EGOk eta EHGAk bat egingo dute Tolosan, neguko topaketan

Irati Saizar Artola 2022ko abe. 29a, 07:59

Bihar eskainiko dute kontzertua, 20:00etan, Leidorren; besteren artean, Pablo Sorozabalen ‘Gernika’ interpretatuko dute, bere jaiotzaren 125. urteurrenean.

EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak Tolosan hasiko du neguko topaketa. Berezia izango da, EHGA Euskal Herriko Gazte Abesbatzarekin batera eskainiko duelako kontzertua, bihar, 20:00etan, Leidor aretoan. 

Errepertorio «atseginarekin» datoz, German Ormazabal EGOko koordinatzaileak esan duenez. Bi zati izango ditu biharko kontzertuak. Lehen zatian, orkestrak soilik hartuko du parte. Edvard Grieg konpositore norvegiarraren Peer Gynt lan iradokitzaile eta deskribatzailea interpretatuko dute.  

Bigarren zatian, EGOk eta EHGAk egingo dute bat eta hiru obra eskainiko dituzte elkarrekin. Batetik, Sibelius finlandiarraren Finlandia poema sinfonikoa interpretatuko dute. «Ez da ofizialki ereserkia, baina hala jotzen da; bere garaian, Errusiaren aurrean finlandiar abertzaletasuna pizteko sortu zuen Sibeliusek», kontatu du Ormazabalek. 

Bestetik,  Walt Whitman ezagunaren poema batean oinarrituta dagoen Vaughan Williams britaniarraren Toward the unkown region osatuko dute.

Eta azken obra izango da «denetan bereziena eta hunkigarriena»: Pablo Sorozabalen Gernika kantata. «Obra aproposa da, benetan zirraragarria eta euskaldunontzat sinbolismo handia duena». Aurten, gainera, Pablo Sorozabal donostiarraren jaiotzaren 125. urteurrena da, eta aldi berean, Gernikaren bonbardaketaren 85. urteurrenarekin bat egiten du. «Kontuan izanik EGOren helburuak zein diren, programa borobila izan zitekeela pentsatu genuen, EGOren 25. urteurrena ospatzeko ere». 

EGOren kasuan, 68 musikari igoko dira oholtzara eta abesbatzako ia 50 abeslari ere bertan izango dira. Ruben Gimenoizango da kontzertua zuzenduko duena.  «Leidorreko oholtza bete-betea izango da eta espero dugu eserlekuak ere hala izatea, hori da erronka», dio EGOko koordinatzaileak.  

Beste hiru kontzertu

Neguko topaketako lehen kontzertua izango da Tolosakoa, eta beste hiru hitzordu dituzte lotuta datozen egunetarako. Urtarrilaren 2an Donostiako Viktoria Eugenian arituko dira; urtarrilaren 3an, Gasteizko Principal antzokian, eta, 4an, Bilboko Euskalduna jauregian.

Prestakuntza «gogorra» daramatela kontatu du koordinatzaileak. «Egun hauetan egonaldi artistikoa egiten ari gara Musikenen, eta goi mailako irakasleak ari zaizkigu laguntza eskaintzen sekzio bakoitzean». Lan «serio eta profesionala» egiten ari direla dio, «ilusio handia dute gazteek, pasioa jartzen diote  eta gazteriak ematen duen indar hori ikusi daiteke». Gazteak izan arren, lana egiteko modua «profesional mailakoa» dela azpimarratu du: «Maila izugarria ari dira erakusten, harrobi interesgarria daukagu». 

EGO lehen aldiz izango da Tolosan, baina EHGAk badu esperientzia: «Tolosako Abesbatza Lehiaketan parte hartu eta irabazlea ere izan da, eta alde horretatik, osagai guztiak ditugu publikoak eta musikariek gozatu dezaten». 

Horretan saiatuko dira biharko kontzertuan. Berez, iazko zuten aurreikusita kontzertua eskaintzea, baina pandemiak bertan behera uztea ekarri zuen. Bihar, «gogotsu» etorriko dira Tolosara.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!