Gure Zirkuan arituko da Amaterra, urteak eman duena biltzen

Irati Saizar Artola 2023ko urt. 12a, 07:59

Ibarran ospatu ziren Kilometroetan kontzertua eskaini zuen Amaterra talde tolosarrak.

Kontzertu «berezia» eskainiko du musika talde tolosarrak urtarrilaren 21ean, 19:00etan, Gure Zirkuko karpan; gonbidatu bereziak izango dituzte emanaldia osatzen. 

Urte berriari ongietorria eman eta urteak eman duenari errepaso bat emateko asmoz, kontzertua eskainiko du Amaterra talde tolosarrak urtarrilaren 21ean, 19:00etan, Gure Zirkuan.

Laida Dominguez, Maitane Ezpeleta, Iñaki Letamendia eta Xabier Valverde laukote tolosarrak sortutako taldea da Amaterra. Taldearen aurkezpenetik urtebete pasata, «kontzertu berezia» eskaini nahi dutela kontatu du Valverdek. Beraien lehen diskoa,  Eiter izena duena izango du oinarri kontzertuak, baina abesti berriek ere izango dute tartea.

Kontzertua osatzeko gonbidatu bereziak izango direla ere aurreratu du gitarra jotzaileak: «Hari sekzio bat izango dugu, biolina eta txeloarekin, eta haizearen sekzioan saxoa izango dugu». Horrez gain, Tolosaldeko Ahots Gazteak ere hartuko du parte eta beste abeslari bat ere izango dute, kantu batzuetan parte hartuko duena. «Gonbidatuen izenak aste honetan joango gara argitaratzen, gure sare sozialetan». 

Sarrera fisikoak jarri dituzte eskura Tolosako lau gunetan: Koinori eta 3 tabernetan, Goena etxetresna dendan eta Gure Zirkuko leihatilan. Egunean bertan, kontzertua hasi baino lehen, Gure Zirkuan bertan eskuratu ahalko dira sarrerak.  

Beste sorpresa bat ere aurreratu du Valverdek. Sarrerak erostearekin batera, Joseba Mercader artistaren Balegur obra bat zozkatuko dute. 

Leku berezian, berezi

Gure Zirkuko karpa baliatuko du Amaterra taldeak kontzerturako. «Gauza berezi eta politak herrian bertan egiten saiatzen gara, eta Gure Zirkuak duen magia eta berezitasuna aprobetxatzen saiatuko gara», kontatu du. Esan duenez, ohituago daude oholtza mota konkretu batean kontzertuak ematera, «publikoa aurrean soilik izanik». Karpa borobila izateak, ordea, publikoa ere «bilduago» egotea ekarriko du. «Ikuspuntu ezberdinak izango ditu, argiekin ere jolastuko dugu eta esentzia hori bilatzen ahaleginduko gara; musikaz gain, ikus-entzunezko moduan ere hartu dezan jendeak emanaldia». 

Sentimendu askoko musika moduan deskribatu du Valverdek egiten dutena: «Musika pertsonala da, goxoa, doinu lasaiekin, hausnarketarako eta zentzuak irekitzeko aukera zabaltzen duena, parada berezi bat duena». Eseri eta lasai entzuteko musika dela uste du, «eseri, entzun, eta ea abesti berezi horiek nora eramaten duten publikoa». Egiten dutena zerbaitegatik egiten dutela dio, eta entzule bakoitzak bere erara hartuko duela eskaintzen dutena, «guztia bezala». 

Kontzertua bera «hausnarketa puntu bat» izan daitekeela uste du: «Hauxe egin dugu orain arte; hemendik aurrera nora goaz? Naturalena kantu berriak sortzen jarraitzea da, baina irekita daukagu ate hori, datorrenari tinko heltzeko prest gaude». 

Kontzertua prestatzen buru-belarri ari direla dio. Tolosan duten lokalean egiten dituzte entseguak, eta egunean bertan probatuko dute Gure Zirkuko oholtza.  

Gustura dira taldekideak, urtebete honetan beraien lanak izan duen harrerarekin. «Arrakasta pertsonal bat da talde bezala, eta ikusi dugu jendeak oso ondo hartu gaituela». Onartu du, hala ere, urtea «gorabeheratsua» izan dela. Aurkezpen ofiziala 2021eko abendu amaieran egin zuten, eta pandemia tarteko, «kosta» egin zitzaien kontzertuak ematea. «Uda aldera, edukierak malgutzearekin, inbutu moduko zerbait gertatu zen: proposamen asko eta jotzeko leku gutxi genituen. Pazientziaz hartu eta uda ostean kontzertuak maiz ematen hasi ginen. Guk nahi genuena lortu genuen: zuzenekoak egitea». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!