'Oholtza eta iraultza' egitarau kulturala antolatu dute Tolosan

Ataria 2023ko urtarrilaren 11

Kontseilu Sozialista Tolosaldeako kideak, agerraldi batean.

Kulturaz hausnartu eta gozatzeko aukera egongo da herriko hainbat txokotan. Mahai inguru bat, kantu bazkaria eta kontzertuak izango dira.

Egun osorako kultur ekimenez osatutako egitaraua antolatu dute Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak eta Tolosaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak elkarlanean. Datorren larunbatean, hilaren 14an, ospatuko da Tolosan.

Goizean, musika eta politikari buruzko mahai ingurua izango da, kultur etxean, 11:00etan hasita, non bertan hainbat musika taldetako kideak arituko diren hizlari: Mattin Korta (Bake faltsua), Peru Iparragirre (Desgaraian) eta Odei Malec (Bokaseka).

Ondoren, kantu bazkaria egingo dute Oargi elkartean; otorduaren prezioa 10 eurokoa da. Bide batez, gogorarazi dute bazkarira joan ahal izateko ondorengo mugikor zenbakira mezua bidaliz izen eman beharko dela: 688 82 11 76.

Egitaraua borobiltzeko, 19:00etan hasita, eskualdeko hainbat musikari zein musika talde entzuteko aukera izango da Tolosako Plaza Berrian: Malec, BLZ, Skank, Doce C, Apanrapa, TasuriTaR, HBikoitza, Little Martin, Bassagain eta AGY Sound.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!