Urtekaria 2022

Tolosako lehen Euskal Ikastola omendu dute

Ataria 2023ko urtarrilaren 5a

Ehun urte bete dira aurten Tolosako lehen Euskal Ikastola zabaldu zela, eta horregatik, data gogoan hartuta omenaldi ekitaldia antolatu zuen otsaila hasieran Galtzaundi euskara taldeak; Tolosako Udalak eta herriko hezkuntza zentroek hartu zuten parte.

Tolosako Euskal Ikastola omentzeko ekitaldia egin dute aurten Tolosako Udalak eta Galtzaundi euskara taldeak, zabaldu zenetik mende bat bete denean. 1922ko urtarrilaren 9an, Tolosako Euskal Ikastola zabaldu zuten Gorriti plazan, lehenengotarikoa Euskal Herrian umeei euskaraz irakasten. Lehenengo egunean lau ikasle eskasekin hasi bazen ere, hurrengo urteetan kopurua asko hazi zen. 1931n bigarren ikastetxe bat ireki baitzuten Laskoain kalean, guztira 80 ikasle inguru izatera iritsita.

36ko gerra testuinguruan etena izan arren, euskarazko irakaskuntzari eutsi ziotela nabarmendu du Haritz Azurmendik; Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketa burutzen ari den albizturtarrak: «Euskaraz ikastea posible zela demostratu eta praktikan jarri zuten, traba guztien aurrean, askok ezinezkoa zela pentsatzen bazuten ere».

Tolosako hiru hezkuntza zentroetako ordezkariek ere parte hartu dute omenaldian, baita Tolosako Udaleko ordezkariek ere. Galtzaundi euskara taldeak, euskararen alde egiten duten lanagatik, orduko ekinaldiaren oinordeko gisa ikusten ditu ikastetxe guztiak ordezkatuta dauden gaur egungo Hezkuntza Mahaia eta Euskararen Aholku Kontseilua: «Harro egoteko modukoa arrazoiak ditugu Tolosan, nahiz eta aurrera begira ere badiren lortu beharreko zenbait erronka ere; tekla egokia sakatzea da kontua», esan dute.



ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!