Leidorren estreinatu da Kobazuloak eta zaborra dokumental laburra, urte guztiko lanketaren ondoren. Oargi Espeleologia Taldeak mahai ingurua antolatu du dokumental proiekzioarekin batera. Eskualdeko herritar ugari elkartu dira bertara, baita kanpotik etorritakoak ere. Gonbidapenari erantzunez, udal ordezkariak ere ekitaldian izan dira. Besteak beste, Belauntzako, Alkizako eta Bidania-Goiatzeko alkateak eta Tolosako Ingurumen zinegotzia edo oposizio burua. Egon ez zena Pako Etxeberria Aranzadiko kidea izan da, azken orduko hitzordu bat tarteko. Bere lekua Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak hartu du mahai inguruan. Berarekin, oholtzan, Martin Mantxo ekologista, Uxue Lasa espeleologoa eta Eneko Agirre biologoa egon dira.
Oholtza gaineko eta ikusleen arteko hizlariak ados agertu dira egoeraren larritasunaz hitz egiterako garaian, eta errudunak bilatzen ibili baino arazoa konpontzeko beharra azpimarratu dute. Inaki Irazabalbeitiak herri txikien zailtasunak azaleratu ditu, kobazuloak eta leizeak garbitzerako unean. Patxi Amantegik herri handiagoen mugak ere mahai gainean jarri ditu, arazo hau herri batena baino eskualde edo lurralde osoarena dela esanaz.
Iñaki Alonso 'Indio'
Oargi Espeolologia Taldeak eta TOLOSALDEKO ATARIAk egindako dokumentala Iñaki Alonso Indioren oroimenez egina izan da. Berak izan zen eskualdean kobazuloen eta zaborraren gaia publiko egin zuena 2018an. Hari horri tiraka egin da dokumentala. Leidorren elkartutakoek ere gogoan izan dute Amarozko espeleologoa. Bere familia bertan izan da, eta une hunkigarria izan dela esan dute.