Urtekaria 2022

Lau hamarkada, Lasa eta Zabala bahitu zituztenetik

Ataria 2023ko urt. 7a, 10:00

2023an beteko dira 40 urte Joxean Lasa eta Joxi Zabala GALek bahitu zituenetik; urteurrena «agenda instituzionalean txertatzeko beharra» nabarmendu du Foro Sozial Iraunkorrak.

Joxean Lasa eta Joxi Zabala gazteak GALek bahitu zituenetik 40 urte beteko dira 2023an. Horren harira, Foro Sozial Iraunkorrak esan duenez, aurrera egin ahal izateko, urteurrena «agenda instituzionalean txertatu» behar da: «Biktimen kategorizazioa gainditzen lagunduko duen urrats berri gisa, eta biktima horien eta haien senideen erreparaziorako».

Horretarako, bi pauso eman behar direla nabarmendu dute. Batetik, Espainiako Gobernuak eta gobernuko presidenteak, «eragindako kaltea aitortu behar» dute. Eta, bestetik, kasuaren balorazioa egin ondoren, «Eusko Jaurlaritzak kasu hori bere agenda instituzionalean sartzea eta kasuari zabalkunde pedagogikoa ematea». Kasu honetan «giza eskubideen urraketa guztiak betetzen» direla azpimarratzeaz gain, Foro Sozialak adierazi du «urraketa bereziki larria» gertatzen dela «egileak funtzionario publikoak direlako».

Jexuxa Arostegi Beraza
Abenduaren 19an Jexuxa Arostegi Beraza tolosarra zendu zen, 94 urte zituela. Joxean Lasaren ama zen. Jexuxa Arostegiren anaia, Jose Arostegi, 1937 urtean desagerrarazi zuten, eta oraindik haren gorpua ez da azaldu.

Ikerketa ofizial bat egitea eskatu dute

ETAko lehen hildakoari buruz EHUk eta Aranzadik egindako ikerketaren arabera, «ezerk ez du esplikatzen» Txabi Etxebarrietak bizkarrean jaso zuen tiroa. Ikerketa ofizial bat egiteko eta gizateriaren aurkako krimentzat hartzeko eskatu dute.

Etxebarrietak hil zuen Jose Pardines ETAren lehen biktima, eta Etxebarrieta bera izan zen erakunde armatuko lehen hildakoa. 1968ko ekainaren 7an hil zuten Etxebarrieta, Tolosako Bentaundin, eta, bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilen eta etakideen arteko tiroketa batean hil zuten. Aranzadik eta EHUk egindako ikerketak bestela ondorioztatu du, ordea. «Istilua egon bazen ere, ezerk ez du esplikatzen Etxebarrietak bizkarrean jaso zuen tiroa. Ondorioz, litekeena da Etxebarrieta exekuzio estrajudizial baten biktima izatea». Hiru ondorio nagusi atera dituzte: Guardia Zibilak berak egin zuela ikerketa, Guardia Zibilaren adierazpenetan «kontraesanak» daudela, eta auzitegi medikuaren txostenak ziurtatzen duela tiroa bizkarretik egin ziotela, Etxebarrieta lurrean zegoela edo lurrera erortzen ari zela. Oraindik ere posible dela ikerketa ofizial bat martxan jartzea esan dute, eta eskatu dute instituzioek giza eskubideen urraketa gisa aitor dezatela Etxebarrietaren hilketa. Tolosan 1968an gertatu zena gizateriaren aurkako delitu gisa hartzea nahi dute, Amnistia Legeak ez baitu halako krimenak ikertzea eragozten.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!