ELKARRIZKETA

«Ontzia zure bibrazioa harmonizatzeko instrumentu bat da»

Imanol Garcia Landa 2023ko urt. 22a, 07:59
Gaspar Urkola soinu terapeuta. I.G.L.

Barnera begiratzeko bere bidea topatu zuen ontzi tibetarraren bitartez; sakontzen jarraitzen du bide horretan, eta berari on egiten dionak besteei eskaintzen die Gaspar Urkolak.

Gaspar Urkola Gaxpi Lilakhanta (Tolosa, 1974) ontzi tibetarren bitartez, soinu terapiaren munduan murgilduta dago. Saioak egiteaz gain, tailerrak ere ematen ditu. Ontziak nola jotzen diren hastapeneko ikastaroak eman izan ditu eta eskaerak ere jaso ditu maila aurreratuagokoak emateko.

Nola iritsi zinen tibetar ontziak erabiltzera?

Ni orain ia 20 urte hasi nintzen yogarekin. Gaizki nengoen, antsietatea nuen eta erdi depresibo nengoen, eta yoga egitera joan nintzen. Urteak eman nituen yoga praktikatzen eta denborarekin maisu izateko ikasketak egin nituen. Yogan sakontzen hasten zarenean meditazioa lantzen hasten zara, baina ikusten nuen ez nintzela meditazio puntu on batera iristen. Egun batean, Tolosako Anandi Yoga Eskolan, gure maisuak tibetar ontzi bat zuen eta deigarria egin zitzaidan soinua. Hasi nintzen jotzen eta ikusi nuen horrek konektatzen lagundu egiten zidala. Sentitu nuen bibrazioak eta soinuak laguntzen nindutela meditazioan sakontzen, sarrera on bat eginez. Hasi nintzen sakontzen, informatzen, eta hemen Tolosan zerbait gehiago ikasi nuen emakume baten bitartez, eta azkenean animatu nintzen Nepalera joatera.



Nolakoa izan zen Nepalera egindako bidaia?

Esperientzia bat bizitzera joan nintzen, eskolaren bat topatzeko asmoz. Oso aberasgarria izan zen. Hemendik joan nintzen ezer lotu gabe, eta Katmandun hasi nintzen bati eta besteari galdezka. Han, Patan hirira joateko esan zidaten. Bertan eskola bat topatu nuen, Urrezko Ontziak izenekoa, eta hamar egun egon nintzen ikastaro bat egiten. Hona bueltatzerakoan, hemen ere zenbait maisu eta maistra topatu nituen, eta orain emakume bat dut maistra bezala. Herbeheretarra da eta Galizian bizi da; berarekin asko sakondu dut eta landu dut, eta berarengana joaten jarraitzen dut.

Ez duzula, beraz, bi asteburuko ikastaro bat bakarrik egin.

Ez, urteak daramatzat sakontzen, eta, azken finean, disfrutatzen. Lotzen zaitu, eta ikusi dut barnera begiratzeko nire bidea dela. Gauza dezente probatu izan ditut, eta oraindik ere jarraitzen dut probatzen, baina ikusi dut nire bidea ontzi tibetarren bitartekoa dela.

Saioetan hogei ontzi inguru erabiltzen dituzu.

Azkenean gora etortzen gara, eta bat eta bestea, eta hurrengoa erabiltzen ditugu. Horrez gain, gong batzuk ere erabiltzen ditut.



Eta zertarako dira, zer funtzio dute ontzi tibetarrek?

Nik erabiltzen ditudanak oinarrizko zazpi metalekin eginda daude, tartean urrea, zilarra eta beruna. Eskuz eginda daude, mailuekin joz eginda. Ontziak egin bitartean artisauak mantrak abesten ari dira, eta bukaerako afinazioa ilargi beteko gauean egiten da. Horrela da, behintzat, tradizioa. Ez daude bi ontzi berdin, beraz. Bakoitzak du bere tonua eta bere nota, eta bere harmonikoak. Ez daude afinatuta espresuki nota batean. Oinarrizko nota bat dute, baina gero beste bi edo hiru izan ditzakete, eta horiei deitzen zaie harmonikoak. Nota horiek edota bibrazio horiek burua pixka bat zentratzen laguntzen dute. Hori da nire bizipena, behintzat.

