Erreportajea

Nekazaritza esperimentazio gunea

Xanti Saizar 2023ko urt. 11a, 07:58

1856 urtetik 1867ra Iurreamendi jauregia nekazaritza eta abeltzaintzarako esperimentazio gunea izan zen; abeltzaintza landu zuten batik bat, eta arrazoi ekonomikoengatik itxi zuten.

Tolosako Iurreamendi jauregia nekazaritza eta abeltzaintzarako esperimentazio gunea izan zen XIX. mendean. Handik urte batzuetara Zizurkilen sortu zen Fraisoro nekazaritza eskolaren aitzindaria izan zen. Pedro Berriochoa Azcaratek 2016 urtean argitaratutako La casa-modelo de labranza de Yurreamendi (1856-1867) liburuan horren berri ematen digu.

1850 urte inguruan, Gipuzkoak egoera zaila bizi zuen: gerra asko izan ziren jarraian, ekonomia gainbeheran zegoen eta 160.000 biztanleetatik 100.000 probintzian barreiatuta zeuden 15.000 baserrietako lanetik bizi ziren. Baina, baserritar gehienak (%75 inguru) maizterrak ziren, justu bizirauten zuten eta tarteka uzta txarra eta gosea pasa behar izaten zuten. Askok Ameriketarako bidea hartu behar izan zuten bizibide bila.

Foru Gobernuan eta Batzar Nagusietan jauntxoek agintzen zuten eta beraien diru iturri handiena alokatuta zituzten baserri eta lurren laborantzatik heltzen zitzaien. Ez da harritzekoa bada, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerari bultzada bat emateko, tokiko laborantza sistema berritzaileak zein beste herrialde batzuetatik (Frantzia eta Ingalaterra kasu) zetozenak aztertzeko, zerbait sortzen saiatzea. Eta, horrela sortu ziren Oñatin nekazari eskola (1851) eta Erandion (Bizkaia, 1852), Arkauten (Araba, 1853) eta Iurreamendin baserri-ereduak.

Prestaketa lanak

Gipuzkoako Batzar Nagusiak 1850 urtean baserri-eredua sortzea erabaki zuen. Bizkaian, Erandioko eredua zuzentzeko Santiago Brouard teknikari frantsesa fitxatu zuten bezala, Gipuzkoan, bertako bi gazte nekazaritza munduan formatzeko beka deialdia egin zuten, eta aurkeztu ziren hamalau gazteetatik, Juan Jorge de Sagastume eta Eugenio de Garagarza izan ziren aukeratuak. Paristik gertu zegoen Grignoneko nekazari eskolara bidali zituzten hiru urteko ikasketak (1850-1853) eta proiektua (1854ko udaberria) egitera eta maila ona lortu zuten.

Bitartean, baserri-ereduaren kokapena zehaztu gabe zegoen. Lur eremu handia behar zen. Zubietan Oria ibaiaren ondoan lur egokiak zeudelako eta Oñatin nekazaritza eskola zegoelako, proiektu berri hau kokatzeko eztabaidetan bi aukera nagusi bezala aipatu ziren, baina, tartean, Tolosako Iurreamendin kokatzeko aukera sortu zen. Felix M. Samaniego alkate eta idazlearen iloba, Leon Manso, zen jabea, baina saltzeko edo alokatzeko asmorik ez zuen, nahiz eta bertan ez bizi. 1855. urtean hil egin zen eta bere alabek, 1856 urtean, hamabost urtetarako alokatzea onartu zuten.

Iurreamendin egindako lana (1856-1867)

Hasieran bi zuzendari izendatu zituzten, Sagastume eta Garagarza, baina 1857 urte hasieran Arkauteko baserri-eredua zuzentzera joan zen Garagarza, eta Sagastumek zuzendu zuen Iurreamendi 1862 urtera arte. Ondoren, eta 1867 urtean itxi zen arte, Juan Antonio de Olazabal izan zen zuzendaria.

Iurreamendiko jauregiaren egoera nahiko txarra zen eta obra egin behar izan zen. Bestetik, lur eremua, aurreikusitakoa baina txikiagoa zen, aldapatsua eta landatzeko kalitate gutxikoa.

Jauregia zuzendaria eta beste langileak bizitzeko egokitu zuten, eta aldamenean baserria eta ganaduarentzat ukuilua eraiki ziren.

Zuzendarien asmoa, azken hiru mendeetan baserrietan funtzionatzen zuen zereal-eredutik (garia, arbia eta artoa) ganadu produkzio eredu batera jotzea zen.

Lurrak partzelatan banatu eta gari eta arto mota desberdinak, hala nola, erremolatxa, azenarioa, patata, alpapa eta hirusta landatu zituzten bere egokitzapena eta produkzioa neurtzeko. Baratzea ia ez da lantzen, XX. mendera arte Gipuzkoan ez baitzen zabaldu.

Iurreamendiren ekarpen nagusia abeltzaintzaren lanketa izan zen, behietan nagusiki, baserrirako onura asko zituela uste baitzuten: lanerako eta garraiorako indarra, haragia eta esne produkzioa eta laborantza intentsiborako hain beharrezkoa zen simaurraren produkzioa.

Behi hobekuntza lortzeko elikadura zaindu eta ordu-arteko arraza gorria, kanpoko beste arrazekin gurutzatzea erabaki zuten. Horretarako, Suitzako Schwitz behiak aukeratu zituzten, gero Euskal Herrian eta Penintsulako iparraldean asko zabalduko zena, alegia.

Zezen suitzarra ere ekarri zuten, eta urtebetean 600 behi ernaldu zituela aipatzen da. Inguruko baserritarrak pozik geratuko ziren doako zerbitzu honekin!

Ganadu hobekuntza eredu honekin jarraitzeko, Gipuzkoako zenbait tokitan zezen-paradak sortu zituzten eta baserritarrek hara eramaten zituzten behiak ernaltzera. Eta hobekuntza bultzatzeko, txerri arraza ingelesak, oilo arraza desberdinak, lurra lantzeko Frantziako goldeak eta beste tresnak ekarri zituzten eta ongarri motak aztertu zituzten.

Arrazoi ekonomikoak

Hamabost urtetarako alokairua adostu zen, baina, lau urte lehenago, baserri-eredua ixtea erabaki zen. Itxieraren arrazoi nagusia ekonomikoa izan zen, esperimentazio gunea zen eta gastuak baino ez ziren ikusten, emaitzak bat-batean ez baitziren lortzen.

Baina, saiakera hura ez zen alferrikakoa izan. Hogeita hamar urte pasata, 1898. urtean, Fraisoro baserri-eredua sortu zen Zizurkilen, Gipuzkoako nekazaritza eta abeltzaintza sustatzeko. Eta proiektua indartzeko, 1904. urtean, baserritarren prestakuntzarako eskola sortu zen bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!