ELKARRIZKETA

«Nire nortasunarekin bat zihoan zerbaitekin egin nuen topo Granadan»

Irati Saizar Artola 2023ko urt. 23a, 07:59
David Colomo 'Pajarillo', Tolosako Zerkausian. I.S.A.

Gitarra flamenkoaren aldeko apustua eginda Tolosatik Andaluziarako bidea egin zuen, duela 23 urte, David Colomo Pajarillo (Tolosa, 1976) musikariak. Artista modura hazten eta hazten joan da ordutik, eta lehen lerroko musikariekin oholtzak partekatzera iritsi da. Otsailaren 3an Leidorren izango da, Entre manantiales ikuskizunarekin, 20:00etatik aurrera. Inguruko gonbidatuak izango ditu oholtzan, saioa osatzen.

Egunean gutxienez lauzpabost ordu eskaintzen dizkio gitarrari musikari tolosarrak; gitarraren inguruan eraiki du bizitza, jaioterritik urrun, Granadan.

Nola bukatzen du tolosar batek Granadan?

Gitarra jotzen nuelako erabaki nuen Andaluziara joatea. Musikarekin lotura nuen eta filosofia ikasten ari nintzen azken urtean. Pentsatu nuen: «Zer egingo dut nire bizitzarekin?». Orduan, gitarra zenez gehien erakartzen ninduena, probatzera joatea erabaki nuen, maitemindu egin nintzen eta geratzea erabaki nuen. Gaur arte.

Gitarragatik joan zinen, beraz.

Bai, hala joan nintzen. Bi aukera posible ikusten nituen: bossa nova estiloan gehiago sakontzea Mulamboren bidez eta Brasilera joatea, edo Andaluziara joatea gitarra flamenkoaren aldeko apustua eginda. Bigarrena aukeratu nuen. Hasiera batean, teknika flamenkoa hartu nahi nuen; nik musika irakurtzen banekien, txikitan tronpeta jotzen nuelako Tolosako musika eskolan, eta gero, gitarra flamenkoaren kontserbatorioan aritu nintzen Kordoban.

Flamenkoak non harrapatu zintuen?

Mutil bat ikusi nuen gitarra jotzerakoan eskuineko eskua erabiltzen; ordura arte, nik pua edo zia erabiltzen nuen, gitarra elektrikoa ere jotzen nuen, eta hara joatean, flamenkoaren akademia batean lanean hasteko zortea izan nuen. Integratzen joan nintzen, flamenkoaren kulturaz maitemintzen, nirea izan zitekeela ikusi nuen. Beste zerbait da hura: drama bat, heriotza bat, poz bat, ezkontza bat, bataio bat, topaketa bat dagoen bakoitzean, instrumentuak izaten dituzte aldamenean, abestu egiten dute, hemen bokata bat jateko geratzen garen bitartean. Gainera, han artista izateak ere balio handiagoa du. Nire nortasunarekin bat zihoan zerbaitekin egin nuen topo, eta ez bakarrik musikagatik, musika zubi moduko bat izan zen. Ni neu sentitzen naiz Granadan.



Noiztik duzu harremana gitarrarekin?

Txikitan hasi nintzen. Amaren familian musikariak daude, eta hasiera batean tronpeta ikasi nuen. Esaterako, Kabilakoekin atera izan naiz inauterietan, edota Azpeitiko lehenengo gazte orkestran ere aritu nintzen. Behin, ordea, arrebak erabiltzen ez zuen gitarra armairu gainean ikusi nuen, eta musika irakurtzen banekienez, oso erraza izan zen jotzen hastea. Musika talde batzuetan aritu nintzen, flamenkoarekin topo egin nuen arte. Flamenkotik arreta handia deitzen didana letretan dagoen jakinduria da, eta Filosofia ikasi dudan aldetik badu lotura. Eta bestalde, Andaluziako bizi kalitateak, eguzkiak, jendearen izaerak erakarri nau, eta batez ere, flamenkoak han egotea eragin dit.

Erraza izan zen guztia hemen utzi eta hara joateko erabakia hartzea?

Beste helburu batzuk dituen gazte batek hartutako erabaki inkontziente bat izan zen. Behin han egonda ea non sartu nintzen galdetu nion neure buruari, eta gaur egun ere gauza bera esaten diot. Flamenkoa, ordea, infinitua da, eta lagun mordoa dut afizionatu moduan gitarra flamenkoa jotzen. Ni autonomoa naiz flamenkoko izarrekin jo badut ere, lehen ilaran dabiltzanekin ere jo dut. Oholtza askotan egon naiz, baina mantentzea oso zaila da etxetik urrun zaudenean, hango inork ez nauelako jaiotzen ikusi.

Noiz utzi zenuen Tolosa?

2000an Sevillara lekualdatu nintzen. Bi urtez bizi izan nintzen han, eta gero Granadara joan nintzen. Lagun batek animatu ninduen, esaten zidan Granada desberdina zela, Andaluzia izan arren euskaldun asko, katalan asko zegoela, beste giro bat zegoela. Nire lekua izan zitekeela esan zidan, eta hara joan nintzen.

Nolako bilakaera izan duzu gitarra jotzaile gisa?

