Ospakizun eguna Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarentzat

Ataria 2023ko urt. 16a, 17:00

Bosgarren urteurrena bete berri du, eta gaur, azken urteetan egindako lana azaldu dute Tolosaldeko pentsiodunen mugimenduko kideek Tolosako Zerkausian; kantu berria ere abestu dute.

Tolosan elkartu diren Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariek adierazi dutenez, urte askotan pentsiodunei «tratu txarrak» eman ondoren, Espainiako Emplegu ministroak pentsioen %0,25eko igoera baieztatzeko bidalitako gutunak eragin zuen milaka eta milaka pentsiodunek bost urte geroago martxan jarraitzen duen borroka hastea. Gaur, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bost urte hauetan lortutakoa ospatu dute ekitaldi berezi batean.

Adineko 70 lagun inguru bildu dira Zerkausian Euskal Herriko pentsiodunen 5. urteurrena ospatzeko. Bost urte hauetan lortu dutena hitzaldi batean aipatzeaz gain, aldizkari bat plazaratu dute urte hauetan egin dutena bilduma modura jarrita. Horretaz gain, Iñaki Ortiz de Villaba Modus Operandi eta Betagarri musika taldeetako kideak, Xabier Amuriza bertsolariak eta Amaia Zubiria abeslariak egindako Pentsionistak aurrera abestia kantatu dute, eta ekitaldiari amaiera emateko, pintxoak eta edariak banatu zaizkie bertara hurbildu direnei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bost urte hauetan, honako hauek lortu dituzte:

  • Osasun publikoari eta mendekotasuna artatzeko zerbitzu sozio sanitario publiko komunitarioei laguntzeko mobilizazioetan parte hartu.

  • Euskal Herriko 200 udal baino gehiagotan banku-zerbitzuetan aurrez aurreko arreta bermatzeko mozioak onartzea lortu.

  • Langileen soldatak eta lan-baldintzak hobetzeko borrokei elkartasuna adierazi.

  • EHn gizarte mobilizaziorako erreferente izatea lortu.

Hala ere, aipatu dute mila arrazoi dituztela borrokan jarraitzeko, eta horregatik duela bost urtetik eskatzen ari diren premiazko eta ezinbesteko aldarrikapenak eskatzen jarraituko dutela. Aberastasunaren bidezko banaketa, soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea eta zerbitzu publikoak hobetzea eskatzen dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!