 

«Nik erabiltzen ditudan ontziak oinarrizko zazpi metalekin eginda daude»



Nolakoa izaten da saio bat?

Nik egiten ditudan saioetan etortzen denari proposatzen diot etzanda jartzeko, manta batekin tapatuta. Izan ere, asko erlaxatzen zarenez, edo tentsioa jaisten zaizunez, hotz sentsazioa izan dezakezu. Badago jendea nahiago duena eserita egotea eta begiratzea, baina nire iritziz bizipena sakonagoa izateko etzanda eta begiak itxita egotea egokiagoa da. Ni gelan batera eta bestera ibiltzen naiz, eta ontzien soinuaz gain nire ahotsa ere erabiltzen dut; barneko soinua ateratzeko teknika bat ikasi dut eta hori erabiltzen dut. Jendeak ere eskertzen du, eta esaten du ahotsa sartzerakoan beste efektu bat sortzen duela. Normalean ordubeteko saioak egiten ditut, nire bikotekide Sara Vazquezekin batera.
Azken Muga jaialdiaren barruan, ontzi tibetarrekin saioa egin zuten Zarateko lepoa. UXUE LASA


Eta tailerra nolakoa izaten da?

Saioak egiten hiru bat urte daramatzat, eta batek baino gehiagok proposatu dit ontziak jotzen erakusteko. Jendearen interes horrek bultzatuta, orain urtebete inguru izango da, aurreneko hastapen ikastaroa eman nuela. Larraulen izan zen, eta gogoan dut urduri nengoela, baina oso gustura geratu nintzen, eta parte hartu zutenak ere oso gustura aritu ziren. Hortik aurrera animatu nintzen tailer gehiago ematera, eta azkenaldian hilabetean behin-edo ematen ditut, leku ezberdinetan. Hemen inguruan azkeneko bat Araban egin dut, Lucia Telleria tolosarrak Arriolan ireki duen espazio batean. Normalean bi ordu ingurukoa izaten da hastapeneko ikastaroa: zer den ontzia, nola landu daitekeen fisikoki... azaltzen dut. Jendearen erantzuna ona izaten da, eta zenbaitek esan didate dagoeneko gehiago sakondu nahi dutela eta beste maila bateko ikastaroa egin nahi dutela.



Nola definituko zenuke ontzien soinua?

Ontzi bakoitzak nota ezberdin bat du, baina egia da guztiak antzeko frekuentzian daudela. Lehen esan bezala, oinarrizko nota bat dute, eta hortik aparte bitik seira bitarteko nota harmonikoak dituzte. Hau metalezko ontzi tibetarrei dagokie. Uhin hauek gure burmuina zentratzen dute eta gure zelulak ordenatzen dituzte. Ontzi horietako batean ura sartzen baduzu, gero bibratzen duenean marrazkiak ateratzen dira. Ura asko harmonizatzen dute ontzi hauek, eta gu %70 inguruan ura garenez, gure zelulak harmonizatu eta lasaitu egiten ditu. Tentsioa dagoen egoera batean bibrazioa jaisten laguntzen du eta geure burua lasaitzen laguntzen digu; azkenaldi honetan bizi izan ditugun egoerekin, non tentsio, zalantza eta ikara bizi izan dugun, uste dut lagungarria badela. Jende asko ari da gauza alternatiboak bilatzen gorputza eta burua lasaitzeko, hainbeste informazio sartzen digutenez...

Jotzeko modu ezberdinak ere izango dira, ezta?

Alde batetik, kolpea jotzea da, eta hori feltrozko mazoarekin egin behar duzu. Bestetik, baketekin igurtzi egiten duzu ontzia. Mazoarekin bibrazioa edo soinua ateratzen duzu, eta norabide bat ematen diozu intentzio jakin batekin. Intentzio jakin bat eman nahi badiozu, bideratu egiten duzu bibrazioan; garrantzitsua da hori bideratzerako unean. Batzuek diote ontziak sakratuak direla eta arima dutela; nik asko maite ditut, baina azkenean bakoitzaren energiaren bideratzaileak dira. Energia bizidunek dute, guk jartzen dugu energia ontzian eta berak bideratu egiten du talde batean bazaude, edo norberari zuzenean, bakarrik bazaude. Nik horrela bizi dut: ontzia da instrumentu bat zure energia edo zure bibrazioa harmonizatzeko, bideratzeko. Beste pertsona batekin partekatzen ari bazara baita ere, tarteko bidea egiteko.

