Tolosako Haur, Nerabe eta Gazteen Ekintza Plana aurkeztu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 17a, 11:57

Plana herriko talde, eragile eta gazteekin elkarlanean garatu du udalak eta helburu du Tolosako haur, nerabe eta gazteen ongizatea bermatzeko egin beharreko esku-hartzeak eta eskaini beharreko zerbitzuak definitu eta zehaztea. 2023 eta 2027 artean garatuko da.

Tolosako Udalak abenduan aurkeztu zuen Haur, Nerabe eta Gazteen Ekintza Plana 2023-2027. 2021ean abiatu zuen plan hori osatzeko prozesua, eta lehen urrats gisa, diagnosi sakon bat egin zuen egungo egoera aztertu eta ezagutzeko, bereziki gazteen ikuspegitik, hauek alor desberdinen inguruan dituzten beharrak, pertzepzioa, balorazioa era iritziak ezagutzeko helburuarekin.

Diagnosia herriko hainbat eragile eta taldeekin elkarlanean egin dute: kirol elkarteak, ikastetxeak, kale hezitzaileak… Prozesuan noski, gazteen parte-hartzea ere izan da, beraiek baitira egindako lanketaren hartzaile zein protagonista nagusiak.

Behin diagnosi fasea amaituta eta hori oinarri hartuta, Ekintza Plana garatzeko lanketa egin du udalak. Joseba Ormazabal Gazteria eta Komunitate eta Gobernantza sailetako zinegotziak esan duenez, prozesua bere horretan «entzute ariketa bat» izan da. «Gazteak eta beren beharrak erdigunean jarrita, beraiei ahotsa emateko eta behar horiei egokitutako plana osatzeko balio izan du, Tolosa gazteentzako erabilgarriagoa eta erakargarriagoa bihurtzeko. Diagnosian ateratako ondorioei esker, urte anitzetarako plana osatu dugu, 2023-2027 indarraldia izango duena eta guztira indarrean jarriko diren 69 ekintza barne hartzen dituena».

Diagnosian aztertutakoaren arabera, zenbait ondorio nagusi atera ditu udalak. Batetik, herriko ekipamenduak, esaterako Usabal Kiroldegia edo Gazte Topagunea, ondo baloratzen dituzte gazteek, baina ordutegia zabaltzeko aukera aztertzeko eskatzen dute. Horrez gain, kalean espazio estali gehiago ahalbidetzeko eskaera ere jaso du udalak eta udalerriko hiru ikastetxeen arteko topaketa sustatzeko dinamikak sortzea ere bai, haur, gazte eta nerabeei zuzendutako programa gehiago egitearekin batera. Halaber, 20 eta 30 urte bitarteko gazteen kezka nagusia etxebizitza arloa dela argi geratu da diagnosian. Eta, era berean, gazteek positiboki baloratu dituzte udalak eskaintzen dituen diru laguntzak alokairu ordainketa errazteko eta ahalbidetzen dituen Euskal Herria plazako bizilekuak.

5 ardatz, 17 helburu espezifiko eta 69 ekintza

Diagnosian azaleratutako ondorioak kontuan izanik, Ekintza Plan zehatza garatu du udalak, helburu izanik 0 eta 30 urte bitarteko tolosarren ongizatea bermatzeko egin beharreko esku-hartzeak eta eskaini beharreko zerbitzuak definitu eta zehaztea. Plana 2023 eta 2027 bitartean gauzatuko du udalak, eta guztira 5 ardatz, 17 helburu eta 69 ekintza jasotzen ditu. Bost ardatzetan egituratuta dago, udalak haur, nerabe eta gazteen inguruan identifikatu dituen bost erronka nagusiekin lotura dutenak.

  1. Haur, nerabe eta gazteen aisialdiaren erabileran esku-hartzea eta herriko espazioak eta ekipamenduak haur, nerabe eta gazteen beharretara egokitzea: Ardatz estrategiko hau 24 ekintzetan landuko du udalak. Horien artean daude nerabe eta gazteei zuzendutako kultur eskaintza diseinatzeko parte-hartze prozesu bat garatzea, lehenengo nerabe eta gazteen nahiak eta beharrak zein diren identifikatzeko eta ondoren programazioa haiekin diseinatzeko; balio anitzetarako baliagarria izango den gune estalia eraikitzeko aukera aztertzea hirigintza sailarekin batera; eta Gazte Topagunearen zerbitzua indartzea egungo beharretara egokituz eta honakoak eguneratuz: azpiegitura eta baliabide materialak, baliabide pertsonalak, ordutegiak, ekintza motak, etab.
  2. Parte-hartzea, herritartasuna eta komunitatearekiko lotura sustatzea: Ardatz honen baitan, Udalak dagoeneko abiarazi du administrazio-maila ezberdinen antolaketa eta funtzionamendua Tolosako nerabeei ezagutarazteko proiektu didaktikoa, modu pilotuan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Hezkuntza Sailarekin eta Tolosako hiru ikastetxeekin batera. Horrez gain, gazteen parte-hartzearen panela osatzea ere aurreikusten du Ekintza Planean.
  3. Bizi estilo osasuntsua, jasangarritasuna eta berdintasuna bultzatzea: Horretarako, 12 ekintza zehaztu ditu Udalak, hala nola, Tolosako haur, nerabe eta gazteen artean menpekotasuna eragiten duten kontsumoen inguruko azterketa burutuko du, esku-hartze politikak egokitzeko: alkohola, edari energetikoak, bestelako sustantziak, jokoa eta IKT-ak.
  4. Emantzipazioa eta autonomia sustatzea: enplegua eta etxebizitza: 20 eta 30 urte bitarteko gazteen kezkei erantzunez, 12 ekintza jaso ditu Udalak, horien artean Emari co-working espazioa ekintzailetzarako erreferentziazko gunea indartzea, ez bakarrik lanerako espazio gisa den zerbitzu bezala, baita prestakuntzarako eta aholkularitzarako gune moduan ere, eta baita gazteei zuzendutako alokairu sozialeko etxebizitzen parkea handitzea.
  5. Haur, nerabe eta gazteen saila indartzea, zabaltzea eta ikusaraztea: Bederatzi ekintza jasotzen ditu ardatz honek, adibidez, haur, nerabe eta gazteen sailaren beharrak identifikatzea eta baliabideak zehaztea, ekonomikoak zein pertsonalak.

Hemen kontsultatu daiteke Haur, Nerabe eta Gazteen Ekintza Plana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!