Usabalgo abonatuek beste udalerrietako kiroldegiak erabili ahalko dituzte

Ataria 2023ko urt. 19a, 19:59

Joxe Mari Villanueva, Asier Bakaikoa eta Asier Martin, Mugiment ekimena aurkezten.

Tolosako Usabal kiroldegia Mugiment programara batu da, eta horri esker bertan dauden kirol instalazioetara jo ahalko dute abonatuek. 77 udalerritako kiroldegiak daude une honetan programaren barruan.

Tolosako Usabal kiroldegia Mugiment programaren barruan sartu da, eta horri esker, Usabalgo abonatuek programari atxikita dauden beste udalerrietako kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute, doan. Era berean, beste udalerrietako kiroldegietako erabiltzaileek ere Tolosako kiroldegira jo ahalko dute.

Asier Martin Usabal kiroldegiko kudeatzaileak zehaztu duenez, kirol jarduera sustatu eta bazkideei aukera gehiago ematea ahalbidetzen du ekimenak. Mugiment kirol txartela birtuala da, mugikorrean deskargatu behar da Kirol txartela Mugiment aplikazioa, eta ondoren erregistratu abonatutako kiroldegia zehaztuz. Aplikazioak ekimenera batutako udalerrietako kirol instalazioak hautatzeko aukera ematen du. Bertako sarrera erostearen simulazioa egin behar da, eta sarrera hori hautatutako kiroldegian balioztatzen da.

Ekimena planteatu zenean Usabalen izango duen eragina jarri zutela mahai gainean azaldu du Martinek, hau da, bertako erabiltzaileengan izango ote zuen ondoriorik; "Kiroldegi bakoitzak bere baldintzak eta ordutegiak izango ditu modu honetara erabiltzeko, eta Usabalen kasuan, beste udalerrietatik datozenek soilik goizean erabili ahalko dute, 07:00etatik 15:00etara bitarteko ordutegian, eta larunbatetan 15:00etatik 22:00etara. Beraz, lasai egon daitezela gure abonatuak, erabiltzaile gehien izaten dugun tarteetan ez baita kanpokoentzat erabilgarri izango". Usabalgo kudeatzaileak ekimenaz baliatzera animatu ditu herritarrak, eta esan du urtebetez probaldian egongo dela, eta ikusiko dutela ze emaitza ematen dituen, zenbat erabiltzaile etortzen diren, eta zenbat joaten diren beste udalerrietako kiroldegietara.

Asier Bakaikoa udaleko kirol teknikariak azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 77 udalerri daude une honetan programaren barruan. "Eusko Jaurlaritzako kirol zerbitzutik dator ekimena, eta pixkana udalerri gehiago batzen joango da". Herritarrei kirol jarduerak egiteko erraztasunak ematea dela asmoa esan du, "bai ikasten dagoelako edota lanean beste herri batean dagoelako aukera ematea udalerri batean abonatua izanda ere, beste udalerrietako kiroldegiak erabili ahal izatea".

Joxe Mari Villanueva udaleko kirol zinegotziak, bere aldetik, gogoratu du Tolosako kirol zerbitzuak hobetu eta herritarren eskariei erantzuteko eta kalitatezko kirol instalazioak eskaintzeko azken hilabeteetan egindako aldaketen artean, kirol instalazioen kudeaketarako esleipen berrian hobekuntzak txertatu zirela, ordutegiaren zabaltzea eta inbertsio berriak egitea, hain zuzen. "Orain, urrats berria eman dugu, KirolTxartela Mugiment programarekin, herritarren kirol praktika areagotzeko, kirol jarduera osasuna baita”. Villanuevak esan du azken hilabeteetan nabaritu dela inbertsioak egitean erabiltzaile kopuruak gora egiten duela, eta hori pozgarria dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!