Urtekaria 2022

Elikadura ardatz, Eliker zentroa kokatu dute Tolosan

Ataria 2023ko urt. 6a, 14:00

Maiatza amaieran aurkeztu zuten Eliker, Zerkausian.

Tolosa etorkizuneko elikaduraren inguruko erreferentziazko gune bilakatzeko asmoz sortu dute Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroa; aurten, gazta eta esnekien azoka berezia jarri dute martxan: Esneki.

Etorkizuneko elikadura ardatz duen proiektu ekintzailea zein digitala da Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroa. Horrela definitu dute proiektua elkarlanean sustatu duten Eusko Jaurlaritzak eta Tolosako Udalak. Elikadura-industriaren garapena du helburu eta elikaduraren balio katearen eragile desberdinekin elkarlanean eramango dela aurrera azaldu dute. Tolosan du egoitza, Oriaburu eraikinean, eta Tolosa etorkizuneko elikaduraren inguruko erreferentziazko gune bilakatzea da asmoa. Imanol Zubelzu da Eliker proiektuaren koordinatzailea.

Olatz Peon Tolosako alkateak esan du gaur egungo gizartean «garrantzi handiko erronkak» direla elikadura katearen etorkizuneko garapena eta elikagaien ekoizpen jasangarria. Bada, erronka horiei erantzuteko sortu da Eliker, «Tolosako eta eskualdeko elikadura katearen eragile desberdinekin elkarlanean, enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta proiektu jasangarriak garatzeko».

Elikerrek bi zutabe nagusi ditu: batetik, elikadura industriaren elkarlanaren estimulazioa eta bestetik, merkaturatzea. Bi zutabe horietatik abiatuta, zentroak bost lan lerro nagusi izango ditu elikadura-industriaren garapenerako: industria jarduerak, formakuntza, digitalizazioa, ekintzailetza eta berrikuntza.

Bide horretan, eskualdeko enpresen saretze lana egiten ari dira edota elikadura katea sustatzen proiektu kolaboratibo ekintzaileen bitartez, besteak beste.

Era berean, Tolosan egiten diren azoka bereziak indartzen ari dira Zubelzuren arabera, eta Haragi, Goxua edota Babarrunaren azokari esnekien inguruko topaketa eta azoka gehitu zaio aurten: Esneki, Euskal Herriko gazta eta esnekien azoka berezia. Azaroaren 3tik 5era ospatu zen, eta besteak beste, Euskal Herriko gazta mota guztien lehiaketa, Frisoi Txapelketa, profesionalentzat kongresua edota ikastaro herrikoiak egin ziren. Hamabost kategoriatan banatu zen txapelketa, eta Asteasuko Goine Berriaren Otzara Goine pasta bigunak jaso zuen Euskal Herriko gazta onenaren sari nagusia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!