Zumarditxikia berreskuratzeko proiektua aurkeztu zuen Tolosako Udalak abendu hasieran. 2018an ekin zion Zumarditxikia berreskuratzeko aurre lanketari. 2015-2019 legealdian, aurreproiektua landu zen eta partaidetza prozesua egin zen herritarrekin, baldintzak eta helburuak zehazteko. Legealdi honetan, proiektua garatu dute.
Proiektuak Naparzubitik Dama Berderainoko eremu osoa hartzen du. Herritarrek ez zuten Dama Berdea «bere horretan» utzi nahi eta eremua berreskuratu egingo dute. Santa Klara kalea ere osotasunean eraberrituko dute, bidegorri berria kokatuko dute eta espaloiak zabalduko dituzte. Zumarditxikiari dagokionez, oinezkoen ardatz berria sortuko dute eta erabilera anitzeko espazioak aurreikusi dituzte: egoteko eremuak, berdeguneak, ibaira begirako terraza adibidez, eta kota desberdintasuna gainditzeko harmailak eta begetazioa duten eremuak uztartuko dira.
Proiektua garatu ahal izateko, lehenik eta behin, aparkalekuen arazoari irtenbidea emango zaiola esan du udal gobernuak. Alde Zaharreko bizilagunei alternatiba aurkeztu diete: Zumarditxikiko ehun aparkalekuen ordez, Alondegia eta Lapurdiko lur-azpiko aparkalekuetan aparkatzeko aukera emango zaie, udalak horretarako diru laguntza emanez.
Bi bonu modalitate izango dituzte aukeran: gauekoa eta egun osokoa. Bonuen kostua 55 euro eta 115 eurokoa izango da, hurrenez hurren, eta Tolosako Udalak kostuaren %50a ordaintzeko diru laguntza emango die hilero Alde Zaharreko bizilagunei. Bizilagunen iritziak jaso eta aztertuta, aparkalekuen ordenantza abiatu du udalak, eta lizitaziora aterako da jarraian proiektua. Aurreikuspenen arabera, 2024rako itxura berria izango luke Zumarditxikiak.
Alde horretatik, EH Bilduk egindako aurrekontu proposamenean, aparkalekuen arazoari irtenbidea emateko aparkaleku disuasorio desmuntagarri bat instalatzeko aukera aztertu du, 80 aparkaleku eskainiko dituena. Horri lotuta, oposizioko alderdiak argi utzi du ez duela inolaz ere babestuko Zumarditxikia «eraistea eta bertan beste zerbait egitea».
Herritarren kezka
Zumarditxikiko proiektua herritarrei aurkeztu zien udal gobernuak, aurkezpen publikoa egin aurretik. 30 herritar inguru elkartu ziren eta era guztietako iritziak jaso ziren. Besteren artean, espazioaren egituraketa berriarekin kezkatuta agertu ziren zenbait herritar: mailakatutako espazioa izatea eta kota ezberdinetan banatuta egotea ez dute begi onez ikusten, adibidez.
Era berean, herriko 34 arkitektok Zumarditxikiari buruzko manifestu bat sinatu dute, kezka adieraziz. Esan dute udalak sustaturiko proiektuak espazioa «desegin, zatitu eta mailakatu» egiten duela; «egoteko eta biltzeko espazio bat izatetik zeharkatzeko espazio bat izatera pasaz». «XXI. mendeko Tolosaren beharrei erantzuteko ez da beharrezkoa egungo Zumarditxikia desagerraraztea. Akats historiko bat ekidin nahi dugu», esan dute.