Iurreamendi eremuan 46 etxebizitza libre eraikitzeko obra lizentzia eman du Tolosako Udalak

Ataria 2023ko urt. 10a, 16:53

Obra lizentzia ematen den egunetik 2 hilabeteko epea du etxebizitza sustatzaileak obrak hasteko eta 30 hilabete, gehienez ere, horiek bukatzeko. Horri lotuta, udalak gogorarazi du zabalik dagoela Iurreamendi eta San Kosme eta San Damian eremuan eraikiko diren 60 etxebizitza tasatuetan izena emateko epea, urtarrilaren 20a arte.

Tolosako hirigintza garapena sustatze aldera urratsak ematen jarraitzen duela adierazi du Tolosako Udalak. Iurreamendi eremuan 46 etxebizitza libre eraikitzeko lizentzia eman berri die etxebizitza sustatzaileei, eraikuntza lanekin has daitezen. Kasu honetan, 46 etxebizitza horiek Iurreamendi pasealekuko azpi esparruko 4. eta 5. lursailetan eraikiko dira hurrenez hurren, ondorengo ezaugarri nagusiekin:

  • 5. lursailean 18 etxebizitza libre eraikiko dituzte, bakoitza bere trastelekuarekin. Horietatik 15 hiru logelakoak izango dira eta 3 bi logelatakoak. Horrez gain, 43 aparkaleku eta 24 bizikleta aparkaleku eraikiko dituzte.
  • 4. lursailean 28 etxebizitza libre eraikiko dituzte, hiru logeletako 23 eta bi logeletako 5. Kasu honetan 13 trasteleku izango dira. 43 aparkaleku eta 17 bizikleta aparkaleku ere eraikiko dituzte.

Obra lizentzia jada emanda, etxebizitza sustatzaileek bi hilabeteko epea dute obrak hasteko eta 30 hilabete, gehienez ere, horiek amaitzeko.

Etxebizitza tasatuetan izena emateko epea zabalik

Etxebizitza libreez haratago, udalak herritarrei etxebizitza aukera berriak eskaintze aldera, apustu irmoa egiten du etxebizitza babestuen alde eta horri lotuta, gogorarazi du oraindik zabalik dagoela Iurreamendin eta San Kosme eta San Damian eremuan eraikiko diren 60 etxebizitza tasatuetan izena emateko epea, hain zuzen, urtarrilaren 20a arte.

San Kosme-San Damian eremuan 20 etxebizitza eraikitzea dute aurreikusita eta Iurreamendin, aldiz, beste 40. Guztira hiru logelako 38 etxebizitza eta bi logelako 19 etxebizitza eraikiko dituzte, baita mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat gordetako beste 3 etxebizitza ere, bina logelakoak (etxebizitza egokituak). Horrez gain, etxebizitza guztiek izango dute garaje eta trastelekua.

Izen ematea zabalik dago, urtarrilaren 20a arte eta interesa dutenek bi bide dituzte horretarako:

  • Telematikoki: Udalaren egoitza elektronikoan, BAkQ edo beste edozein ziurtagiri digitalaren bitartez.
  • Modu presentzialean Udaten (Herritarren Arreta Zerbitzuan) kokatutako Etxebizitza Bulegoan (Plaza Zaharra 6A). Horretarako, derrigorrezkoa da aurretik hitzordua hartzea. Aurretiazko zita eskatzeko etxebizitzatasatuak@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 654 466 edo 010 telefono zenbakira (907 luzapena) deitu behar da.

Deialdiei buruzko informazio guztia (bete beharreko baldintzak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, eskaera orri ofiziala, etxebizitzen salmenta prezioak, zozketari eta zerrendei buruzko informazioa...) herritarren eskura dago esteka honetan.

Etxebizitzen gaineko informazio gehiago nahi izanez gero (planoak, orientazioa, kokapenak, logelak, materialak, eraikuntza zein etxebizitzen gaineko informazioa....) bi bide hauetara jo daiteke:

  • Iurreamendiko etxebizitzen kasuan, esteka honetara, edo bestela, horretarako bereziki Sukiak ireki duen bulegora (Nafarroa etorbidea 6, telefonoa 943 302 912).
  • San Kosme eta San Damian eremuko etxebizitza tasatuen kasuan, webgune honetara.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!