Tolosako Sarek datozen asteetako ekitaldien berri eman du

Ataria 2022ko abenduaren 29a

Bihar, ostirala, elkarretaratzea egingo dute Trianguloa plazan, 19:30ean. Bilbon urtarrilaren 7an egingo den manifestaziora joateko deia luzatu dute; autobusak antolatu dituzte Tolosatik joateko.

Tolosako Sarek egun hauetan oraindik etxe askotan hutsune nabarmenak daudela adierazi du. «Euskal preso gehienak gertuago dauden arren, bidea ez dela hemen amaitzen esan nahi dugu, helburua etxeratzea baita. Asko dira legeak dion baldintza guztiak beteta ere, baimenik jasotzen ari ez direnak. «Etxeratze prozesua bururaino eraman arte, elkarlana, aktibazioa eta mobilizazioa bultzatuko dugu elkarbizitza eta txeratze prozesuan».

Hori dela eta, bihar, ostirala, elkarretaratzea egingo dute Tolosako Trianguloa plazan, 19:30ean. Ondoren, euskal presoen aldeko topa egingo dute. Bestalde, urtarrilaren 7an, Autonomia kalera betetzera goaz lelopean Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia luzatu dute. Autobusean izen emateko honako leku hauetan dute aukera herritarrek: Xirimiri, Asteasuarra eta Amaiur tabernetan. Autobusa 15:00etan irtengo da Santa Klaratik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!