Erreportajea

Gure aitona 'Raku'

Asier Imaz 2023ko urt. 18a, 11:59
Jose Ramon Otaegi 'Raku', eskuinean

Ahari-talkak, arte martzialak, borrokak, azpijokoak, Kubako Independentzia Gerra, Tolosako taberna baten izenaren jatorria eta debekatutako maitasun historia bat. Puzzle bat bezala osatu dute aitonaren bizitza otaegitarrek. Eurak jaiotzerako hila zen. Amonak ez zuen beraz hitz egiten. Gurasoak eta izeba-osabak geratzen ziren, beraz, informazio iturri bakartzat.

Cayetano Otaegi Urretabizkaia, Maite Vicente Otaegi eta Juan Ramon Vicente Otaegi lehengusuak dira. Tolosako Raku tabernan, «gure taberna da hau» diote umoretsu. Puntu horretaraino iritsi aurretik, ordea, badute zer kontatua. Ipuin bat bailitzan, «hasieratik hastea onena».

Aitona, Jose Ramon Otaegi Rezola, Beizaman jaio zen 1873. urtean. Espainiako inperioaren azken garaiak ziren. 22 urte zituela, gutxi gora behera, Kubara eraman zuten soldadu. Etsaiak alde guztietan zituen, baita itsaso barruan ere: «Olagarro baten aurka ibili zen borrokan. Izugarria omen zen. Harrapatzera joan eta olagarroak harrapatu zuen bera. Apuru dezentekoa pasa omen zuen», dio barrez Juan Ramon bilobak.

Kubako beste pasarte bat, Cayetanori bere aitak kontatua da: «Tenienteak zerbait galdetu zion, baina berak ez omen zion ulertu. Zerbait erantzutearren, «bai, eguraldi ona dago» edo horrelako zerbait esan omen zion. «Tenienteari erantzuna ez zitzaion gustatu, eta ostikada bat eman zion potroetan gure aitonari. Horrek min eman zion, baina ez hankartean bakarrik. Tenienteak ez zekien igeri, eta txalupa batean ibiltzen zen neska bat hara eta hona ekarriz. Horietako batean, aitonak, ezkutuan, arraunak zerratu zizkion. Joan zen tenientea txaluparekin eta ibilbide erdian arraunak puskatu eta txalupa irauli egin zitzaion. Hortik aurrera zer gertatu zen, bakoitzak imajina dezala».

AMAK ERE EZIN EZAGUTU

Kubako Independentzia Gerran bost urte pasa zituen. Ile eta bizar luzea, galtzak eusteko nahikoa lan, erabat itxuraldatuta bueltatu zen etxera; «amak ere ezagutzen ez zuela». Horrela kontatzen du Juan Ramonek: «Oso argala zegoen. Pentsatzen dut, etxekoek jan eske zetorren norbait bezala ikusiko zutela. Afaltzeko mahaian jarri eta ez zuten ezagutu. Berak ere ez zien ezer esan. Afalondoren hasi omen zen hizketan, Kubatik zetorrela, gerran egon zela eta abar. Orduan, amak, bere seme bat ere hara joana zela esan zion, eta ez zuela bere inongo berririk. Informazioa atera nahian zebilela, gerrikoa ikusi zion afaldarrari, eta orduan konturatu zen bere semea zela. Gerrikoa berezia zen. Amak berak egin zion, gerrara joan aurretik gure aitonak hil zuen suge baten larruarekin. Hortik ezagutu zuen».

Biloben ustez, aitonak, Kubatik itzuli ondoren ezagutu zuen euren amona izango zena: Maria Muñoa Loinaz. Sei urte gazteagoa, 1879. urtean jaio zen Bidanian. «Muxuak eta ematen noiz hasi ziren ez dakigu, baina aitona, Beizamatik, mendiz mendi joaten omen zen amonaren etxera», dio Juan Ramonek. Supazterreko istorioen garratz-goxotasuna Maitek ematen dio maitasun historiari: «Amona denbora luzez bizi izan zen gurekin, etxean. Baina senarraz, gure aitonaz, ez zuen batere hitz egiten. Berak bere historia zuelako. Gu, horretaz, berandu enteratu ginen, Caracas-en (Venezuela) bizi den izeba baten bidez. Aitona pobrea zen, eta amona etxe onekoa. Ikusten denez, Ameriketatik ekarritako diruarekin, eliza, euren etxea, beste hainbat baserri, tailer bat eta ez dakit zer gehiago eraiki zituen Muñoa familiak Bidanian. Kontua da, etxean ez zutela nahi amona aitonarekin ezkontzea. Orduan, etxetik ezer gabe atera zen; dote eta gauza horiek gabe. Guk duela gutxi jakin dugu zein etxetatik zetorren amona, eta nola atera zen bertatik, baina ez berak kontatuta». Maria Muñoa Loinaz 1970. urteko urtarrilaren 31n hil zen, 91 urte zituela.

