Nekez amaitu dute urteko azkena

Leyre Carrasco 2022ko abenduaren 31

Samaniego eta Orixe ikastetxeetako kirol batzordeak antolatuta, XXIV. San Silvestre Elkartasun Krosa ospatu da, arratsaldean, Tolosako kaleetan. Parte hartze handia izan dute aurtengoan ere, eta lortutako dirua Kokuyo elkarteari bideratu diote.

Beste behin, kirolak eta elkartasunak bat egin dute urteko azken egunean Tolosan. Samaniego eta Orixe herri ikastetxeetako kirol batzordeek antolatutako San Silvestre krosa ospatu baita arratsaldean, Tolosako Udalaren laguntzarekin. Iaz azken unean bertan behera geratu zen XXIV. edizioa, baina aurtengoan berreskuratzea lortu dute.

Eguraldia alde, eta jendetza animatu da urtea korrika amaitzera, haurrak nahiz helduak. Adin guztietako herritarrek nahiz ingurukoek utzi ahal izan dute euren aletxoa elkartasuna adierazteko. Ibilbidea 2019ko bera izan da, Plaza Zaharretik abiatuz eta Solana kalean amaituz. Korrika egitera animatu ez direnak animoak eta txalo zaparradak izan dituzte korrikalarientzat, eta giro ederra sortu dute guztiek Tolosako kaleetan zehar.

Kokuyo elkartearen alde

Urteak pasa dira Samaniego ikastetxeak Kolonbiako Guillermo Leon Valencia eskolarekin senidetze hitzarmena adostu eta sinatu zuenetik. Azken urte hauetan elkarlan proiektuak irakurketaren bultzada izan du helburua, Bibliomandoa proiektuarekin. Irakurketaz gain, ahalegina elikadura burujabetzan eta familien sostenguan jarri dute. Ekoizpena babesteko etxe ondoko baratzak indartu dituzte. Azken urteetan, galdua zuten kultura berreskuratu nahi dute eta hazien gordailua sortu. Gehienbat emakumeek hartu dute proiektu honen erantzukizuna, eta 50 familiek jasoko dute proiektu horren babesa. Horregatik, Elkartasun Krosean lortu den dirua Kokuyo elkarteari bideratu diote. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!