ERREPORTAJEA

Naturari ateak zabalduz

Eneritz Maiz Etxarri 2023ko urt. 20a, 07:59

Aranburu jauregian dago ikusgai 'Mundu naturala' erakusketa. E.M.E.

Juan Sagastizabal gasteiztarraren Mundu Naturala koadro erakusketa dago jarrita Tolosako Aranburu jauregian, eta maiatza bitarte izango da; mendian ateratako argazkiei tiraka naturaren bizitasuna transmititzen du bere koadroetan.

Aranburu jauregian jarria duten Juan Sagastizabal artistaren Mundu naturala erakusketak abenduan zabaldu zituen ateak. Mundu erabat naturalera bidaiatzeko aukera ematen du, eta otsailaren 4a bitarte izango dira ikusgai koadroak, Tolosan.

Juan Sagastizabal duela hirurogeita hamar urte Eibarren jaio bazen ere, zazpi urte zituenetik Gasteizen bizi da. Afizio moduan ume-umetatik margotu izan du Sagastizabalek. «Eibarren nire amaren lehengusu bat margolaria zen, eta beti pintatzen ikusten nuen», kontatu du. Eta «guztiz harrituta geratzen nintzen».



10-11 urterekin hasi zen bere lehen lanak egiten, eta afizioa betidanik izan du. Arkitektura ikasketak egin zituen, eta lanbidez aparejadore izatera iritsi zen: «Ez nuen pintura guztiz utzi baina, denborarekin jabetu nintzen ez nintzela zoriontsu harekin».

27 urterekin, eta emaztearen laguntzarekin eta babesarekin pinturara dedikatzen hasi zela esan du artistak, «baina ez esklusiboki pinturara dedikatuta». 50 urteren bueltan eman zuen pinturatik bakarrik bizitzeko pausoa.



«Honetatik bizitzea oso zaila da», aitortu du. Hori horrela, arlo artistikoari lotutako lan ezberdinetan aritua da: kartelak, ilustrazioak, diseinu grafikoa,... «Publizitate agentzietan, diseinu grafikoko klaseak eman ditut», zehaztu du. Era berean, nabarmendu nahi izan du ia beti lanaldi erdian lan egin izan zuela, pinturara dedikatzeko tartea izan zezan. «Hori baita nire pasioa».

Pintore bizitzan aldaketa asko eman dituela argitu du: «Hasieran margolari abstraktua nintzen. 70eko hamarkada, mutil gaztea bada abstraktua izan behar nuen, eta eroso sentitzen nintzen».



Denborarekin, poliki-poliki, eboluzio bat eman du, eta hasiera batean pintura espresionistan sartu bazen ere, gero poliki-poliki errealista izatera pasa zen. «Orain egiten ditudanak oso errealistak dira, eta batzuentzat hiperrealistak izango dira, niretzat horretara iristen ez badira ere».

Gaur eguneko koadro guztiek naturarekin dute lotura «oso estua». «Oso gertutik edo bertatik hartuak dira nire lan guztiak», dio. Errealitate absolutua ez, bizitasuna transmititzen ahalegintzen da; bizitza.



Natura inspirazio iturri

Garai bat izan zuen haurrak marrazten zituena, baina, hori albo batera utzi, eta naturan sartu zen. Natura betidanik inspirazio iturri izan duela esan du. Ez zekiela oso ondo zeri heldu aitortu du, eta aldi berean, «intsektuak betidanik interesatu izan zaizkit, umetatik; bitxoak, hau da, tximeletak, sorgin-orratzak, erlastarrak,... eta horretan barneratzen eta mendian paseoak ematen hasi nintzen».

Abantailatzat ditu gaur egungo argazki kamerak edota mugikorrak argazkiak atera ahal izateko. «Mendian argazki asko ateratzen ditut, zomorroei, landareei edota loreei. Azken batean aitzakia bat baino ez dira». Benetan gustatzen zaiona, ordea, «estudioan sartu eta pinturan trebatzea da», dio. «Egitura, gaia, osaketa, argazkien nahasketa... mundu propio bat bilatzea da; bizitzaren sentsazioa izatea da, eta hori da menditik pasatzeak ematen didan plazera».



Paseora atera eta jokoa eman diezaiokeen ezer aurkitzen badu argazkia ateratzen dio: «Gero argazki horiek nire ordenagailuan konbinatu egiten ditut; batean interesatzen zaidan landare bat dago, besteko bitxo bat jarri... eta argiarekin eta koloreekin jolasten dut».

Behin argazkia landuta hasten da benetako margolariaren lana. Olio-pintura erabiltzen du bere koadroak marrazteko. «Batzuetan koadro bat lehendabizikoan ateratzen zaizu, eta 20 egun edo hilabete batean bukatu dezaket. Eta beste batzuekin ez dago modurik eta utzi egin behar dut, eta hurrengo urtean berriz hartu», eta «agian orduan ikusten duzu zergatik ez zitzaizun ateratzen, eta beste bide batetik hartzen duzu», kontatzen du.



Lan handia duela aitortu du natura bizi hori irudikatzeak, eta denbora asko eskatzen duela esan du: «Oso-oso konplexua da, eta detailez betea da».

Aldi berean, naturak duen mehatxua jarri nahi izan du erdigunean: «Aldaketa klimatikoa hemen dago eta zomorroak desagertzen ari dira. Ni gaztea nintzenean uda amaiera aldera, udazkenaren hasieran, zientoka matxinsaltok egiten zuten salto pasatzen zinen tokian, eta gaur egun hori jada ez da gertatzen. Edo autoarekin bidaia luze bat egin eta kristalean intsektu mordo bat izaten ziren. Fauna txiki hori erabat desagertzen ari da».



Erretirorik ez buruan

Bizitzak uzten dion bitartean margotzen jarraituko duela azaldu du. «Ez dut erretiroa hartzeko intentziorik. Margolariak ez gara erretiratzen», esan du argi eta garbi. Bere pasioa dela argitu du beste behin, eta etxeko zereginek edota bilobek kentzen dioten denboraz aparte, pinturara dedikatzen dela, edota horretarako denbora ateratzen duela.

Bere lanak erakusketa ezberdinetan jartzen ditu ikusgai, eta irri artean dio koadroak saltzea izaten duela helburu. Azpimarratu du gaur egun gero eta zailagoa dagoela herri ezberdinetan erakusketak jartzeko tokiak aurkitzearena: «Gasteizen bizi naiz eta normala den moduan bertan koadroak ikusgai jartzen ditut gehien eta bertan naiz ezagunagoa ere». Era berean, azaldu du «oso txarra» dela bere burua saltzen, eta alde batetik bestera mugitzen. Tolosara familiako kide bat tarteko iritsi da.

Herritarrak Aranburu jauregira joatera animatu nahi izan ditu, «uste dut gehiago edo gutxiago gustatuko zaizkiela; nire koadroek ez dute interpretazio lanik eskatzen». Azken batean, paisaia ezberdinetan sartu eta naturan barrena egin daitekeen bidaia da; natura gertu-gertutik ikusiko dute, eta artistak koadro ezberdinen bidez naturaren beraren «bizitasuna» transmititu nahi die bertaratzen direnei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!