Asdent erakundeari laguntzeko egingo dute txotx

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urt. 17a, 19:59

Tolosako Casino Elkarteak antolatuta, V. Txotx solidarioa ospatuko dute otsailaren 3an, Zerkausian. 20:30ean hasiko da ekitaldia, eta aurten, puntako txirrindulariak gonbidatu dituzte. Jada salgai daude afari txartelak.

Aurten bai. Tolosako Casino Elkartea txotx irekieren festara batu da. Azken bi urteetako etenaren ondoren, otsailaren 3an, ostirala, V. Txotx Solidarioa egingo dute Zerkausian, 20:30ean hasita.

Urtero bezala, elkartasun helburua izango du festa honek. Aurreko edizioetan ekonomikoki lagundu dituzte Zaporeak, Etiopia Utopia, Ibarrako Misio Taldea eta Kellesensa Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Aurten, Asdent GKE-rentzat izango da bildutako dirua. «Tolosako herriari jarduera bat eskaintzeaz gain, egoera ahulean dauden pertsonei laguntza eman nahi diegu», adierazi zuten antolatzaileek aurkezpenean.

Txotx solidarioaren edizio guztietan, Iñaki Lopetegi argazkilari tolosarra antolatzaileekin batera aritu izan da lanean. 2021eko uztailan hil zen Lopetegi; hori dela eta, elkarteko kideek omenaldi bat egiteko asmoa dute aurten. Lopetegik txirrindularitzarekin zuen lotura estua kontuan izanda, puntako hiru txirrindulari gonbidatu dituzte aurtengo ediziora: Abraham Olano anoetarra, Migel Indurain eta Frantziako Tourrean parte hartu zuen lehen tolosarra, Modesto Urrutibeazkoa. Urtero gonbidatu izan dituzte kirolari ezagunak ekitaldi honetara: 2017an, Juan Martinez de Irujo pilotaria; 2018an, Julen Lopetegi futbolari ohi eta entrenatzaile asteasuarra; 2019an, 80ko hamarkadako Realeko jokalariak; eta 2020an, Nerea Eizagirre futbolaria eta Irene Caminos trial txirrindularia. 

Afarirako sagardotegiko menu klasikoa izango da, eta zuzeneko musikarekin girotuko dute gaua. Tortillarik ez da egongo, baina txuletez gain, gazta, kroketak eta Joxe Mari Barriolaren txistorrak dastatzeko aukera izango da. Horrez gain, askotariko sagardoak edan ahal izango dira, eskualdeko sagardotegi desberdinetako upelak izango baitira: Lizartzako Goikoetxea, Asteasuko Sarasola, Adunako Aburuza eta Zabala eta Tolosako Eguzkitza eta Isastegi. «Tolosaldeko sagardogileen ekarpenari eta salneurri bereziak egiten dituzten genero hornitzaileei esker, pertsonako 30 euroko prezioan salduko ditugu tiketak», esan dute antolatzaileek. Ekitaldirako sarrerak elkartean bertan erosi daitezke, astelehenetik ostiralera, 19:00etatik 21:00etara bitarte. Afariko txartelekin lortutako diruaz gain, zenbait otorduren zozketak egingo dituzte, eta beraz, horietatik ere lortuko dute dirua.

Dent gaixotasunaren sendabide bila

2011n sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da Asdent GKE. Nacho izeneko haur baten diagnostikotik abiatuta eratu zuten. Gaixotasunak sendabiderik ez zuela ikusita, gurasoek, Eva Gimenezek eta David Muñozek, gaixotasunaren ikerketarako dirua biltzeari ekin zioten.

Dent gaixotasuna gaixotasun minoritarioa da; gaixotasun oso arraro gisa sailkatuta dago. Giltzurrunen ohiko funtzioetan eragina duen X kromosomaren mutazio batek eragindako gaitz genetikoa da. Hauek beren lanaren zati handi bat egiteari uzten diote, eta organismoak bizitzarako oinarrizko elementuak ez bereganatzea eragiten du, hala nola, potasioa, magnesioa, proteinak, bitaminak, kaltzioa, eta abar. Dent gaixotasunak ere hainbat mutazio jasan ditzake, nahiz eta hauek bere funtsezko afekzioak izan. Nacho konplikazioak izaten hasi zen haurdunaldian eta jaiotzean, baina hazkundean ere hedatu egin ziren.

Dent gaixotasuna sendatzeko asmoz jaio zen Asdent. Horretarako, dirua modu pribatuan biltzen dute, Bartzelonako Vall d 'Hebrón Ospitaleko Ikerketa Institutuarekin eta Tenerifeko La Candelaria Ospitalearekin batera ikerketa bat hasteko. Ikerketa-lerro horren bidez, sendabide bat aurkitzea da erakundearen erronka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!