Zaintzaileak zaintzeko programa gauzatu du Tolosako Udalak

Ataria 2022ko abe. 29a, 12:34

Zaintzaileak zainduz programaren helburua zaintza arloan lan egiten duten pertsonek beren burua zaintzeko denbora hartzea izan da, horretarako espazio egoki eta lagunkoia eskainiz. 

Zaintzaileak eta horien ongizate fisiko zein emozionala erdigunean jarri dituen laguntza eta autozainketa programa burutu du Tolosako Udalak. Martxotik abendura bitartean, 2 orduko saioak eskaini dira hamabostean behin, zaintzaileen beharrak, esperientziak eta sentimenduak entzun eta partekatzeko, horien emozioei dagokien lekua emanez, zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzeko eta beraien ongizate fisiko zein emozionala bermatzeko.

Horrela, programa honen bitartez, estres edota antsietate egoerei aurre egiteko teknikak barneratzeko eta beren sentimendu edota bizipenak partekatzeko espazioa eskaini zaie zaintzaileei, elkartasun eta elkargunerako espazioa bat, alegia. Hamabostean behin, 11 lagunez osatutako taldea 2 orduz elkartu da, bakoitzaren kezka, bizipen edota esperientziak partekatzeko, egoera berean dauden pertsonen elkar-ezagutza eta laguntza sustatuz. Horrez gain, zaintzaileei beren burua ezagutzeko eta emozioak behar bezala hautemateko baliabideak eskaini zaizkie norberaren autozainketa hori bultzatu eta bermatzeko. 

«2023an ere, zaintza udalaren lar-ardatza»

Zaintzaileak zainduz programa amaitu den arren, Tolosako Udalak, gaur egun zaintzak duen garrantzia aintzat hartuta eta, zaintzaileen lana balioan jarri eta babesteko, zaintza arloari arreta berezia eskainiko dio 2023an ere, «are gehiago, kontuan izanik, amaitu berri den Tolosako Herritarren Batzarrak ere, ongizatea eta osasun emozionala izan duela hizpide». 

Hori horrela, urtarriletik aurrera zaintza arloarekin loturiko ekimenei jarraipena emateko konpromisoa azaldu du udalak, arlo horretan laguntza eta erraztasunak eskaintzeko eta, bereziki, zaintzaileen bidelagun izateko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!