Negozioei bideratutako laguntzak eskatzeko epea zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 29a, 17:59

Negozioen arteko belaunaldien elkartrukerako nahiz negozio berriak abian jartzeko dira diru laguntzak; urtarrilaren 29ra bitarteko epea dago eskaera egiteko.

Tolosako Udalak hiri-ekonomia indarberritzeko diru laguntza programaren deialdia zabaldu du merkataritza, zerbitzu, ostalaritza eta turismo sektoreko jarduerei zuzenduta. Bi laguntza lerro jasotzen ditu: lehena negozioen arteko belaunaldien elkartrukerako Berriz Tolosa da, eta bigarrena negozio berriak abian jartzeko Ekin izenekoa.

Lehengoari, Berriz Tolosa programari dagokionez, tokiko saltokietan belaunaldi aldaketa eta negozioen eskualdaketa bermatzeko laguntza programa da, Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa eta Gipuzkoako Merkatarien Bazkundeak kudeatzen duena. Tolosako Udalak programa osatzen du, lehen hiru urteetan alokairuaren eta maileguaren ordainketa diruz lagunduz.

Bigarrena, Ekin programa, berriz, enpresa ekimen bat abiarazten laguntzeko programa da. Diru laguntza lokala birgaitzeko eta alokairu-erosketa gastuetarako izango da. Enpresa ekimena Alde Zaharrean kokatuz gero, emandako diru laguntzak bateragarriak izango dira.

Tolosako Udalak 87.500 euro bideratu ditu laguntza programa honetara, 37.500 euro Berriz Tolosa programara eta 50.000 euro Ekin programara, hurrenez hurren. Udaletik esan dutenez, laguntza programaren helburua da «merkataritza, zerbitzu, ostalaritza eta turismo esparruetako jarduera ekonomikoa, enplegua eta lehiakortasuna mantentzea, tokiko jarduera sustatuz eta indarberrituz, enpresa ekimen berriak abiarazteko eta lokal hutsak dinamizatzeko». Horri lotuta, Alde Zaharrak «trataera berezia» du programaren barruan eta bertan kokatutako jarduera edo enpresa ekimenek, birgaitzeko lanak egiteko laguntza ere jasoko dute.

Bete beharreko baldintzak

Diru laguntza lerro bakoitzak baldintza zehatzak jasotzen ditu eta horiek, zein aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazioa eta eskaera orria ere eskuragarri daude Tolosako Udalaren webgunean (Tolosa.eus), Tramiteak atalean, Diru laguntzen barruan.

Eskaerak urtarrilaren 29ra bitarte aurkeztu ahalko dira, laguntza programa bakoitzari dagokion eskaera orria betez eta dagokion dokumentazioarekin batera. Aurrez aurre egin ahalko da, Udaten; erregistro elektronikoaren bitartez edota posta bulegoetan.

Zalantzak argitzeko, merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 69 75 21 telefono zenbakira deitu ahalko dute interesa dutenek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!