Amalur eta Emeterio Arreseko haur jolastokiak eraberritzen hasi da Tolosako Udala

Ataria 2023ko urt. 11a, 17:59

Zorua konpontzeaz gain, jolas elementuak berrituko dituzte. Ondoren, Urkizu eta Zuloagako haur jolastokiak berrituko ditu udalak.

Gabonen aurretik eraberritu zituen udalak Plaza Berriko eta San Esteban auzoko haur jolastokiak. Orain, Amalur eta Emeterio Arreseko jolas eremuen txanda heldu da. 
Bi jolastokietako zoruetan konponketa lanak egingo dituzte eta jolas elementuak berrituko dituzte, haurrei jolaserako eremu egokiak eta seguruak eskaintzeko helburuarekin.
Lan horiek amaitu ostean, Zuloaga eta Urkizu landa-auzoetako haur jolastokiak eraberritzeari ekingo dio udalak.

2023ko aurrekontuetan 200.000 euroko diru partida jaso du udalak haur jolastokiak hobetu, berritu eta mota eta tamaina ezberdinetako parkeen eskaintza zabaltzeko. Tolosatzen aurrekontu parte hartzaileen prozesuan tolosarrek lehenetsitako egitasmoa izan da hau; horregatik, herritarren eskariari erantzunez, lan horietara bideratutako ohiko aurrekontua bikoiztu egin du aurten udal gobernuak.

Halaber, 2023an, Larramendi auzoan jolas eta kirol gunea sortzeko proiektua eta obra egingo dituzte (250.000 euro), Tolosako erdigunean pilota eta jolas-gune gisa erabiltzeko frontoi ireki-estalia sortzeko aukera aztertutako dute, baita patinajea modu seguruan praktikatzeko eremua sortzeko aukera ere. Tolosatzen partaidetza prozesuan herritarrek lehenetsitako egitasmoak dira guztiak. 


Paper Eskolako ekipamendua ere berrituta

Eusko Jaurlaritzaren, Don Bosco Lanbide Heziketako Zentro Integratu Publikoaren eta Tolosako Udalaren artean sinatutako hitzarmenaren baitan, eta auzoaren eskariari erantzunez, zentroko ikasle eta auzotarren erabilerarako, Paper Eskola alboko ekipamendua berritu du udalak. Zorua pintatu eta saskibaloian eta futbolean aritzeko kirol eremua sortu du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!