Astelehenean zabalduko dute alokairuari lotutako diru laguntzak eskatzeko epea

Ataria 2023ko urt. 5a, 11:11

Eskaerak otsailaren 3a arte egin ahal izango dira aurrez aurre Udate-ko etxebizitza bulegoan edota telematikoki udalaren webgunean.

Tolosarrek astelehenetik aurrera eskatu ahal izango dituzte alokairuak ordaintzeko diru laguntzak. Eskaerak urtarrilak 9tik otsailaren 3a bitartean egin ahal izango dira (biak barne), bai presentzialki, Udate-ko etxebizitza bulegoan edota telematikoki, udal webgunearen bitartez. Udalak gogoratu du 2022an laguntza horiek ahalik eta herritar gehienei zabaltze aldera, hainbat aldaketa egin zituztela oinarrietan. Hain zuzen, diru-sarrera muga handitu zuen, eskatzailea familia edo unitate bakar edota ugarikoa den desberdinduz. Era berean, errentaren gehieneko kopurua ere handitu zuen 700 eurotatik 1.000 eurotara eta horrez gain, hartzaile gisa kolektibo berriak ere txertatu zituzten, tolosar gehiagok izan dezaten diru laguntza jasotzeko aukera.  

Gazte eta kolektibo ezberdinei zuzendutako diru laguntza
Diru laguntza lerroaren helburua da tolosarrei alokairu-erregimeneko etxebizitza bat lortzen eta alokairuko merkatu librean sartzen laguntzea. Laguntza, etxebizitzarik jabetzan ez duten eta alokairuan bizi diren tolosarrei zuzenduta dago. Egindako aldaketei jarraiki, ondorengoak dira laguntza horien onuradunak: 18-35 urte bitarteko gazteak (Gaztelagun programan sartzen ez direnak), banandutako pertsonak edo iraungitako izatezko bikoteak, guraso bakarreko familiak, 70 urtetik gorako pertsonak, alargunak eta egoera zaurgarrian dauden pertsonak (Gizarte Zerbitzuetatik eratorriak). Bete beharreko baldintzen artean, azken 3 urteetan Tolosan erroldatuta egotea eta urtean 3.000-45.000 euro arteko diru-sarrerak izatea (bizikidetza unitatearen arabera). Gehienez ere, 300 euroko laguntza emango da hilean eta ez da onartuko urtebete baino iraupen txikiagoa duen kontraturik. 


Eskaerak aurkezteko epea eta modua
Diru laguntza jaso nahi duten tolosarrek, eskaerak presentzialki egin ahal izango dituzte Udate-ko etxebizitza bulegoan edota telematikoki. 
Etxebizitza bulegoan, aurrez-aurreko herritarren arreta hitzorduarekin egingo da. Horretarako 943 65 44 66 (907 luzapena) telefonora deitu edo alokairua@tolosa.eus helbidera idatzi behar da. 

Eskaera egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioaren eta deialdiaren inguruko informazio osoa herritarren eskura jarri da udal webgunean eta zalantzak izanez gero edota laguntza behar izanez gero, tolosarrek etxebizitza bulegora jo dezakete 08:00etatik 14:15erako ordutegian (aurrez hitzordua hartuta) edo 943 65 44 66 (907 luzapena) telefonora deitu edo alokairua@tolosa.eus helbidera idatzi. 

Udalaren apustua
Tolosako Udalak etxebizitza alorraren aldeko apustu eta konpromiso irmoa duela berretsi du eta horri helduta, herritarrei etxebizitza aukera berriak eskaintzeko bi noranzkotan ari da lanean: hirigintza garapena sustatzen, batetik, etxebizitza parkea handitzeko eta, alokairua sustatzen, bestetik, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko eta alokairua ordaintzeko diru laguntzak eskainiz, tolosar guztiek izan dezaten beren bizitza proiektua bertan garatzeko aukera. 

Xabier Balerdi, Etxebizitza saileko zinegotziak esan du etxebizitza alorra lehentasunezkoa eta estrategikoa dela udal gobernuarentzat eta  horrela izan dela legealdi hasieratik. «Etxebizitza oinarrizko eskubide bat da eta ezinbestekoa da herritarrei erraztasunak eta aukera berriak eskaintzeko neurriak hartzea; zentzu horretan alokairuaren aldeko politika publikoen sustapenen alde dihardugu lanean, etxebizitza sarbidea errazteko eta etxebizitzak ekonomikoki eskuragarriago jartzeko, tolosar guztiek izan dezaten bertan bizitzeko aukera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!