Soronea-ammma mendi lasterketa taldea abian jarri dute

Ataria 2023ko urt. 11a, 11:59

Laurnbatean egin zuten Soronea-ammma mendi lasterketa taldeko kideen aurkezpena. PAUL SANCHEZ (TUIMAGENDELTRAIL)

Tolosan du egoitza taldeak, eta aurretik Camp Base izena zuenaren jarraipena da. Bertan eskualdeko hamahiru korrikalari daude, bost emakumezko eta zortzi gizonezko.

Urtearen hasierarekin batera aurkeztu dute Soronea-ammma mendi lasterketa taldea. Tolosan du egoitza taldeak eta berrogei korrikalari daude bertan, hogeita bat emakumezko, eta horietatik bost eskualdekoak, eta hemeretzi gizonezko, eta horietatik zortzi eskualdekoak. Bi korrikalari izan ezik, bizkaitarrak dira horiek, beste guztiak gipuzkoarrak dira. Alex Jimenez da taldearen koordinatzailea eta proiektuan parekidetasunak duen garrantzia nabarmendu du.

Taldea berez aurretik zegoen beste talde baten jarraipena dela esan du Jimenezek: «Hiru urteko lan bat egin da aurretik, Camp Base babesle nagusia izanik. Gogoa genuen gure proiektua martxan jartzeko, eta gure izena jarri diogu». Orain bi babesle nagusi ditu taldeak. Batetik, Tolosan dagoen Soronea denda ekologikoa. «Miriam Saldias nire emazteak eta bere ahizpa Igonek hartu dute dendaren ardura. Familiaren proiektua da, Berrobiko Soronea baserritik datorrena, eta produktuak ere ekologikoan landatzen dituzte». Bestetik, Donostiako Ammma kirol zentroa. «Oso interesgarria iruditu zitzaidan elkarlan bat egitea beraiekin. Kirolari batek behar dituen zerbitzu guztiak eskaintzen dituzte: traumatologoak, fisioterapeutak, kirol medikuak, entrenatzaileak... Gu korrikalarien talde bat gara eta ziur beraien zerbitzuak beharko ditugula».

Taldeko kide diren korrikalariek hainbat onura jasotzen dituzte. Batetik, kirol jantziak. Bestetik, Soronea denda ekologikoan beherapena dute erosketak egiterakoan, eta baita Ammma zentroaren zerbitzuetan ere. Bestalde, Camp Base dendak taldean kolaboratzaile bezala jarraitzen du, eta tarifa berezi bat dute korrikalariek bertan erosketak egiterakoan. Horrez gain, mendi lasterketetako antolatzaileak taldearekin jartzen dira harremanetan bertako korrikalariek beraien probetan parte hartzeko, eta dortsal batzuk oparitzen dizkiete. «Azkenean gastu asko daude, eta laguntza guztia ondo etortzen da», esan du Jimenezek.

BAKOITZAK BERE PLANGINTZA

Taldearen filosofia ez dela korrikalariei esatea zer lasterketetan parte hartu behar duten, eta ezta helbururik jartzea ere esan du koordinatzaileak. «Honetaz ez gara bizi, disfrutatu egin behar dugu, eta horrelako korrikalari bati ez zaio gustatzen eginbeharrak jartzea. Azkenean, horrelakoekin tentsioa sortzen da, eta bestela ez zuen taldeak lau urteko jarraipen hau izango». Badira lasterketa batzuk talde bezala parte hartzeko. «Zentzu horretan, ilusioz eta gogoz daude korrikalariak talde bezala parte hartzeko, eta lasterketa batzuetara joango gara. Adibidez, Euskadiko eta Espainiako txapelketetara joateko asmoa dugu».

Bestalde, lasterketa batera joan eta talde giroa izatea «garrantzitsua» dela ere gaineratu du Jimenezek: «Beroketak egiteko, ondoren lasterketa nola joan den elkarbanatzeko...».

