Tolosatzen Eskola Irekiak 2023ko lehen seihilekorako egitaraua aurkeztu du

Ataria 2023ko urt. 18a, 17:59

Joseba Ormazabal, Gobernantza eta Komunitatea saileko zinegotzia, Nerea Cereceda, haur, nerabe eta gazteen sustapenerako teknikaria eta Garikoitz Lekuona, saileko teknikaria.

Urtarrilaren 26an emango diote hasiera ekainean amaiera emango zaion emozioen lanketa eta zaintza oinarri dituen egitarauari.

Azken urteotako ibilbideari erreparatuz, ikasturte berrian emozioen lanketarekin jarraituko du Tolosatzen Eskola Irekiak, baita zaintza tailerrekin ere. Kasu honetan, Zaintzaileak zainduz iazko programari jarraipena emango zaio, baina, aurtengoan, autozainketan jarriko da azpimarra. Horrez gain, gurasoei zuzenduriko atal berezi bat ere jasotzen du, adikzioak, sare sozialak, internet edota emozioen gaiak lantzeko eta jorratzeko.

Emozioak eta zaintza oinarri dituen programak, herritarren formakuntza, sendotze komunitarioa eta Tolosaren eta lurraldearen ezagutza ditu ardatz nagusi. Tolosatzen Eskola Irekiak 2019ko abenduan ekin zion bere bideari eta proiektuak, elkarlana eta lankidetza oinarri hartuta, herritarrei hausnartzeko gaitasuna eta alor ezberdinetan trebatzeko espazioa eskaintzea du helburu.

Tolosatzen Eskola Irekiak babesten eta sustatzen dituen jardueren artean, iaztik ondorengoak errepikatzen dira: 

  • Emozioen Gimnasioa: emozioei buruzko tailer ziklo bat izango da, martxoaren 7tik maiatzaren 30a bitartean egingo dena.
  • Arrastoan tailer didaktikoa: ikastetxeei bideratutako tailerra da, eta Tolosako hiru ikastetxeetan emango da otsailean zehar.
  • Autozainketa tailerra: egitasmo honek iazko “Zaintzaileak zainduz” programari ematen dio jarraipena. Tailerra urtarrilaren 30ean hasiko da.
  • Bihotzetik 2023: Bihotzetik elkartearekin antolatutako hitzorduetan, zaintzari, bizi amaierari eta doluari buruzkoak errepikatuko dira. Horrez gain, mahai inguruak eta tailer desberdinak ere egingo dira. Hitzaldi, tailer eta mahai-inguruak martxoan, maiatzean eta ekainean eskainiko dira.

Horrez gain, Tolosatzen Eskola Irekiak Betikasten elkartearekin antolatutako bost saioak babestuko ditu ikasturte honetan.

Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Treba Gurasoak eta Tolosatzen Eskola Irekiak bat eginik, gurasoei zuzenduriko lau jardunaldi antolatu dituzte:

  • Internet, pantailak, sare sozialak: onurak eta gatazkak nola kudeatu.
  • Haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak.
  • Sustantzia gabeko adikzioak: kirol apustuak, ausazko jokoak, bideo-jokoak… Zer egin dezakete familiek?
  • Bullying egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola lortu.

Jabetze Eskolaren edota Asunzion Klinikak gidatutako Osasuna Kalean egitasmoko jardueren hedatze lanak ere egingo ditu Tolosatzen Eskola Irekiak. Jabetze Eskolak antolatu eta Tolosatzen Eskola Irekiak hedatuko dituen jardueren artean daude, besteak beste, Batukada feminista, Munduko emakumeen literatura taldea (talde egonkorra), Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea (talde egonkorra), Autodefentsa feminista eta Erotika tailerra. Horiez gain, 2023ko udaberriari begira beste hainbat hitzaldi, jardunaldi eta tailer ere jasoko ditu eskola irekiak.

Datorren hilaren 26an, Treba Gurasoak egitasmoaren baitan antolatutako lehen hitzaldia eskainiko dute: Sustantzia gabeko adikzioak: zer egin dezakete familiek?. Eta urtarrilaren 30ean, Jabetze Eskolak antolatutako erotika tailerra eskainiko da; auto-zainnketa tailerrari hasiera emango zaio Saioa Garmendiaren eskutik.

Aurten, udal sail ezberdinen artean (gobernantza, gazteria, gizarte zerbitzuak eta berdintasun) elkarlanean landu da egitaraua eta antolatutako programako jarduera desberdinetan genero ikuspuntua aintzat hartu da. Hemen kontsultatu daiteke.

Tolosatzen Eskola Irekiak 2019ko abenduan ekin zion bere bideari eta proiektuak, elkarlana eta lankidetza oinarri hartuta, herritarrei hausnartzeko eta gaitasun eta alor ezberdinetan trebatzeko espazioa eskaintzea du helburu. Urtetik urtera, antolatutako jarduera eta ekimenetan parte-hartzea handituz joan da. Iazko ikasturtean, esaterako, 33 jarduera egin ziren eta adin guztietako 1.150 herritarrek parte hartu zuten. Dolua, bizitza, heriotza, familia, konpetentzia sozio-emozionalak eta zaintza lanak izan ziren jardunaldietan landutako gaietako batzuk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!