BEIZAMATIK TOLOSARA

Mendiz mendi andregaia bisitatzera bakarrik ez, ahariekin ere ibiltzen zen Jose Ramon Otaegi. Ahari-talkarako entrenamenduen parte ziren irteera horiek, eta noski, bera ere sasoiko mantentzen zuten. «Garai hartan apustuak egiten ziren herrietako jaietan, Tolosako zezen plazan…, baserri bateko aharia bestekoaren aurka. Ohikoak ziren horrelako apustuak, eta baita tranpak ere. Ahari bat markatu eta bestea aurkeztu, eta horrelakoak. Aitonak bazuen teknika bitxi bat entrenamenduetarako», gogoratzen du Juan Ramonek. Teknika hori Cayetanoren aitak ere ezagutu zuen: «Arbola gogor baten aurrean ispilua jartzen zuen. Ahariak bere isla ikusten zuenean, talkara abiatzen zen korrika. Azken unean ispilua kendu eta ahariak arbolari ematen zion kolpea. Horrela entrenatzen zituen ahariak gure aitonak».

Beizama eta Bidania utzi, eta Tolosara jaitsi ziren Jose Ramon eta Maria. Iurreamendiko Aiapur baserrian jarri ziren bizitzen, senar-emazte bezala. Taberna bat jarri zuten Alde Zaharrean eta bertan hasi ziren lanean: Jose Ramon barran eta Maria sukaldean. «Uste dut taberna baino lehen denda bat zegoela bertan. Beraiek jarri zuten taberna bezala», dio Cayetanok. Tolosan izena hartua izango zuten, ondoren gertatuak erakusten duen bezala.

JAPONIATIK IRITSI ZEN IZARRA

Sadakazu Uyenishi 1880. urtean jaio zen Japonian. Raku bezala ezagunagoa zenak, armarik gabe borroka egiteko artea menderatu zuen, Jiu-jitsu izenekoa. Bera izan zen arte martzial modalitate hori Europara ekarri zuena, XX. mende hasieran. Sona handia izan zuen eta Euskal Herrira ere iritsi zen, 1908. urtean. Migel Unamunokoa idazle eta filosofoak, urte horretako azaroan, ondorengoa idatzi zuen borrokalari japoniarraren inguruan: «Joan den hilean, Bilbon nengoelarik, gaztetxoen artean, Raku ez zen beste ezertaz apenas hitz egiten zen. Burua lehertzear izan genuen Rakuren izenarekin. Nire etxean, mahaian, bazkalorduan, nire bi seme zaharrenak beste ezertaz ez zuten hitz egin: Raku gora eta Raku behera. Egun batzuez, Bilbo eta Bizkaiko herritarren heroia izan zen Raku».

Egungo zine izar baten moduan, arrakasta handiko birari ekin zion Europan zehar, jiu-jitsu klaseak emanaz eta tokian tokiko borrokalariekin eta indartsuekin erakustaldiak eta erronkak burutuz. Zirkuan ere ibili zen, eta hain justu, Parish zirku-enpresa ingelesaren bidez etorri zen Euskal Herrira. Tolosan, zezen plazan, Isidoro Ollagiegi Eltzekondo hernaniarra erraz garaitu zuen, baina Ramon Garate Kaminero urrestillarrari irabaztea gehiago kostatu zitzaion: 6 minutu. Bere jarraitzaileek Tolosan Piña Raku sortu zuten, eta 1935. urtera arte bizirik iraun zuen.

1908. urtean, beraz, Raku-ren eta Jose Ramon Otaegi Rezolaren bizitzek topo egin zuten. Biak ala biak ez ziren gizon garaiak. Raku-k 1,35 metroko altuera eta 54 kg zituen. Bere aitonaren blusa eskuetan duela, Maite Vicente Otaegik oso altua ezin zuela izan dio. Cayetano Otaegi Urretabizkaiak, aitonaren blusa soinean duela, altua ez baina indartsua zela dio: «Japoniarraren aurka borrokatzeko beharko izan». Azken honek jiu-jitsu modalitatea ondo ezagutzen du: «Japonian kastak eta horrelako gauzak zeuden, eta arte martzial mota hau defentsarako erabiltzen zuten. Ez zegoen araurik, mugimendu arriskutsuak egiten ziren eta kaltea ere handia izaten zen; lepo edo gorputz adar hausteak eta horrelakoak. Rakuren aurka borrokatu zuten askok ospitalean amaitu zuten».

Japoniarra Tolosara iritsi zenean, arerio bila hasi zen. Bat eta bestea garaitu ondoren, aurkari gehiago ez zuela izango zirudien. Orduan hasi zitzaion jendea Tolosan bizi zen beizamar batez hizketan. Jose Ramon Otaegi Rezolarekin borrokatu behar zuela esaten zioten, eta honi, Rakurekin indarrak neurtu behar zituela. Horrela lotu zen bien arteko borroka Tolosako zezen plazan. Aurrez, ordea, Otaegik galdera bat egin zuela dio Cayetano bilobak: «Heltzeko araurik ba al dago?». Dena libre zela esan ziotenean, baiezkoa eman zuen Jose Ramon Otaegik. «Aitona ahariekin entrenatzen ibiltzen zen, eta bazituen bere sistemak heltzeko», dio Juan Ramon Vicente Otaegik.

Tolosako zezen plaza jendez bete zen eguna iritsi zenean. Jose Ramon Otaegi hantxe zegoen aurkariaren zain, eta horrela gelditu zen, zain. Sadakazu Uyenishi Raku ez zen agertu borrokara. Beizamarrari jendea oihuka hasi zitzaion orduan: «Zu zara benetako Raku! Zu zara Raku! Raku, Raku…», eta horrelaxe geratu zitzaion Jose Ramon Otaegiren tabernari izena: Raku.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!