Ataria Bertso Jaialdia 2023

Aurreikuspenak betetzeko asmoz dator Ataria Bertso Jaialdia

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 19a, 15:00
Pasa den urteko bertso jaialdiko une bat. Eneritz Maiz

Larunbatean izango da, 18:00etan. Amaia Agirre izango da gai jartzailea, eta bertsotan, Oihana Iguaran, Jexux Mari Irazu, Alaia Martin, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina ariko dira.

Bertso gosez dago bertsozalea, gogotsu. Antzematen da Bertsolari Txapelketa Nagusia igaro berri dela, bertsorako grina are gehiago handitzen baitu. Agendari erreparatuta ere nabari da, batean eta bestean bertso saioak antolatzen ari baitira. Bada, nabarmendu beharreko jaialdi bat, ordea. Urtero-urtero eskaintzen duen mailagatik erreferentziazko saioa bilakatu da Ataria Bertso Jaialdia, eta larunbat honetan izango da Tolosako Leidor aretoan, 18:00etan hasita.

Ohi bezala, bertsozaleen gosea asetzeko helburuz puntako bertso saioa prestatu du ATARIA-k. Saioaren gidari lanak, ohiko moduan, Amaia Agirrek egingo ditu, eta bertsotan ariko den seikotea Oihana Iguaran, Jexux Mari Irazu, Alaia Martin, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colinak osatuko dute. Bertsolarien inguruan Agirrek nabarmendu du jaialdiko ohiko bi bertsolarien hutsunea izango duela saioak: «Pena da Andoni Egañak eta Maialen Lujanbiok ezin izan dutela jaialdian egon; azpimarratu nahi dut, eskualdeko bi bertsolari ere izango ditugula, Oihana eta Jexux Mari».

Saioak izango dituen ezaugarriei buruz galdetuta, oholtza «inoiz baino biluziagoa» egongo dela aurreratu du gai jartzaileak, baina, hori bai, pantaila behin baino gehiagotan erabiliko du: «pantaila bidez, esaterako, kirol munduko pertsonaia ezagunak sartuko dira, eta jende ezagun gehiago ere ikusiko dugu».

Gaiak askotarikoak izango direla adierazi du Agirrek: «umoretik, seriotik eta aktualitateari lotutako gaiak izango dira, eta bertsolariak, gai jartzailea eta entzuleak mugitzen dituzten gaiak ere bistaratzen ahaleginduko gara». Osagai horiekin guztiekin entzuleen aurreikuspenak betetzea espero du gai jartzaileak, bi ordu inguruko saioarekin.

Sarrerak agortuta

Leidor aretoan izango da saioa, eta 18:00etan hasiko da. Hori bai, ateak 17:15 aldera zabalik egongo dira, eta 17:55erako sarrera eskuratu duen oro barruan egotea eskatzen da, hain zuzen, saioa puntual hasteko helburuarekin.

Sarrerak zenbakituak dira, eta bakoitzak bere eserlekuan eseri beharko du. Sarrerak agortuta daudenez, ez dute Leidorreko leihatila irekiko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!