Urtekaria 2022

Tolosa CF-ren mendeurrena, jarraituko duen ospakizuna

Ataria 2023ko urt. 8a, 20:00

Tolosako CF-ko eskubaloi jokalari eta jokalari ohien argazkia, Usabalen, atal horrek egindako 50 urteak ospatzeko. Argazkilaria: Joseba Urretabizkaia

Ekainaren 8an hasi ziren klubaren mendeurrena ospatzen eta 2023ko ekainaren 24a arte luzatuko da, Berazubi estadioak ehun urte egitean.

Tolosaren kirol historian Tolosa CF klubak esanahi berezia du. Mendeurrenera iritsi da klub urdina aurten eta hamahiru hilabetez ariko da ospatzen. Izan ere, 1922ko ekainaren 8an sortu zen Tolosa CF eta 1923ko ekainaren 24an inauguratu zen Berazubi estadioa. Horregatik, ospakizunek jarraipena izango dute 2023ko San Juan egunera arte, Berazubiren mendeurrenarekin bat eginez.

Hainbat ekitaldi egin dira dagoeneko aurten mendeurrenarekin lotura. Gipuzkoako Futbol Federazioak bere gala Tolosako Topic zentroan ospatu zuen, eta bertan banatu zituzten sariak. Bestalde, argazki lehiaketa antolatu zuen klubak, mendeurrenaren ekitaldiak jasotzeko egutegia osatzeko, eta sari nagusia Manex Civicorentzat izan zen. Ekitaldi guztiak ez dira nahi bezala atera, eta uztaila bukaeran Berazubin egitekoa zen gizonezkoen Reala eta Osasuna taldeen arteko partida, Zubietan jokatuko zen, Berazubiko belarraren egoera zela eta. Abuztu bukaeran, emakumezkoen Realak eta Athleticek XII. Euskal Herria Kopa Txapelketako finalerdia jokatu zuten Berazubin, txuri-urdinek garaipena lortuz.

Mendeurreneko liburua ere argitaratu dute eta aurkeztu ere bai. Joxemi Saizarrek idatzi du eta Joseba Urretabizkaiaren ardura izan dira argazkiak eta edizioa. Urretabizkaia bera arduratu da Aranburu jauregian ikusgai egon den mendeurrenari buruzko erakusketa osatzeaz. Urtemugak bere eskultura ere badu, Urdinez mundua mugitzen izenekoa, Guillermo Olmok egina. Tolosa CF Plazan dago kokatuta.

Aurtengoa data berezia izan da eskubaloi atalarentzat, 50 urte bete baititu. Festa berezia egin zuten Usabal kiroldegian hori ospatzeko, jokalari eta jokalari ohiak zein beraien gertukoak elkartuz. Horrez gain, Txapel maskota ere aurkeztu zuten.

Pilotari dagokionez, profesionalen eta Tolosa Aurrerako pilotarien jaialdiaz gozatzeko aukera izan zen Beotibar pilotalekuan. Bestalde, atletismoa kalera atera zuten, eta 4x400 metroko proba egin zuten, San Frantzisko pasealekuan. Futbolean, gizonezkoen Tolosa CF-ko eta Realeko beteranoen arteko partida jokatu zen Berazubin eta klubeko jokalari ohientzat eskertza moduan, Trianguloa plazan 150 pertsona elkartu ziren afari legean.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!