Usabal kiroldegiko fisioterapia zerbitzua eskualdatu dute

Ataria 2023ko urt. 16a, 11:58

Aurrerantzean Xabier Galarza tolosarra izango da zerbitzuaren arduraduna. Osatu izenpean, ekografia, ekografia bidezko neuromodulazioa, kirol lesioen errehabilitazioa, kirol masajea eta pilates terapeutikoa eskainiko ditu. 

Tolosako Usabal kiroldegiak hainbat zerbitzu barnebiltzen ditu bazkideei kirol-aukera zabala eta askotarikoa eskainiz. Zerbitzu horien artean, halaber, eta kirol eskaintzarekin uztartuz, orain, fisioterapia zerbitzua berreskuratu du.

Asier Martin kiroldegiko kudeatzaileak adierazi duenez, «helburua da Usabal kiroldegian diziplina askotarikoa izango duen osasun zentroa osatzea eta une honetan ditugun bi zerbitzuak, hau da, ERA Kirolak eskaintzen dituen kirol entrenamenduak eta fisioterapia zentroa, bata bestearen osagarri izatea, bazkideei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko».

Horrela, aurrerantzean Osatu izenarekin, Xabier Galarza gazte tolosarra izango da fisioterapia zerbitzuaren arduradun. Galarza, fisioterapia ikasketez haratago, kirol lesioen berregokitzean eta pilates terapeutikoan ere aditua da, eta egun, fisioterapia inbaditzailearen inguruko ikasketak eta Eibar Kirol Elkartean fisioterapeuta lanak uztartzen ditu, Osaturekin batera.

Galarzak adierazi du gogo handiz heltzen diola Osatu proiektuari. «Erronka polita iruditzen zait eta orain arte lan handia izan duen arren, ziur nago emaitza onak emango dituela. Nire baliabideen eta esperientziaren bitartez Osatura gerturatzen diren pertsonei laguntza eskainiko diet, beren min, lesio, disfuntzio, desorekak edo dena delakoa hobetzen laguntzeko».

Kiroldegian, astelehenetik ostiralera eskainiko du zerbitzua, goizez zein arratsaldez, azpi-solairuan (-1) kokatuta dagoen bulegoan. Bertan, ekografia, ekografia bidezko neuromodulazioa, kirol lesioen errehabilitazioa, kirol masajea eta pilates terapeutikoa eskainiko ditu zerbitzu gisa, besteak beste. Edozein kasutan, aurrez hitzordua hartzea gomendatzen da fisioterapia.osatu@gmail.com helbide elektronikora mezua idatziz edo 622 944 798 telefono zenbakira deituz.

Tolosako Udaleko kirol zinegotzi Joxe Mari Villanuevak adierazi duenez, «aldaketen urtea» izaten ari da Usabal kiroldegian. «Iaz, irailean, kirol instalazioen kudeaketaren ardura eskualdatu zen eta orain, fisioterapia zerbitzua. Esan beharra dut, ordea, aldaketa oro kiroldegiko zerbitzuak eta instalazioak hobetzen jarraitzeko direla, bazkideei beren beharretara egokitutako kalitatezko zerbitzu egokiena eskaintzeko. Asko dira une honetan Usabal kiroldegiak eskaintzen dituen zerbitzuak eta fisioterapiarena, kirol eskaintza hori osatzeko zerbitzu bikaina da», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!