 

«Mazoarekin bibrazioa edo soinua ateratzen duzu, eta norabide bat ematen diozu intentzio jakin batekin»



Ontzi tibetarrak deitzen zaie, Tibeten dutelako jatorria. Baina badago beste kultura batzuetan horrelakorik?

Ontzi tibetarrak deitzen zaie Tibeten aurkitu zirelako. Esaten da budismoa baino zaharragoak direla, eta Budak bat izan zuela bere eskuetan. Hori ezin da zehazki jakin, baina bai esaten da bibrazioaren lana Buda baino lehenagotik datorrela, ayurveda tradizioan erabiltzen zutela bibrazioa gehienbat, eta ontziak erabiltzen zituzten. Gero, ontziak alde batetik gong-ak bihurtu ziren, eta beste aldetik kanpaiak. Badaude kanpai sakratuak ere; adibidez, Indian pare bat kanpai badaude bibrazio oso indartsua dutenak. Gong-ak Txinan eta Japonian erabiltzen dira; Asian ia alde guztietan daude gong-ak, bai deitzeko, hemen kanpaiak erabiltzen diren moduan, edo lekuak harmonizatzeko ere; musikarako ere erabiltzen dira.

Zuk metalezko ontziak erabiltzen dituzu, baina badaude kuartzozkoak ere, ezta?

Kuartzozko ontziak modernoak dira, gaur egun egiten dira. Badaude metalezko ontzi asko ere, bai industrialki egiten direnak, eta baita tradizioan oinarrituta egiten direnak ere. Kuartzozkoak mailu batekin ezin dira egin; bibrazio oso indartsua eta oso sakona dute, baina nota bakarra dute. Metalezko ontziek, lehen esan moduan, oinarrizko nota bat dute, eta gero beste batzuk ateratzen dira, harmonikoak direnak, eta horiek oso terapeutikoak direla esaten da. Kuartzozkoetan nota bera izaten da, zortzidun bat gorago edo beherago, eta ez dira sortzen harmonikoak. Kuartzozko hainbat ontzi badaude, nota ezberdinak sortuko dituzu. Nik bakarra dut kuartzozkoa, eta ez dut asko erabiltzen, baina hor dago bere lana egiteko.

Tolosaldean adibidez saioa eskaini duzu Tolosako Amarotz auzoan, eta Azken Muga jaialdiaren barruan Zarateko lepoan, zuhaitzen artean.

Bai, Zarateko lepoan pago handi baten azpian egin genuen, leku zoragarri batean, eta saioa oso polita izan zen. Azken hilabetean Gredosen (Avila, Espainia) izan gara ikastaro bat ematen eta ondoren saioa eskaini genuen. Oso harrera ona izan zuen, eta oso gustura gaude. Aurrera begira nola bideratu aztertzen ari gara, baina presa handirik gabe. Nahigabe, jendea deika dabil edo eskatzen ari da. Eskola batean ere egin nuen saio bat, eta horrelako proposamenak iristen direnean, probatzea pentsatzen dut, ikusteko ea zer gertatzen den. Beti bideak irekitzen dira, eta nire kuriositatea ere hor dago, saioek nola eragiten duten ikustea, alegia. Aurreko udaberrian saio batera pertsona gor bat etorri zen, eta soinua entzun ez baina bibrazioa nola sentitzen zuen jakitea interesgarria izan zen. Interesgarria da autismoa duen haur bati nola eragiten dion ikustea.

Talde saioak emateaz gain, indibidualak ere eskaintzen dituzu.

Bai, terapia saio indibidualak eskaintzen ditut, nire etxean egokituta dudan espazio batean. Landu daitezke min muskularrak, emozioak, estresa, antsietatea, depresioa... Bestalde, etxeetako eta espazioetako garbiketa energetikoak egiten ditut. Erradiestesia ikastaro batzuk ere egin ditugu eta hagaxkekin eta penduluekin energia neurtzen dugu. Ur korronteak eta Hartmann lineak non dauden begiratzen dugu ere, eta gero hori nola harmonizatu azaltzen dugu, eta horrez gain ontziekin ere laguntzen dugu garbiketa energetikoan eta harmonizazioan.



