'Izan Tolosa' entzute ariketa jarri du abian Tolosako EAJ-k

Ataria 2023ko urt. 19a, 17:59

Jon Zalduendo, Itxaropena Urkiola, Xarles Iturbe, Jokin Azkue eta Nuria Carbonell, Tolosako EAJ-ko alderdikideak.

Xarles Iturbe alkategaiak tolosarren proposamenak jasoko ditu aurrez aurre, kafe baten bueltan edota bide telematikoen bidez, 2023ko udal hauteskundeetarako programa osatzen laguntzeko.

Tolosako EAJ-k Izan Tolosa entzute ariketa jarri du abian datozen hilabeteetarako, herritarren ekarpena bertatik bertara jasotzeko eta herriko eragile desberdinekin hitzartzeko. Xarles Iturbe alkategaiak tolosarrak entzun eta euren proposamenak jasoko ditu aurrez aurre eta bide telematikoen bidez. «Tolosar guztien ekarpenekin osatu nahi dugu 2023ko udal hauteskundeetarako programa. Pertsona guztiek eginiko proposamena izatea nahi dugu, pertsona guztientzat egina. Herrigintza herritarrekin eginez, Tolosako herritarren ahotsa entzun nahi dugulako. Guztiok osatzen dugu Tolosa eta ekarpenak jaso nahi ditugu guztion beharrei erantzungo dien proposamena garatzeko», azaldu du Iturbek.

Tolosako EAJ-ko alkategaiak, gizarteak politika egiteko eta politikariekin harremanetan jartzeko bide berriak eskatzen dituela adierazi eta erronka horri eutsi nahi diotela gaineratu du: «Tolosako norbanako eta elkarteen ekarpenak jasotzen jarraitu nahi dugu. Ezinbestekoa da gure proposamenak Tolosako txoko guztietan bizi diren errealitateak eta beharrizanak aurreikustea, argi dugulako Tolosa askotarikoa dela eta denon artean herri hobea eraikitzen jarraitzeko gaitasuna dugula».

Beharrak eta etorkizuneko erronkak eta gizartea eta haren eskakizun eta kezkak etengabe aldatzen direla adierazi du alkategaiak. «Horregatik, ezinbestekoa da interakziorako eta etengabeko ebaluaziorako aukerak eskaintzea. Zentzu honetan, parte-hartzea eta elkarlanerako dinamika sustatu eta aberaste aldera sortutako ekimenak tolosarren etorkizuneko lehentasunak ezagutzea du helburu». Izan Tolosa ekimenari Zuk hitza, guk kafea leloa jarri diote. «Tolosarrok dugun nortasunaren balioa nabarmendu nahi dugu, elkarlanera ohituta gaudelako eta horretaz harro gaudelako, herri honen altxorretako bat delako», gaineratu du Iturbek.

Orain, Agenda Soziala osatzen ari dira alderdiko kideak, eta aste bakoitzean arlo baten inguruko elkarte eta erakundeak bisitatuko dituzte. «Ateak zabalik ditugu gurekin harremanetan jarri nahi duten elkarte, enpresa eta bestelako eragileentzat, guztion artean etorkizuna ereiten jarraitzeko», adierazi du.

Hala ere, norbanakoek aukera izango dute hautagaiarekin elkartu eta proposamenak aurrez aurre helarazteko. Horretarako, bide ezberdinak izango dituzte. Nahi duenak, 688 625 230 telefono zenbakira deitu edo idatzi dezake, baita Whatsapp bidez ere. Nahiago duenak, ondoko helbide elektronikora idatzi dezake: tolosa@eaj-pnv.eus. Alkategaiarekin elkartzeko ordutegia honakoa izango da: astearte, asteazken edo ostegunetan, 15.00etatik 17.00etara. Aipatutako bideetako batetara idatziz eskatu daiteke hitzordua. «Ordutegi bat zehazte aldera jarri dugu ordu tarte hori, baina malguak izango gara eta norbaitek beste momenturen batean elkartu nahi badu, idatzi lasai eta egokituko dugu hitzordua», adierazi du Iturbek.

Amaitzeko, aurrean dituzten erronkak «nolanahikoak ez» direla eta horiei guztiei aurre egiteko garaian «pertsonak erdigunean» jarri nahi dituztela esan du alkategaiak. «Esperientziak erakutsi digu parte-hartze egitasmoekin aberastu egiten direla alderdiok ditugun ideia eta proiektuak. Horregatik, beste behin, gure ateak zabalik ditugula gogorarazi nahi dugu eta nirekin elkartzera gonbidatu nahi ditut herritarrak. Ekarpenak entzuteko gogoz nago, bertatik bertara, goxo, kafe baten bueltan», gaineratu du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!