Inauteriak prestatzeko lanetan ari da Tolosako Udala eta txosnen kokapenari dagokionez hartu du erabakia: ez du baimenik emango txosnak Euskal Herria plazan jartzeko. Olatz Peon alkateak adierazi du azken urteetan, Inauterietan, lekualdatze eta txandakatze sistema ez dela bete, «aspaldidanik ezarritako baldintza eta irizpidea izanik». «Orain urte asko, Euskal Herria plazako bizilagunekin adostu zen txosnagunearen alternantzi bat egongo zela; urte batean Euskal Herria plazan jarriz gero, hurrengo urtean beste plaza batean jarriko zela», gehitu du.
Urteetan lantzen aritu diren gaia dela esan du plazen arteko txandakatze sistemarena. «Hiru bilera egin ditugu Txozna Batzordearekin, urtero hitz egin den gai bat da eta iaz jada jakinarazi zitzaien aurten txosnagunea lekualdatu beharko zutela, beraz, ez da albiste berria izan beraientzat», esan du alkateak. Hala ere, Txosna Batzordearen aldetik ez dela «benetako borondaterik egon» esan du txosnak lekuz aldatzeko. "Txozna Batzordeak Euskal Herria plaza ez den beste eremurik ez du onartzen, ezta onartuko ere», gehitu du. «Jada jakinarazi digute Plaza Berrian ez dutela txosnagunerik antolatuko».
Gogorarazi du txosnagunea antolatu izan dela beste eremu batzuetan ere, beraz, posible dela eremu aldaketa, baina «borondatea» behar dela horretarako, eta «ez da non ez zein baldintzetan antolatu eztabaidatzeko eta hitz egiteko aukerarik izan».
Era berean, txosnak festetan duten papera eta jarduera errekonozitu ditu Peonek, eta festari «ekarpen garrantzitsua» egiten diotela esan du: «Azken urteetan, esaterako, kontzertuak antolatzen, non Tolosako Udalak bere egitarauan jasotzen zituen, eta hori herriarentzat positiboa izan da».
Desadostasuna adieraztera
Prentsa agerraldia amaitzear zela, Txozna Batzordeko kideak sartu dira udaletxeko pleno aretora. Panfletoak bota dituzte airera Txozna Euskal Herri plazan, udalaren erasoa gelditu lemapean, eta protesta egin dute, txosnen lekua Euskal Herria plaza izan behar dela aldarrikatuz. Haserre agertu dira, esanez, udalak ez diola jaramonik egin haiek egindako proposamenari. Izan ere, Txozna Batzordeak egina du proposamena: txosnak Euskal Herria plazan mantentzea, baina neurriak hartuta, esaterako, ordutegiari dagokionez edota soinu ekipoari dagokionez. Alkateak erantzun die erabakia hartuta dagoela, ez direla Euskal Herria plazan kokatuko, eta hortik aurrera «hitz egiteko eta proposamen berriak jasotzeko prest» dagoela.
Txozna Batzordeko kideek testu bat irakurri dute, eta esan dute txosnak lekualdatzeak «txosnaren deuseztapena» dakarrela eta «onartezina» dela. Neurri berean, udalaren jarrera salatu dute, eta gehitu dute «teknikoki posible ez diren proposamenak egiten ari direla denbora irabazteko intentzio interesatuarekin». Plazen arteko alternantziarekin ez daude ados: «Bi urtean behin txosnarik ez egotea eta ekimen txikietarako erabiltzen duten karpa txiki bat festa gunetik urrun egotea ekartzen du horrek». Hartutako erabakia «txosnak gainetik kentzeko lehen pausoa» dela gaineratu dute. Aurreratu dute ez direla inauteri «lasaiak» izango: «Kanporatu nahi bagaituzue, guk gurearekin jarraituko dugu».