Yoga irakasle izateko ikasketak egin zenituela aipatu duzu. Klaseak ematen dituzu?

Tolosako Anandi eskolan klaseak eman nituen hainbat urtez, baina gero ontzi tibetarren munduan gehiago sakontzea erabaki nuen. Eskolaren ardura nire maisua izan zen Bharatek darama, eta tarteka behar izaten badu ordezkapenen bat egiten dut. Gero, Eguberrietako opari moduan saio bat eskaintzen diet bere ikasleei, eta ikasturte bukaeran ere saioren bat egiten dugu.

Barnera begirako teknikak edota praktikak gero eta zabalduagoak daude gurean?

Uste dut lehenagotik ere gero eta gehiago zabaltzen ari zirela: yoga, tai chi, chi kung... Gu gazteagoak ginenean arraroagoa zen horrelako teknikei buruz entzutea. Gogoan dut nire ama yoga egitera joaten zela, lehenengoetakoa izango zen Tolosan, eta broma egiten genion horregatik. Gero, denborarekin, bere bidea jarraitu dut. Sentitzen dut gaur egungo gizartean jendeak gero eta gehiago bilatzen duela bizi dugun azkartasun honetatik atseden hartzea; ez dut esaten apartatzea, ni ere ez bainaiz sistematik ateratzen, baina bai bilatzen dudala nire momentua geratzeko. Bestela, erokerian sartzen gara eta galduta ibiltzen gara. Beraz, barnebide hori bilatu eta uste dut jendea gero eta kontzientziatuagoa dagoela; bilatzen ari dela, eta bide asko daude: yoga, meditazioa, mindfulness, budismoa, taoismoa, reiki, terapiak... Hainbat bide daude eta jendea probatzen doa. Nik ontziekin egin nuen topo, lotu egin nau, eta ez dakit betirako izango den. Beste gauza batzuk ere probatzen ditut, baina orain ontziekin gustura nago, ondo sentiarazten didate, eta hori da garrantzitsuena: nahiz eta beste batzuek barre egin-edo, norberak ikusi behar du zerk egiten dion on.

 

«Jendeak gero eta gehiago bilatzen du bizi dugun azkartasun honetatik atseden hartzea»



Eta aukera eskaintzen duzu zuri on egiten dizun hori elkarbanatzeko.

Bai, ikusten duzunean zurekin funtzionatzen duela eta onurak dituela, elkarbanatzeko gogoa ematen dizu. Niri ondo datorkit; jendeak probatu dezala, eta balio badio, primeran. Urteak egin nituen meditazioarekin lanean, baina oso behartuta, eta bat-batean iritsi zen une bat, ontzi batekin beste gauza bat sentitu nuela. Horretan murgildu naiz, eta hor jarraitzen dut, sakontzen.

 

AURRERA BEGIRAKO SAIO ETA TAILERRAK

Urtarrilaren 31n, Tolosako 3 Tabernan, 22:00etan hasita saioa eskainiko dute Gaspar Urkolak eta Sara Vazquezek. «Lehenengo aldia izango da saio bat egingo duguna, irekian, taberna batean. Esperientzia berriak probatu egin behar dira».

Otsailaren 4an, Tolosako Anandi Yoga Eskolan, 10:00etatik 12:30era hastapeneko ikastaroa eskainiko dute. Arratsaldean, 15:00etatik 19:30era, sakontze mailako tailerra. Bukatzeko, soinu bainua edo saioa eskainiko dute, 20:00etan.

Otsailaren 5ean, Amezketan, 11:00etatik 13:00etara, Zaldizketa proiektuaren barruan, Goienetxe baserrian, Edurne Barriolarekin elkarlanean ariko dira. Zaldiekin konexioa egiteko saioa izango da, heziera naturalaren bidez, eta ontzi tibetarrekin armoniazko espazio bat sortuko dute, «esperientzia sakonagoa eta gogoangarriagoa» osatzeko.

Saio eta tailer horien inguruko informazio gehiago jaso daiteke Instagram.com/gasparurkola helbidean sartuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!