Bi urtez egin gabe egon ondoren, bueltan da berriro Ero-Etxe Krosa

Ataria 2023ko urtarrilaren 19a

Ehunka haurrek parte hartuko dute igande honetan egingo diren lasterketetan. Ohi bezala, Tolosako San Frantzisko ibiltokian izango da probetako irteera zein helmuga.

Urtarrileko ohiko hitzordua izan da aspaldidanik Ero-Etxe Elkartearen Krosa. Aurten 34. aldia izango da, eta COVID-19a dela-eta bi urtez egin gabe izan ondoren, igande honetan ehunka haur ariko dira Tolosako kaleetatik korrika. 850 dortsal banatu dituzte eskualdeko eskoletan zehar, eta dortsalik ez dutenek, egunean bertan, Ero-Etxe Elkarteko antolatzaileek jarritako mahai batean izena emateko aukera izango dute. Parte hartzea doakoa da.

Ohi bezala, San Frantzisko ibiltokian egongo da irteera eta helmuga, eta sei lasterketa izango dira guztira. 11:30ean, infantil mailako (2009-2010) mutilen proba izango da, eta 2.800 metro egingo dituzte korrika; 11:45ean, infantil mailako nesken proba izango da, eta 1.950 metro egingo dituzte; 12:00etan aterako dira alebin mailako (2011-2012) mutilak eta 1.400 metro egingo dituzte; 12:15ean neska alebinen irteera izango da eta 1.400 metro egingo dituzte; 12:25ean, benjamin mailako (2013-2014) mutilak aterako dira eta 1.100 metro egingo dituzte; azkenik, 12:35ean benjamin nesken txanda izango da, eta 1.100 metro egingo dituzte korrika.

Lasterketa bakoitzeko lehen hirurak podiumera igotzen dira, eta parte hartzaile guztiek jasoko dute oroigarria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!