Imanol Rojok 51. postuan amaitu du 2023ko Tour de Ski proba

Ataria 2023ko urtarrilaren 9a

Argazkia: Nordic Focus Photo Agency.

Eskiatzaile tolosarrak 2 ordu, 59 minutu eta 28 segundo behar izan ditu txapelketako zazpi probak burutzeko.

Abenduaren 31n izan zuen Munduko Kopako zazpi probaz osaturiko Tour de Ski Txapelketako lehena. Val Müstairren (Suitza) jokatutako estilo libreko 1,5 kilometroko esprint proban ezin izan zuen final laurdenetaraino iritsi. Urte berria ere lanean hasi zuen tolosarrak. 79. postuan bukatu zuen bigarren lasterketa, estilo klasikoko 10 kilometroko jazarpen proba. Hau ere Suitzan jokatu zuen.

Urtarrilaren 3an, Oberstdorfen (Alemania) izan zen txapelketako hirugarren proba, estilo klasikoko 10 kilometrokoa. 70. postuan helmugaratu zen Rojo. Urtarrilaren 4an, berriz, estilo libreko 20 kilometroko jazarpen proba jokatu zuen (hau ere Alemanian) eta 60. postuan amaitu zuen tolosarrak.

Txapelketako azken hiru probak Val di Fiemmen (Italia) izan ziren, ostiralean, larunbatean eta igandean. Esprint probak bere gustukoenak ez izan arren, dena eman zuen Rojok bosgarren lasterketan, estilo klasikoko esprintean; 56. postuan helmugaratu zen. Hurrengo egunean, 56. izan zen estilo klasikoko 15 kilometrokoan, masan egindako irteerarekin. Atzo jokatu zuen azken proba Rojok, masan egindako irteera izan zuen estilo askeko 10 kilometrokoa; 43. amaitu zuen tolosarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!