Otsailaren 16tik 21era ospatuko dira aurten Tolosako inauteriak eta ohiko moduan kaleetan salmenta postuak egongo direla esan du udalak. Postu horiek jarri ahal izateko eskabidea egiteko epea zabaldu dute jada eta eskaerak urtarrilaren 20ra bitarte (14:15ak arte) aurkeztu ahal izango dira. Eskaerak egiteko hiru modu zabaldu ditu udalak.
Pertsona fisikoek Tolosako Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan (UDATE) egin dezakete eskaera aurrez aurre, astelehenetik asteazkenera eta ostiraletan 07:15etik 14:15era eta ostegunetan 07:15etik 19:00etara. Posta ziurtatu bitartez ere egin daiteke eskaera Correos bulegoan gutun-azal irekia utziz eta honako helbidea zehaztuz: Tolosako Udala, Plaza Zaharra 6B, 20400. Azkenik, enpresek, profesional kolegiatuek, elkarteek eta horrelakoek telematikoki eta erregistro elektroniko bidez egin behar dute eskaera.
Eguneko eta gaueko salmenta
Udalak azaldu du postuen inguruan bi modalitate ezberdin bereizi dituela: eguneko salmenta egiten dutenena eta gauekoa. Eguneko salmenta egiten dutenek San Frantzisko pasealekuan jarri ahal izango dute postua 09:00etatik 00:00etara, eta bertan artisautza, arropa eta zapatak, elikagaiak, osagarriak zein bitxiak eta askotariko produktuak saldu ahal izango dituzte. Janaria saltzeko kamioiak aldiz, Alondegi plazan egongo dira 09:00etatik 00:00etara. Talo salmenta San Frantzisko pasealekuan egin ahal izango da 09:00etatik 00:00etara, eta globoak saltzen batetik bestera mugitu ahalko dira, ordutegi berean.
Gaueko salmentari dagokionez, janaria saltzen duten kamioiek bakarrik izango dute aukera postua jartzeko. Rondilla kalean eta Euskal Herria plazan egon ahalko dira, 22:00etatik 05:00ak arte.
Eskaera egiteko oinarriak eta eskaera orria udalaren webgunean eskuratu daitezke eta informazio gehiagorako Kultura, Jaiak eta Gazteria departamentuarekin jarri behar da harremanetan 943 670 383 telefono zenbakira deituz, festak@tolosa.eus -era idatziz edota Kultur Etxera bertaratua astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara edo 16:30etatik 19:00etara.