Tolosaldea LHII Lanbide Heziketako bikaintasun-zentroen sareko kide izango da

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 17a, 17:00



Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutu Integratua eskualde zein estatu mailako sektore estrategikotakoa den mekatronika industrialaren arloan aukeratu dute. Institutuak milioi bat euroko diru laguntza jasoko du, aurkeztutako proiektua martxan jartzeko.

Joan den urteko uztailaren 22an, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak Espainiako bikaintasun-zentroen sare bat sortu zuen, eta horiek ezartzeko eta garatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri zituen, Europar Batasuneko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (MRR) esparruan. Deialdi horretatik, Estatuko LHko 44 ikastetxe hautatu dituzte lanbide-heziketako ikastetxeen bikaintasun-sareko kide izateko.



Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutu Integratua eskualde zein estatu mailako sektore estrategikotakoa den mekatronika industrialaren arloan aukeratu dute. Institutuak milioi bat euroko diru laguntza jasoko du, estatuko punta-puntako zentroen sare honetan sartzeagatik, aurkeztutako proiektua martxan jarri eta espezialitate horretan erreferente bihurtu ahal izateko.



Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, LHko hiru ikastetxe hautatu dira. Bergarako Miguel Altuna Fabrikazio Automatizatuaren espezialitatean eta Usurbilgo Lanbide Eskola Energia Berriztagarrien espezialitatean, Tolosaldearekin batera arituko dira bikaintasuneko zentroen sarean. Mekatronika industrialaren espezialitatean, estatuko beste hiru ikastetxe ere hautatu dituzte: Nafarroako Virgen del Camino, Madrilgo Luis Vives eta Asturiasko CIFP de los sectores industrial de servicio.

Iñaki Paz Tolosaldea LHII-ko zuzendariak adierazi du hautaketa ikastetxeak «azken urteetan egindako lan onaren aintzatespena» dela. «Gure inguruko industria-sarearen premiei erantzuten dien lanbide-heziketa sortzea lortu dugu. 
Aldi berean, erantzukizun handia da, estatu osoko irakasleak mekatronika industrialaren esparruan prestatuko ditugulako.
 Era berean, aukera bikaina da sarean hautatuak izan diren estatuko lanbide-heziketako beste ikastetxeak ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta haiekin lankidetzan aritu ahal izateko», gaineratu du.

Tolosari eta Tolosaldeari begira, profil mekatronikoa duen jendea prestatzeko «denbora eta dirua inbertitzeko aukera» ematen duela esan du Pazek. «Ondoren, inguruko enpresetan ezagutza hori guztia aplikatu ahal izango da. Era berean, inguruko enpresekin lan egiteko aukera eman du, profil mekatroniko hori haien beharretara egokitzen den ikusteko. Gainera, proiektu honek Tolosa mapan jarriko du, berrikuntzari, ezagutzari eta abarri dagokienez».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!