Tolosako Asanblada Feministak 2022ko erailketa matxistak salatu ditu

Ataria 2022ko abenduaren 30a

Atzo ilunabarrean Bilbon egin zen protesta, mugimendu feministak deituta. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Tolosako Asanblada Feministak Bilbon izandako azken erailketa matxista eta oro har, Euskal Herrian 2022an izandako erailketa matxista guztiak salatu ditu. Gogoratu du Euskal Herrian lau emakume erail dituztela eta esan du azken hau ere, ez dela kasu isolatu bat, "egunero emakume izateagatik kolpatzen eta erailtzen gaituen sistema baten ondorio krudelena baizik".

Tolosako Asanblada Feministak Euskal Herriko mugimendu feministarekin bat egin du eta emakumeenganako egiturazko indarkeria matxistari esker sostengatzen den sistema salatu du. "Erailketa da indarkeria horren muturreko adibide gordinena, baina egunerokotasunean beste hamaika forma hartzen ditu indarkeria instituzionalean, laneko indarkerian, harremanetako indarkeria psikologiko nahiz fisikoetan, jai giroko eraso matxistetan…".

"Nazkatuta gaude!"
Gehitu du nazkatuta daudela erasotuak eta erailak izateaz eta indarkeria matxistari aurre egiteko lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatu du.  "Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa matxistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Indarkeriarik gabeko bizitzak eraiki ditzagun".

Horrekin batera autodefentsa feministarako deia egiten du mugimendu feministak, "gure bizitzak direlako jokoan daudenak eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugulako. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte! Antolatu eta batu mobilizazioetara!".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!