Laura Sanzen kartelak iragarriko ditu Inauteriak

Ataria 2023ko urt. 13a, 14:14

51 lan aurkeztu dituzte denera, 8 emakumeenak eta 43 gizonezkoenak; horien artean Sanzena aukeratu du epaimahaiak. 1.500 euroko saria jaso du egileak.

Inauterietako kartela aurkeztu du gaur Tolosako Udalak, 2023ko inauteriei irudia emango dien kartela, alegia. Aurten lehen aldiz kartela erabakitzeko lehiaketa irekia egin du udalak, 2021 urte amaieran zendu baitzen 1969az geroztik inauterietako kartelaren diseinatzailea izan zen Tomas Hernandez artista. 

Aurtengo lehiaketak, beraz, hasiera eman dio etapa berri bati, hasiera indartsua, gainera. Guztira 51 lan aurkeztu dira lehiaketara, 8 emakumerenak eta 43 gizonezkoenak, eta horien artean, epaimahai bitartez Laura Sanz Fernandezek aurkeztutako lana aukeratu da irabazle gisa. Epaimahaikide izan dira Eider Epelde diseinatzailea, Leire Martinez Tolosako kultur etxeko pintura irakaslea, Edorta Kortadi arte kritikoa eta irabazlea eta Aitor Hernandez diseinatzailea eta Tomas Hernandezen semea. 

Hori horrela, irabazlearen irudia 2023ko inauteriak irudikatzeko erabiltzeaz haratago, Sanzek 1.500 euroko saria jaso du. Kartela kolore ezberdinetako forma geometriko eta organikoz osatuta dago, tolosarrek erabiltzen dituzten txilabei erreferentzia eginez. «Obra abstraktua da, kartelean bizitza eta mugimendu gehiago izatea lortzen duten hainbat irudirekin batera. Islatu nahi izan dudana, sormenez, dibertimenduz eta alaitasunez betetako eztanda da. Hori da, azkenean, inauteriak niretzat irudikatzen dutena», azaldu du egileak. 

Esker ona 53 urtetan egindako lanari

Tomas Hernandez artistak 53 urte igaro ditu inauterietako kartela diseinatzen, baina 2021eko Eguberrietan zendu zen eta 2022koa izan zen bere inauterietako kartelaren azken diseinua.

Hala eta guztiz ere, urteen poderioz, bere lanak Tolosako inauterien adierazle eta ikur bilakatu dira. Horren adibide dira, esaterako, inauterietako lehen kartel lehiaketa honetan, Hernandezen obra omentzen aurkeztutako hainbat lan.

Hori horrela, udalak, beste behin Hernandezen lana eta herriari egindako ekarpena eskertu nahi izan ditu. «Tolosarrok beti izango ditugu gogoan Tomasen lanak eta kartel horiek, Tolosako inauterien parte garrantzitsu bat osatuko dute betirako, modu horretara, bere lana tolosarren artean bizirik mantenduz», adierazi dute udaletik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!