Sevillako flamenko akademian hasi nintzen, beraiek zekiten guztia erakusten zidaten. Nik, era berean, musika-hizkuntzako eskolak ematen nituen. Irabazten nuen guztia Manolo Sanlucar, Emilio Maya, Manolo Franco edo Gerardo Nuñez bezalako artistekin eskolak jasotzeko zen, besteak beste. Gero, esaterako, antzerki konpainia baterako lan ere egin nuen sei urtez eta asko ikasi nuen. Oso kaletarra naiz, eta beti nengoen kalean gitarrarekin. Batetik eta bestetik, tabernetan eta terrazetan jotzen hasteko aukera izan nuen, agertokietara iritsi arte. Granada oso txikia da, eta gutxi gorabehera ondo jotzen baduzu, eta trebea bazara, deitu egingo dizute. Orain, berriz, nik aukeratzen dut norekin lan egin nahi dudan. 2008an egin nuen lehen ikuskizuna zuzendari artistiko gisa, hango antzerki jaialdian. Urtebete beranduago beste ikuskizun batekin hartu nuen parte jaialdi berean, eta bira bat ere egin nuen hemen inguruan; Rabaten ere jo dut, Genevan egon naiz, Erroman...

 

«Tabernetan eta terrazetan jotzen hasteko aukera izan nuen, agertokietara iritsi arte»



Diskorik baduzu?

Atera nuen bat, baina ez zen nik esperotakoa izan. Orain, Entre manatiales ikuskizunarekin, eten bat marraztu eta diskoaren bila noa. Nik sortutakotik egin nahi dut, eta ez dadila flamenkora soilik mugatu, nireagoa den zerbait izatea nahi dut.

Gitarra flamenkoa jotzen duzu, konposatu egiten duzu, irakatsi ere bai... dena gitarraren bueltan.

Gitarratik bakarrik bizitzea oso zaila da, baita lehen lerroan bazaude ere. Flamenkoaren muinean idiosinkrasia dagoela esan daiteke, beti pertsona berdinek egiten dute lan; beraz, kontzertuetatik bakarrik bizitzea oso zaila da. Jaio nintzenetik ikusi dut nire ama, May Colmenero tolosarra, eskolak ematen, eta klaseak ematea modu naturalean ateratzen zait. Erraz egin izan dut, eta orain online emateko eskolak prestatzen nabil, edozein lekutatik jendeak nirekin gitarra ikas dezan.

Zer ematen dizu gitarrak?

Guztia. Denbora guztian jotzen dut, aspergarria naiz [Barreak]. Asko jo behar dut, egunean gutxienez lauzpabost ordu jotzen saiatzen naiz, klaseak eta kontzertuak kontatu gabe. Musika nire bizitza da, pentsamendu negatiboetatik salbatzen nauena da, gatazketatik salbatzen nauena.

 

«Musika nire bizitza da, pentsamendu negatiboetatik eta gatazketatik salbatzen nauena da»



Otsailaren 3an emanaldia eskainiko duzu Leidorren. Nola sortu zaizu aukera?

Hirugarren aldiz izango naiz Leidorren. Jokin Ansorena eta Alberto Aragonekin hitz egin nuen, eta erraztasun guztiak eman zizkidaten eta eskertuta nago. Niretzat Tolosan jotzea izugarria da.

Kontzertu bat baino espektakulu bat izango da.

Hasiera batean nik Topic-en egin nahi nuen, txikiagoa delako eta normalean betetzen dudalako. Gitarra errezitaldi bat egitea zen asmoa. Baina Leidorren izango denez eta besaulki gehiago daudenez, musikari handiz inguratu nahi izan nuen. Espektakuluan batez ere istorio bat kontatu nahi dut, nire istorioa. Kolaboratzaile zoragarriak izango ditut, oso onak direnak, erraz lan egiten dutenak. Oso polita izango da.



Zer moduz doaz entseguak?

Hor doaz. Hemen normalean ez da asko entseatzen, horregatik hartu nahi izan dut jende trebea. Niretzat zailena da zer egin nahi dudan ondo esplikatzea, hizkuntza flamenkoa delako, eta hor jarraibide batzuk daude, non musika ez den geratzen, eta musikak berak adierazten duen noiz sartzen den bata eta bestea. Lagunduko didaten musikariek oso ondo egiten dute hori. Asier Gonzalez izango dut txalapartan, perkusio artista bat da; Iker Piris ere gitarrista puska bat da, eta Tolosan bere lekua eman behar zaio; Lidia de Lorenzo dantzaria Granadan ezagutu nuen, eta orain Gasteizen bizi da.

Berezia izango da?

Nire kontzertuak oso inprobisatuak dira, nik jarraibideak ematen dizkiet, baina nik ez dut jakin nahi zer egingo duen dantzariak, adibidez. Edo abeslariak askatasun osoa izango du gehiago luzatu nahiko balu, erritmo gehiago sartu nahi badio, gutxiago... Oso inprobisatua izango da, oso freskoa.

Erlazionatuak

'Por tono de Levante'

Tolosaldeko Ataria 2023 urt 23 Tolosa

'Farruca jazzera' eta 'Granaina'

Tolosaldeko Ataria 2023 urt 23 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!