ELKARRIZKETA

«Idazten dudanean barrua arintzen zait, eta azken batean, terapia da niretzat»

Irati Saizar Artola 2023ko urt. 15a, 07:59

Andrea Vitoria 'AyVee'. I.S.A.

«Bortxaketa bat tarteko, indartsu eta gogoz» itzuli da Andrea Vitoria 'AyVee' mikrofono aurrera. Bigarren EPa kaleratzear da; «orain arteko lanik pertsonalena» dena urtarrilaren 20tik aurrera izango da entzungai.

Andrea Vitoria tolosarra, AyVee izenez ezaguna, bere bigarren EParekin iritsi da urte berrira. Aurreko lanetik urtebete geldirik egon ostean, modu desberdin batean itzuli da musika estilo ezberdinak gurutzatuz. Abenduaren 20an aurkeztu zuen Suasua lehen singlea, eta EPa osatzeko beste sei abestiek urtarrilaren 20an ikusiko dute argia.

Gustura emaitzarekin?

Oso gustura nago, lan oso pertsonala delako. Istorio bat kontatzen dut, non bortxaketa bat jasaten dudan. Egoera lazgarri horretatik zerbait polita sortu dut.

Publikoa harrituko du lan berriak?

Nik uste baietz. Istorioak berak, estilo desberdinetako musikak badu zerbait berria. Reggaetoiaz gain, dembowa, technoa eta afrobeata estiloak ere sartu ditut. Beste berrikuntza diskoaren formatuan dator. Diskoa esaten dut, baina ez da disko formatuan izango. Jertse bat diseinatu dut, QR kode bat daramana. Gaur egun erreproduzitzaile gutxi daude eta ideia berri gisa aurkeztu nahi nuen, guztiok daramagulako mugikor bat eskuetan eta edonon gaudela entzun dezakegulako horrela musika. Irudi bezala medusa bat eramango du jertseak, hori ere neuk diseinatuta.  

Lehen lan hartatik zerbait desberdina sortu duzu.

Produktore ezberdinekin egin dut lan, hiru produktorerekin zehazki. Lan honetan istorio bat kontatzen dut, medusa bihurtuta. Greziako mitologiako emakume etniko bat da medusa, sugeak dituena buruan, eta bere istorioa da bortxaketa bat jasan zuela eta munstro bihurtu zutela, medusa bihurtu zutela. Identifikatuta sentiturik, medusa bihurtuko naiz ni ere.

 

«Pertsonalki oso indartsu nago. Ikasi dut nire esku ez dagoela ezer, egin behar nuena egin nuela, eta justiziaren zain geratzen naiz»



Doinu aldetik ezberdin, eta zu ere modu ezberdin batean zatoz.

Pertsonalki sekulako aldaketa izan dut. Bortxaketa bat tarteko, depresioan egon naiz denbora luzez. Lehen singlea abenduaren 20an aurkeztu nuen, eta metafora moduan, urtarrilaren 20an aterako dira beste sei kantak, hilabete geroago, musikalki geldirik egon naizen denbora hori islatu nahi nuen.



Eta orain zer moduz zaude?

Pertsonalki oso indartsu nago. Ikasi dut nire esku ez dagoela ezer, egin behar nuena egin nuela, eta justiziaren zain geratzen naiz. Ea gauzak ondo ateratzen diren.

Lan berri honekin gertatutakoa salatzera zatoz?

Salaketa jarri nuenetik bi urte pasa dira, eta badakigu guztiok sistema judiziala mantso doala, beraz, nire amorrua eta indarra ateratzeko Suasua izeneko singlea atera nuen, eta salaketa egitera nator.

Lehen single horrek badu zerikusirik gainerako abestiekin?

Bai, abesti guztiekin istorio bat kontatuko dut, sentimenduz eta bizipenez beteta. Hasierako sentimendua amorrutik dator, gaizki egotetik, eta ondorengo abestiak, depresioaz, errekuperazioaz, lagunez, maite nautenek nola lagundu nauten, eta, gero, nola iritsi naizen berriro osasuntsu eta indarberrituta egotera.



Lana guztiz pertsonala, beraz.

