‘Galtzagorriak’ emanaldia, behar gehien duten familiei laguntzeko

Ataria 2022ko abe. 29a, 07:58

'Galtzagorriak' ikuskizuna eskainiko du Txotxongilo taldeak, gaur, 18:30ean, Topiceko antzokian. Bildutako dirua Tolosako Caritasera bideratuko dute, behar gehien duten familiei emateko.

Gabon Solidarioak ospatzen ari dira Tolosako Topic zentroan. Azken urteetan programa bat osatu izan dute, behar gehien duten familiei laguntzeko, eta aurten ere bi emanaldi antolatu dituzte egun hauetarako. Abenduaren 16an izan zen lehena. Tolosako Musika Eskolako ikasleek eta irakasleek Gabonetako ipuina kontzertua eskaini zuten. Bigarren emanaldia, berriz, gaur bertan izango da: Galtzagorriak ikuskizuna eskainiko du Txotxongilo taldeak, 18:30ean, Topiceko antzokian. Emanaldiak sarrera solidarioak izango ditu.

«Haurrek, ilusioz beterik, gutunak idazten dizkiete Olentzerori eta Errege Magoei, opariak ekar diezazkieten. Baina guztiok dakigu familia batzuek ez dituztela opari horiek jasotzen eta horregatik, duela urte batzuetatik hona, ikuskizunak antolatzen ditugu Topicen», azaldu dute. Jasotako dirua premia duten familiei bideratzen zaie. Aurtengo kasuan, Tolosako Caritasi emango diete, «baliabide ekonomiko urriak dituzten familiei Gabonetako ospakizun duin bat izaten lagunduko diegu».

Euskal Mitologiako pertsonaietan oinarritutako ipuina da Galtzagorriak. Pertsonaia txiki-txikiak dira eta nagusiak agintzen duena egiten dute.  «Hasieran, Peru, nahiko alperra den gizona, pozik zegoen, baina gero…. Gero ez zitzaizkion gauzak uste zuen bezala atera».

Gaurko emanaldira joan nahi duenak sarrerak hartu beharko ditu aurrez. Cittolosa.com helbidean eskuratu daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!