko dute

Ataria 2023ko urtarrilaren 20a

2022ko abendutik, Mugi txartela erabili daiteke Tolosako Hiribusean, eta hasiera batean,  ordura arteko txartel zaharrak urtarrilean baliogabetuko baziren ere, oraindik erabiltzaile guztiek Mugi txartela jaso ez dutenez, udalak erabaki du martxoak 31 arte luzatzea txartel zaharra erabiltzeko aukera.

Garraio publikoaren sustapenean urratsak egiteko helburuarekin, Tolosako Udalak Mugi sistemaren integrazioa ahalbidetu du Hiribusean, «udalerriko garraio publikoa indartzeko eta modernizatzeko». Hori horrela, 2022ko abendutik, Mugi txartela erabili daiteke Hiribusean. Hasiera batean, ordura arteko txartelak urtarrilean baliogabetzea aurreikusten bazen ere, ikusirik erabiltzaile guztiek oraindik ez dutela Mugi txartela eskuratu ahal izan, udalak erabaki du martxoak 31 arte luzatzea txartel zaharra erabiltzeko aukera. 

Horrez gain, martxoaren 31 bitarte Hiribusaren txartel zaharrean duten dirua xahutu ezin duten erabiltzaileek dirua berreskuratzeko ondorengo bidea ireki dute: lehenik, bidaiari interesdunek gidariari eskaera egiteko inprimakia eskatu behar diote, eta betetzean, inprimakia eta txartela emango dizkiote gidariari. Hiribusa kudeatzen duen enpresak egingo du txartelean ingresatutako diruaren itzulketa eta txartelari dagokion fidantzaren itzulera, inprimakian adierazi den kontu korrontean.

Mugiren abantailak erabiltzaileentzat
Mugi txartelak abantaila ugari eskaintzen dizkie erabiltzaileei, udalak esan duenez. Alde batetik sistema erabilerraza da, txartel bakarrarekin garraio publiko oro erabil baitaiteke. Gainera, eskualde barruko aldaketak autobus batetik bestera doan dira eta beste eskualdetara mugitzen diren autobusen aldaketak ere deskontu handiak dituzte.

Mugi txartelaren tarifikazioa, halaber, progresiboa da, hau da, zenbat eta gehiago erabili geroz eta merkeago dira bidaiak. Bestalde, Prezioak eta deskontuak Gipuzkoa osoan berdinak izango dira, hau da, garraio publikoan, energiaren prezioaren igoera arintzeko ezarri diren laguntza eta deskontuak Tolosako Hiribusean ere aplikatu ahalko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!