Bizipenak dira guztiak, bai. Aurreko diskoan, bizipenak bazeuden, baina gizartera begira gehiago aritu nintzen. Oraingoan, nire bizipenak dira guztiz, eta horregatik nago hein handi batean hain gogotsu.

Zertan lagundu dizu lan hau egiteak?

Errekuperatzen lagundu dit. Idazten dudanean barrua arintzen zait, berridazten noa gainera, eta azken batean, terapia da niretzat. Sentimendua idaztean eta berriro irakurtzean, nola sentitzen naizen analizatzen dut, eta horrek asko lagundu dit.

Erraza egin zaizu?

Oso gaindituta daukat kontua, eta jendeari laguntzeko egin dut. Niri gertatu zaidanaren antzekoak izugarri pasatzen dira, eta pena da, beraz, emakumeei laguntzeko egin dut. Esateko momentuan gaizki sentitzen zara, baina azkenena indartsuago egiten zaitu eta laguntza hor izatea, niretzako sekulakoa da.

Babestua sentitu zara?

Bai, oso. Ez banintz babestuta sentitu ez dut uste salatzeko indarrik izango nuenik. Beraz, asko eskertzen dut jaso dudana.

 

«Aurrekoan, bizipenak bazeuden, baina gizartera begira aritu nintzen. Oraingoan, nire bizipenak dira guztiz; gogotsu nago»



Zer ikasi duzu lehen lan hartatik?

Ezer jakin gabe hasi nintzen. Chick Juarez produktorearekin egin nuen lan, eta ez dut oso ondo amaitu. Ikusten nuen produktu bat nintzela berarentzat. Asko ikasi dut pertsonalki, Chick Juarezek egia esan musikalki asko erakutsi dit, baina, batez ere, nire bidea nola egin nahi dudan ikasi dut eta norekin egin nahi dudan.

Single berria bideoklip eta guzti etorri da. Nolako lana izan da?

Egia esan ez dauzkat errekurtso asko, eta lana hain pertsonala izanik, guztia nik egitea erabaki nuen. Ikus-entzunezkoa ikasi nuen eta ikusten nuen banituela gaitasunak lan horiek egiteko. Beraz, lana zaila izan da, baina ingurukoek asko lagundu didate grabazioarekin. Horrelako bideoklipak izango dira aterako ditudanak.



Oholtzarik zapaldu zenuen aurreko lanarekin?

Hiru kontzertu eman nituen eta bortxaketarekin indarrak amaitu zitzaizkidan. Alde batera utzi nuen guztia eta neure burua zaintzea erabaki nuen.

Oholtzako esperientzia, ordea, zer moduzkoa izan zen?

Oso polita. Ohituta nago txikitatik jaialdietan eta dantzan parte hartzera. Hala ere, desberdina da protagonista zu bakarrik zarenean, baina tira, bi dantzari aritzen dira nirekin, eta esperientzia mundiala izan da. Hasieran lotsa ere ematen dizu, baina, amaitzean, indarrarekin ateratzen zara erakutsitako lan horretatik.



Zu zeu ere dantzaria zara.

Hori da. Gainera, aurten, dantza irakasle ere banaiz, eta gauza gehiago ikasteko aukera ematen dit horrek. Inprobisazio aldetik askoz errazagoa zait. Zizurkilen jasotzen ditut nik dantzako klaseak, eta irakasle moduan Donostian, Berrobin eta Numen dantza eskolan aritzen naiz.



Guztia egiteko denbora atera beharko duzu.

Nire kabuz egiten dut lan, eta antolatzeko gaitasuna badut, eskerrak. Diskoa ateratzeak denbora izugarri kentzen du, ordea. Bideoklipa, marketina, publizitatea... ni nago guztiaren atzean, eta nik erabakitzen dut guztia.

Lehen lana atera berritan, oraindik ez zinela artista sentitzen esan zenuen. Orain, esan daiteke artista bat jaio dela Tolosan?

Orain bai, horrela sentitzen naiz. Egin dudan lan guztiarekin eta landu dudan guztiarekin hala sentitzen naiz, eta oso pozik nago.

Erlazionatuak

SuaSua - AyVee

Ataria 2023 urt 15 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!