Taldea osatzerakoan helburua partaideak gertuko korrikalariak izatea izan da, besteak beste, entrenamenduak batera egin ahal izateko, korrikalariek horrela nahi izanez gero. Aurten Ammma zentroaren bitartez astean bi egunetan indar-lan bat egingo dute beraien gunean, eta taldeko hemezortzi korrikalarik eman dute izena parte hartzeko. «Whatsapp taldea daukagu, eta hor joaten gara elkarbanatzen zer asmo ditugun. Tarteka elkarrekin entrenatzeko hitzorduak ere egiten ditugu», zehaztu du Jimenezek. «Kontuan izan behar da bakoitzak bere helburuak dituela eta hainbat lasterketetan aurkariak dira. Lehentasuna da bakoitzaren bizitza, familia, lana... Ahal badugu elkartzen gara prestaketak egiteko».

Ingurukoa izateaz gain, bere maila ere kontuan hartu da korrikalari bat taldeko partaide izatera gonbidatzerakoan. «Batzuetan asmatu dut eta besteetan ez hainbeste», esan du Jimenezek. «Asko jokatu du intuizioak, eta denon artean ere erabakitzen zen zein izan zitekeen taldeko kide berri bat. Lan horretan taldeko hasierako korrikalariek lagundu didate». Taldean jarraitzeko ez dela filtrorik pasatzen gaineratu du koordinatzaileak: «Dagoena dago. Bai galdetzen diegula korrikalariei hurrengo urtean mendi lasterketetan parte hartzeko zer asmo duten. Korrikalariaren erantzuna bada aktibo egongo dela, taldean jarraitzen du».

Taldeko korrikalari nabarmenen inguruan galdetzean, ez du izenik ematen Jimenezek: «Partaide guztiek tratu bera jasotzen dute. Kontratu bat izango balute, denek kontratu bera izango lukete. Horrela ondo doa taldea. Ni ilusioz nago taldearekin, gustura sentitzen naizelako beraiekin eta guztien artean osatzen dugulako taldea».


KORRIKALARIAK

Emakumezkoak
  • Maialen San Sebastian. Anoeta.
  • Oihana Zubillaga. Anoeta.
  • Leire Agirrezabala. Ibarra.
  • Laiane Arrospide. Tolosa.
  • Leire Elola. Tolosa.
  • Maialen Gurrutxaga. Andoain.
  • Lide Urrestarazu. Beasain.
  • Larraitz Aragon. Durango.
  • Aitziber Urkiola. Eibar.
  • Uxoa Irigoien. Getaria.
  • Nerea Iturriaga. Getxo.
  • Marina Gonzalez. Irun.
  • Lurdes Oiarzabal. Lezo.
  • Mayi Mujika. Mendaro.
  • Larraitz Etxebeste. Oiartzun.
  • Saioa Arkonada. Oñati.
  • Leire Fernandez. Orereta.
  • Sara Peña. Orio.
  • Garazi Artola. Usurbil.
  • Irati Larrañaga. Usurbil.
  • Laida Elizegi. Zaldibia.
Gizonezkoak
  • Iñaki Olano. Altzo.
  • Iban Agirrezabala. Berastegi.
  • Ion Azpiroz. Berastegi.
  • Alex Jimenez. Berrobi.
  • Ibai Madina. Berrobi.
  • Julen Azkue. Tolosa.
  • Aitor Regillaga. Tolosa.
  • Hassan Ait Chaou. Villabona.
  • Iñigo Alzola. Arrasate.
  • Oier Elorza. Azkoitia.
  • Gaizka Lasa. Legorreta.
  • Aitor Zunzunegi. Legorreta.
  • Ander Iñarra. Lezo.
  • Martxel Bereau. Oiartzun.
  • Hodei Lujanbio. Oiartzun.
  • Xabi Lete. Oñati.
  • Ibai Makazaga. Orio.
  • Martin Diez. Segura.
  • Amets Aranberri. Zestoa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!